Ibon Urgoiti:"EAE eta Nafarroako ekonomia gehiago hazi da iazko abenduan aurreikusten genuena baino"

Ibon Urgoiti Laboral Kutxako Negozio Garapenerako zuzendaria | Argazkia: Utzitakoa Ibon Urgoiti Laboral Kutxako Negozio Garapenerako zuzendaria | Argazkia: Utzitakoa

2024a ekonomia ikuspegitik oro har urte ona izan dela uste du Ibon Urgoiti Urioste Laboral Kutxako Negozio Garapenerako zuzendariak, baina zuhurtziaz begiratzen dio 2025ari, batez ere egoera geopolitikoaren tirabirak tarteko. Titularra moldatu ahalko balu zer eskatuko zukeen? Aberastasunaren banaketa ahalik eta bidezkoena.

Zein da 2024ko albiste finantzario garrantzitsuena? Zergatik?

Baikorrak izan gaitezen. Nire ustez, orokorrean, ekonomiaren aldetik 2024 urte ona izan da. EAEko eta Nafarroako ekonomia askoz gehiago hazi da iazko abenduan aurreikusten genuena baino. Beraz, albistea litzateke urtea ondo joan dela. Eta pixka bat gehiago sakonduz, batetik enpleguaren sendotasuna azpimarratuko nuke; 2024an lan-merkatuaren egoera bikaina izan baita. Eta, bestetik, bigarren albiste garrantzitsua, inflazioaren moteldura nabarmenduko nuke eta horrek ahalbidetu duen interes tasen jaitsierako zikloaren hasiera. Bi albiste horiek garrantzitsuak dira oso, familia eta enpresa askori eragiten diete-eta.

2025era begira titular edo albiste hori moldatu ahalko bazenu, zein nahiko zenuke titularra edo albistea izatea?

Nire izaera kooperatiboa azalarazten zait erantzun honetan. Aberastasuna sortzea bezain garrantzitsua da justiziaren ikuspegitik banatzea. Beraz, 2025ari begira, gure inguruko ekonomia indartsu ari dela garatzen ikustea espero dut, eta, aldi berean, sortzen den aberastasun hori ahalik eta modu bidezkoenean banatzen dela, hau da, oparotasunak guztion atea jotzen duela.

"Orain baino interes-tasa baxuagoko testuinguru batek familia eta enpresentzako finantzaketa-merkatua dinamizatzen lagunduko du, baina, era berean, interesa-tasa neutralak edo normalak diren heinean, aurrezkien aldean dinamismoa mantenduko luke. Oreka hori ona litzateke"

Nola ikusten duzu 2025 finantza ikuspegitik?

Zuhurtziaz. Enpleguaren indarra eta inflazioaren eta interes-tasen moderazioa nabarmendu behar badira ere, ziurgabetasun geopolitikoaren fokuak konpondu gabe daude. Zoritxarrez, oraindik irauten dute Ukrainako eta Ekialde Hurbileko gatazka belikoek, bizitza-kostuaren igoeraz gain, ezegonkortasuna eragiten baitute nazioarteko merkataritzan eta energiaren prezioetan. Eta horri guztiari Donald Trump AEBko presidentetzara iritsi izana gehitu behar zaio, bere agenda disruptiboak oraindik ezbaitakigu nolako eragina izango duen. Argiak eta itzalak, beraz.

Laboral Kutxak "posizio sendoa" mantentzen diola zenioten 2023ko emaitzen oharrean. Interes tasak %1,75 eta %2 bitartekoak izango direla aurreikusten dute adituek 2025 amaierarako, bestelako ezustekorik ez badago, behintzat. Zein puntura arte izan daiteke agertoki hori posizio sendoari eusteko agertoki egokia?

Gure bilakaera, neurri handi batean, ekonomiaren egoera orokorraren mende dago. Gure ustez, une bikainean gaude. Orain baino interes-tasa baxuagoko testuinguru batek familia eta enpresentzako finantzaketa-merkatua dinamizatzen lagunduko du, baina, era berean, interesa-tasa neutralak edo normalak diren heinean, aurrezkien aldean dinamismoa mantenduko luke. Oreka hori ona litzateke.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK