Bolumena irabazten dihardu Kutxabankek, joan den maiatzean 20.003 milioi euroko aktiboak kudeatzera iritsi ondoren, eta estatu mailan laugarren taldea da egun inbertsio funtsetan ondareari dagokionez, guztira 24.432 milioi eurorekin.
2023 honetan 1.842 milioi harpidetza garbi lortu ditu bankuak, bi arrazoi nagusigatik batik bat: mugaegunera arteko errenta finkoko jaulkipenei esker eta jasangarritasuna helburu duten bi funts berri merkaturatzearen ondorioz. Bi hauek, Kutxabank RF Helburu jasangarria eta Kutxabank RV Helburu Jasangarria izenekoak, ingurumenean nahiz gizarte arloan eragin zehatz eta neurgarria sortzea dute xede Garapen Iraunkorreko 17 Helburuetako (GEH) batean edo gehiagotan.
Iazko urtea zaila izan zen merkatuentzat. Izan ere, akzioak jaitsi eta errenta finkoak beherakada nabarmena izan zuen, errentagarritasunean zuzen zuzenean eraginez. Erakundeak ordea, kolpea arindu eta galdutakoaren zati bat berreskuratzeko gai izan dela adierazi du. Halaber, interes-tasekiko nahiz Europako burtsarekiko esposizioa areagotzearekin batera finantza-erakundeko bezeroek errentagarritasun handiagoa erdietsi dutela ere nabarmendu nahi izan du.
Bestalde, hilaren hasieran, inbertsio eta pentsio funtsen kudeatzaileen patronalak zuzendaritza berritu du, eta Joseba Orueta Kutxabank Gestioneko kontseilari delegatua Inbertsio Kolektiboko Erakudeen Elkarteko presidente izendatu berri dute.