Interes tasen beste jaitsiera bat iragarri du EBZk eta tasa neutralera gerturatu da

Diru-politika jada "ez dela hain murriztailea" azaldu du Lagardek. Aurten, eurogunearen ekonomia %0,9 haziko dela aurreikusi dute

Argazkia: EBZ Argazkia: EBZ

Beste behin esperotako gidoia bete du Europako Banku Zentralak. Bosgarren aldiz segidan 25 puntu jaitsi ditu interes tasak, eta %2,5an utzi ditu, azken bi urteotako mailarik baxuenean. Tasa neutralera gerturatzen ari da modu honetara, zeina, adituen arabera, %1,75 eta %2,25ekoa izan ohi den. Esparru horretan, diru politikak ez du ekonomia berotzen ez hozten, adituen arabera.

Inflazioaren aurkako borrokan eraginkor ari da EBZ (%2koa du helburu), eta eurogunearen hazkunde aurreikuspen apalak erreparatuta, diru-politika arinago baten alde egiten ari da azken hilabeteotan.

Hala, EBZk eurogunearen hazkunde aurreikuspenak jaitsi ditu. 2025ean, BPGa %0,9 haztea aurreikusten du eta %1,2, 2026an. Inflazioari dagokionean, EBZk uste du 2025eko batez besteko KPIa %2,3koa izango dela, eta 2026koa %1,9. Era berean, azpiko inflazioa %2,2an kokatu du aurten eta %2an datorren urtean.

Christine Lagarde buru duen erakundeak interes tasa “murriztaileak” ezarri ditu orain arte. Bada gaur adierazi dute diru politika jada ez dela "hain murriztailea", interes tasen jaitsierak maileguen merkatzea eragin baitu, eta kreditu kopurua handitzen ari delako.

Ikusteke dago hurrengo bilerako erabakia zein den, baina ez dago hain garbi tasak berriro ere jaitsiko dituztenik. Adituen arabera, litekeena da urte amaiera arte beste bi jaitsiera izatea, eta horietako lehenengoa ekaineko bileran izatea.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK