Industria inbertsioan beherakada, baina ikus-entzunezkoetan gorakada sumatu ditu Elkargik

1.400 enpresa lagundu ditu aurten elkarrekiko berme sozietateak, eta 415,8ko finantza-jarduera izan du. 2025-2027 plan estrategikoarekin beste pauso bat eman nahi du "hub finantzario" gisa

Lander Arteche Eguía presidentea eta Zenon Vazquez zuzendari nagusia, prentsaurrekoan | Argazkia: Elkargi Lander Arteche Eguía presidentea eta Zenon Vazquez zuzendari nagusia, prentsaurrekoan | Argazkia: Elkargi

Elkargiren emaitzak aurkeztu zituzten atzo goizean Lander Arteche Eguía presidenteak eta Zenón Vazquez zuzendari nagusiak. Eta horretan ere sumatu da egungo testuinguru ekonomikoan industriak bizi duen kezka. Azken urteetan bestelako sektoreetara ere zabaldu da Elkargi, baina tradizioz enpresa txiki eta ertain industrialen bidelagun gisa pisua izan du. Industrian formalizatutako inbertsioak 112 milioi euroan kokatu dira 2024an. Formalizazio horiek 179 milioi eurokoak izan ziren 2023an. Alegia, operazio guztien %42 izatetik, %27 izatera igaro dira urtebetean. 2019an %30 ziren. Ordutik, beraz, %3ko beherakada da.

Vazquezek zalantzak agertu ditu inbertsioa atzeratzen ari ote den edo eten egin den galdetzerakoan. "Urte hasiera ikusita, 2025eko urtarrilekoa, pentsa daiteke atzeratzen ari direla", argitu du. Tradizioz, interes tasak altu izan ohi diren garaietan ohikoa izaten da inbertsioa atzeratzea, horiek txikitu zain. "Irakurketa hori egitea egun zailagoa da, beste aktore batzuk ere sartzen direlako jokoan", gaineratu du Artechek. Geopolitikaren ezegonkortasunaz ari da. "Hala ere, zein puntura arte ez da inbertsioa atzeratzea aldi baterako etetea?", esan du. 

Industrian formalizatutako inbertsioak 112 milioi euroan kokatu dira 2024an. Formalizazio horiek 179 milioi eurokoak izan ziren 2023an. Alegia, operazio guztien %42 izatetik, %27 izatera igaro dira urtebetean

Bilakaeran, baina, industriako sektore guztiak ez daude berdin. Automozioan dagoen beherakada azken urteetako kontua dela nabarmendu du Vazquezek. Aldiz, aeronautika "gehiago hazi ezinik" dabilela plazaratu du, eta garraioa eta mugikortasuna, energia, bioteknologia eta biosanitarioak ere positibioan daudela. Eta kasua dena delakoa dela, biek ala biek defendatu dute "egitura ekonomiko-finantzario baten beharra" gako dela.

Hain zuzen ere, egitura finantzario horren indartzean dihardu Elkargik. 2024an 78.000 lanpostu inguru sortzen dituzten 1.400 enpresa berri lagundu ditu. Horietatik 1.158 Hego Euskal Herrikoak dira, eta 7.500 milioi euro fakturatzen dituzte denen artean eta 55.000 enplegu sortu. Izan ere, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa artean du bere jardun nagusia Elkargik. Denera, baina, 11.300 enpresari eskaintzen ari da finantzaketa elkarrekiko berme sozietatea, 38.500 milioi euro fakturatu eta 250.000 lanpostu sortzen dituztenak, arrisku bizia 1.600 milioitik gertukoa izanik.

Bizkaian izan du hazkunde nagusia %23 hazi baita 140 milioi euroraino, baina Gipuzkoan mantentzen du bolumen handiena oraindik ere, 150 milioi eurokoa

Finantza-jarduerara joanda, 415,8 milioi euroan itxi du 2024, aurreko ekitalditik %1,6 jaitsita. Bizkaian izan du hazkunde nagusia %23 hazi baita 140 milioi euroraino, baina Gipuzkoan mantentzen du bolumen handiena oraindik ere, 150 milioi eurokoa. Araban 66 milioi eurokoa izan da. Guztizko horretatik, 186,6 milioi euro baliabide propiokoak izan dira, eta loturikoak 8,4 milioi euroraino iritsi dira. Zirkulantean, berriz, 125 milioi euro mugitu dituzte, batez ere finantzazio osagarriari eta alternatiboari esker.

"Hazkundea bai, baina buruarekin". Horixe defendatu du, halaber, Vázquezek, eta bi datu eman ditu horren erakusgarri: batetik, berankortasun ratioa, 1,87koa izan dena; eta bestea kaudimen ratioa, %16,6raino igo duena. Azken horretan Espainiako Bankuak %8aren bueltan egotea du betebehar.

Zerbitzuetan eta ikus-entzunezkoetan gorakada

Industriak izan duen beherakada ikusita, baina Elkargiren emaitzak hobeak direla esanda, zerk ahalbidetu du hori? Zerbitzuen sektorearen hazkundeak azaltzen du besteak beste 2019an %36 eta %2023an %38 izatetik, %50 izatera igaro baita 2025ean, 200 milioi euroko formalizazioak lehen aldiz gaindituta. Eraikuntza ere %4 hazi da azken urtebetean 51 milioi euroan kokatzeraino. Ostalaritza, berriz, duela urtebete baino hobeto dago, %6ra igo baita, 23 milioi euroan kokatzeraino, baina 2019an baino okerrago, orduan 28 milioi euroan baitzegoen.

Rueda Prensa Elkargi 1
Lander Arteche Eguía presidentea eta Zenon Vazquez zuzendari nagusia, prentsaurrekoan | Argazkia: Elkargi  

Era berean, azken urteetan ikus-entzunezkoen finantzazioan harturiko pisuaz ere hausnartu du Elkargik. Foru Aldundiek —Bizkaikoa bereziki, eta Gipuzkoakoa du atzetik segika— ikus-entzunezko sektorearen egindako apustuak nabarmendu dituzte Artechek eta Vazquez, eta horretan finantzazio ikuspegitik eurak ere eginiko ekarpena.

Urtean 500 milioiko formalizazioak helburu

Emaitzak aurkeztu ez ezik, onartu berri duten 2025-2027 Plan Estrategikoaren ildo nagusiak ere aurkeztu dituzte Vazquezek eta Artechek, Elkargi "indartsuagoa eta kaudimen handiagokoa" izan dadin. Artecheren hitzetan aurreko plan estrategikoan ezarritako helburuei esker, Elkargi "berritua" dago egun, enpresengandik "geroz eta gertuago". Oraingo plana "jarraikortasunekoa da", baina "anbizio handikoa".

250 milioi euroko finantzaziotik 430 milioi eurotik gorako batez bestekoan kokatu da hiru urtean, eta plan estrategiko berriarekin 500 milioira iristeko asmoa du.

Inbertsioan eta finantzazioan aurrerapausoak ematen jarraitu nahi du Elkargik eta dagoeneko abian dituzten formakuntza finantzarioaren eta aholkularitza lerroak bultzatzen jarraitzea

Hiru izango dira planaren zutabe nagusiak. Lehena, inbertsioan eta finantzazioan aurrerapausoak ematen jarraitzea, eta dagoeneko abian dituzten formakuntza finantzarioaren eta aholkularitza lerroak bultzatzen jarraitzea, Elkargi Training Schoolen eta EFK Elkargi Financial Knowledgen bitartez, hurrenez hurren. Bigarrena, kultura finantzarioa sustatzea, "enpresen eraldaketa finatzarioaren lidergoa izanik", eta talentuaren esparruan ere bultzada ematea. Eta hirugarrena, Elkargi marka handitu eta birposizionatzea. 

"Enpresa txiki eta ertainen finantza erakunde gisa aldarrikatu nahi dugu geure burua", plazaratu du Vazquezek, eta 'hub finantzario' izateko euren helburuari eutsi nahi diote. Horretan bazkide-babesleen rola nabarmendu dute enbaxadore gisa egin dezaketen lanean. Eta hezkuntza finantzarioa bultzatzea ere ezinbestekotzat jo dute, baita tamaina eta dibertsifikazioa aintzat hartzea ere. "Merkatuetan oso zentratuta izaten gara, baina parte finantzarioan ez dago ohitura aholkulariak izateko", adierazi du Vazquezek.

45 urte

Plan estrategiko berriaren inplantazioa bat dator entitatearen 45. urteurrenarekin. Mende erdia betetzeko bost urte geratzen zaizkionean, 9.911 bilioi euro kudeatu ditu Elkargik denera, 160.000 operaziotan. Egun 23.100 enpresa bazkide ditu, gehienak enpresa txiki eta ertainak.

Era berean, enpresa topaketaren 35. edizioa izango da aurtengoa, apirilean Donostiako Kursaal Jauregian egingo dena. Next Level vs Game Over izango da leloa, eta Enrico Lettaren hitzak jasoko dira bertan. Jacques Delors institutuko presidentea eta Italiako lehen ministro izandakoa da Europak bideorritzat jo duen bi txostenetako baten egilea.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK