Inoizko irabazi handienak izan zituen iaz Kutxabankek: 535,8 milioi euro

%12,3 handitu ditu diru-sarrerak finantza erakundeak. Banka pribatuko negozioa bikoizteko Wealth Management dibisioa eta Talde enpresaren %63 erosi zuen 2024an

Argazkia: Europa Press Argazkia: Europa Press

Diru-sarreretan 2.000 milioi euroko langa gainditu du bere historian lehen aldiz Kutxabankek. Zehazki, 2.012,1 milioi euroko diru-sarrerak izan ditu, 2023an baino %12,3 gehiago. Gainera, inoizko irabazi handienak izan ditu 2024an, 535,8 milioi euro, aurreko urteko emaitza ia %5 handituz.

Finantza erakundeak azaldu duenez, interes marjinek eragin dute diru-sarreren hazkundea, izan ere, %16,6 handitu ditu, 1.366,4 milioi euroraino. Era berean, bankuaren kontsumorako finantzaketa %19,2 igo da, merkataritzarako kredituagatik (%28ko hazkundea) eta eragiketa digitalengatik. Familiei nahiz norbanakoei etxebizitzak erostera bideratutako kreditua, aldiz, 3.406 milioi eurokoa izan da (2023an %4,7 gehiago).

Bestalde, enpresa sareari emandako laguntzetan, bai finantzaketa korporatiboan (%9ko hazkundea) eta bai enpresentzako finantzaketan (%7) eta higiezinen sustapenean (%8), bilakaera positiboa izan du.

Kutxabankek argitu du diru-sarrera guztien %63 baino gehiago (1.313 milioi euro) “gizartera itzuli” dituela, hala nola, langileen soldatetan, hornitzaileei egindako erosketetan, zerga-ordainketan eta dibidendu sozialean. Bestalde, azpimarratu du sektoreko berankortasun tasa baxuena duela, %1,28koa, hain zuzen ere.

2024ko lorpenen artean, Wealth Management unitatea sortzea, Talde enpresaren %63 eskuratzea eta Kutxabank Investment erakundearen jabetza osoa lortzea nabarmendu du bankuak.

2027rako 1.650 milioi euroko mozkin garbiak

Benetan 2025-2027 izena du Kutxabanken plan estrategiko berriak, eta bertan zehaztu dutenez, 2027rako 1.650 milioi euroko irabaziak eskuratzea aurreikusten du finantza erakundeak. Era berean, negozio bolumena 150.000 milioi euro baino gehiagokoa izango dela neurtu dute bankuko ordezkariek.

Planak 100.000 bezero partikular berri baino gehiago izatea eta enpresa bezeroen %30eko hazkundea aurreikusten ditu. Hala, digitalizazioan 620 milioi euroko inbertsioa egingo du Kutxabankek eta 450 langile berri kontratatzeko asmoa iragarri du.

 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK