Fintech: finantza iraultza digitala

Fintech enpresek finantza sektorea irauli dute, pertsonek eta enpresek diruarekin duten harremana birmoldatzen ari diren soluzio berritzaileak eskaintzen baitituzte. Aitzitik, erregulazio eta segurtasun erronkei aurre egin behar diete

Revolut da Fintech kasu ezagunenetako bat | Argazkia: iStock Revolut da Fintech kasu ezagunenetako bat | Argazkia: iStock

Azken urteotan, Fintech terminoak ospea irabazi du teknologiak gure bizitzako ia alderdi guztiak eraldatu dituen heinean. Financial eta technology hitzetatik eratorria, Fintech teknologia digitalen erabileraz ari da. Finantza zerbitzuak modu berritzaile, irisgarri eta eraginkorrean eskaintzeko. Ordainketa mugikorretatik hasi eta inbertsio automatizatuen plataformetaraino, Fintech enpresak bankuen eredu tradizionalei aurre egiten ari dira eta pertsonen eta diruaren arteko harremana birmoldatzen.

Fintech enpresak, gehienetan start-upak izaten dira. Teknologia eta finantzak konbinatzen dituzten zerbitzu berritzaileak eskaintzea da horien ardatza. Konpainia hauek finantza sektoreko arazo tradizionalak konpondu nahi dituzte, arazo horiek transakzioen kostu handiak, banku zerbitzuetarako sarbiderik eza eta prozesuetako gardentasun urria izaten dira maiz.

Fintech enpresek eraldatu egin dute finantza zerbitzuekin elkarrekintzan aritzeko modua, teknologia eta irisgarritasuna uztartzen dituzten soluzio berritzaileak eskainiz. Eraldaketa horren foku nagusietako bat ordainketen eta transferentzien esparrua da. PayPal, Stripe eta Venmo aplikazioek merkataritza elektronikoan eta transakzio pertsonaletan iraultza suposatu dute. Ordainketa digital azkarrak eta seguruak ahalbidetzen dituzte. Maileguen eta kredituaren arloan, LendingClub bezalako plataformek ohiko banku kanalen beharra ezabatu dute, prozesu arin eta gardenen bidez partikularren edo erakundeen arteko maileguak erraztuz, horrela, krediturako sarbidea demokratizatuz. Inbertsioak eta ondareen kudeaketa ere eraldatu egin dute Robinhood eta eToro bezalako tresnek. Finantza merkatuetarako sarbidea ikaragarri erraztu dute, erabiltzaileei akzioetan, kriptodiruan eta bestelako tresnetan inbertitzeko aukera emanez, kostu edo konplexutasun mugarik gabe.

Eraldaketa horren foku nagusietako bat ordainketen eta transferentzien esparrua da. PayPal, Stripe eta Venmo aplikazioek merkataritza elektronikoan eta transakzio pertsonaletan iraultza suposatu dute

Revolut eta N26 bezalako enpresak buru dituen banka digitalak finantza zerbitzuen kontzeptua birdefinitu du, kontu guztiz digitalak eskainiz eta sukurtsal fisikoen beharra ezabatuz. Finantza zerbitzuak honela erabilita erabiltzaileei aukera ematen die euren finantzak edozein lekutatik eroso kudeatzeko. Aseguruen sektorea ere ez da atzean geratu. Insurtech bezalako berrikuntzak erabili ditzakegu adibide moduan. Beste adibide bezala Lemonade Insurance hartu dezakegu, polizak minututan kontratatzea errazten duen eta konpentsazioak prozesu guztiz automatizatuen bidez jasotzea arintzen duen konpainia, erabiltzailearen esperientzia nabarmen hobetuz.

Azkenik, kriptotxanponen eta blockchain teknologiaren gorakada mugarri izaten ari da finantza industrian. Coinbase bezalako plataformek Bitcoin eta Ethereum bezalako moneta digitalak eskuragarri jarri dituzte publiko zabalarentzat. Blockchainari dagokionez, segurtasuna, gardentasuna eta kontratu adimendunak bezalako arloetan duen potentziala erakusten jarraitzen du, nahiz eta oraindik ez den gehiegi finkatu gurean. Fintech enpresak jokoaren arauak birdefinitzen ari dira finantza sektorean, inklusioa, azkartasuna eta efizientzia sustatuz. Etengabeko aurrerapen horrek kontsumitzaileei mesede egiteaz gain, dirua eta finantza zerbitzuak ulertzeko moduan eraldaketa globala bultzatzen du.

Zergatik dira garrantzitsuak Fintechak?

Fintech enpresak ekonomia globala eraldatzen ari dira, eta finantza-zerbitzu tradizionalen arazo historikoak konpondu dituzte. Arazo hauen artean finantzen irisgarritasuna dago, milioika pertsonak bankuetarako sarbiderik ez duten eskualdeetan (unbanked), Fintech-ek telefono mugikorren eta Internet bidezko irtenbideak eskaintzen dituzte. Kenyako M-Pesak, adibidez, milaka laguni landa eremuetan dirua bidali eta jasotzeko aukera eman die. Beti egon dira kostu handiak finantza eragiketei lotuta, Fintech-ek kostuen murrizketa dakarte, honetarako bitartekariak kenduz. Fintech enpresek tarifa baxuagoak eskain ditzakete nazioarteko transferentzietan, maileguetan eta inbertsioetan.

Kenyako M-Pesak, adibidez, milaka laguni landa eremuetan dirua bidali eta jasotzeko aukera eman die

Merkatu berri bat irekitzen ari da, berrikuntza sustatuz finantza produktu eta zerbitzuetan. Enpresa hauek adimen artifiziala (AA) eta blockchain bezalako teknologiak erabiltzen dituzte finantza produktuak pertsonalizatzeko eta segurtasuna hobetzeko.

Enpresa horiek banku tradizionalei desafio egitean, betiko finantza enpresen modernizatzea bultzatzen dute eta eraginkorrago izatera behartzen dituzte.

Fintech-en gaur egungo kasuak

1. Revolut: Mugarik gabeko banku globala

Revolut Erresuma Batuko Fintech bat da, banku kontu digitalak, komisiorik gabeko nazioarteko transferentziak eta inbertsio tresna eskuragarriak eskaintzen dituena. Aldatu egin da erabiltzaileek dirua erabiltzeko duten modua, batez ere nazioarteko transakzioak gero eta ohikoagoak diren mundu honetan.

2. Robinhood: Inbertsioaren demokratizazioa

Robinhood trading plataforma bat da, burtsako operazioengatik kobratzen ziren komisioak kendu zituen, edonori akzioetan, kriptotxanponetan eta ETFetan diru kopuru txikiak inbertitzeko aukera emanez. Eredu hori iraultzailea izan da inbertitzaile txikientzat, baina eztabaidak ere sortu ditu, adikzio arazoak azaleratuz.

3. Stripe: Online ordainketen iraultza

Stripe AEBetako enpresa bat da, ordainketa digitalak merkataritza elektronikoko plataformetan integratzea errazten du. Bere teknologiari esker, enpresa txiki eta handiek online ordainketak onartu ditzakete modu erraz eta seguruan, merkataritza globala eraldatuz.

Fintech sektoreak oinarritzat du teknologia eta honen eguneratzeak aukera berriak irekitzea dakarkio. Teknologia horrek gaur egun lau enbor ditu, lehenengoa Big Data delakoa da, gaur egun datu kopuru handiak aztertu daitezke, pertsona bakoitzari produktu finantzario pertsonalizatuak eskaini daitezkeelarik. Teknologian oinarritzen den orok segurtasuna kontuan edukitzea bultzatzen du sektore honek. Blockchain teknologiaren erabilera sustatuz, modelo deszentralizatu bat izanik, bitartekariak kentzen dira segurtasuna handituz. Gure bizitzak eraldatzeko etorri den Adimen Artifiziala ere oinarri da sektorean, arriskuak aztertzeko erabiltzen baitute enpresa askok. Azken ardatza, Cloud Computing-a dugu, azpiegitura eskalagarria eta irisgarria, kostu finko handirik gabe Fintech enpresek globalki lan egiteko aukera ematen duena.

Denak polita dirudi sektore berritzaile honetan baina badira oraindik kontutan eduki beharreko erronkak.

Erronka handienetako bat legedian dago. Fintech-en bilakaera azkarrak gainditu egin ditu lehendik zeuden arau esparruak, eta ziurgabetasuna sortu du enpresentzat eta kontsumitzaileentzat. Arau argirik ez izateak iruzurrezko jardunbideen arriskua edo finantza ezegonkortasuna areagotu dezake, batez ere arautu gabeko merkatuetan. Estatu Batuetan zein Europar Batasunean, legegileak lanean ari dira berrikuntza sustatuko duten araudi espezifikoak garatzeko, segurtasun ekonomikoa arriskuan jarri gabe.

Zibersegurtasuna beste puntu kritiko bat da. Transakzio digitalen hazkundearen eta teknologiarekiko mendekotasunaren ondorioz, Fintech-ak lehentasunezko helburu dira zibererasoetarako. Datuen filtrazioek eta pribatutasunaren aurkako etengabeko mehatxuek galera ekonomiko esanguratsuak sortzeaz gain, kontsumitzailearen konfiantza higatu dezake, sektorearen arrakastarako funtsezko zutabea baita.

Datuen filtrazioek eta pribatutasunaren aurkako etengabeko mehatxuek galera ekonomiko esanguratsuak sortzeaz gain, kontsumitzailearen konfiantza higatu dezake

Benetako finantza inklusioaren ametsak ere oztopo garrantzitsuak ditu. Fintech-ek irisgarritasun handiagoa agintzen duten arren, pertsona guztiek ez dute beharrezko konektagarritasun edo alfabetizazio digitala beren zerbitzuez baliatzeko. Hori bereziki garrantzitsua da landa eremuetan edo komunitate kaltegarrietan, non teknologiak oraindik ez dituen itxi dauden arrakala ekonomikoak.

Azkenik, banku tradizionalekiko lehiak Fintech-en benetako eragin eraldatzaileari buruzko galdera planteatzen du. Enpresa horietako asko, arrakasta izan ostean, finantza erakunde handiek erosi dituzte, horrek zalantzak sortzen ditu finantza sistema berri bat sortzen ari ote diren edo besterik gabe, egitura tradizionalak modernizatzen ari ote diren. Dinamika horrek ere mugatu dezake sektoreko lehia, jokalari historikoen boterea sendotuz eta aktore berrien sarrera zailduz.

Fintech enpresak iraultza dira finantza sektorean, pertsonek eta enpresek diruarekin duten harremana birmoldatzen ari diren soluzio berritzaileak eskaintzen baitituzte. Erregulazio eta segurtasun erronkei aurre egin behar badiete ere, ukaezina da ekonomia globalean duten eragina. Ekonomialarientzat eta sektoreko ikasleentzat, gero eta digitalizatuago dagoen mundu honetan, Fintech delakoak ulertzea ez da behar akademiko bat soilik, baizik eta finantzen etorkizunari aurre egiteko funtsezko tresna bat.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK