Jokabidezko finantzak

Urte hasieran aurtengo urterako aurreikuspenak egitea nahitaezkoa da. Bezeroei datorren 366 egunetan (2024a urte bisurtea da) merkatuetan gertatuko denaren ustea azaltzen ahalegintzen gara

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Modelo konplexuak erabiliz aktibo ezberdinen bilakaeraren arabera hainbat eszenatoki planteatu eta probabilitate bat egokituz nolabaiteko kontrol sentsazioa lortzen dugu.

Merkatuetan inbestitzaileen portaera ez da guztiz arrazoiaren ondorio; egoera ekonomikoen aurrean jokamolde irrazionalek zeresan handia dute. Finantza munduan portaera irrazionalak azaltzeko asmotan jokabidezko finantzen adarra garatu zen. Daniel Kahneman psikologoa eta Richard H. Thaler ekonomialaria (bakoitzak ekonomian nobel sari bana) dira alor honetako ikertzaile ospetsuenak. Portaera irrazionaletan errepikatzen ziren patroi batzuk identifikatu zituzten.

Aingura, eta galerei gorrotoa

Kahnemanek pertsonek duten sistema erreflexibo eta sistema automatikoaren (berehalako erantzunaren arduraduna) artean ematen diren lasterbide batzuk identifikatu zituen, eta euretariko bati ainguratzea (anchoring) izena jarri zion. Edozein erabaki hartu edo erantzun bat emateko orduan aingura batetik abiatzean datza: ezaguna den zenbaki edo emaitza bat ainguratzat hartu, eta egokia den norabidean doitzen da emaitza.

Adibide gisa: zenbat biztanle ditu Bilbo udalerriak? Hainbat aingura erabili daitezke erantzun posible bat bilatzeko. Gasteizko batek jakinik bere herriak 250.000 biztanle dituela eta Bilbok populazio gehiago duela, emaitza bat emango du; Getxoko batek ezaguna duen Bilbo Handiaren populaziotik (ohituraz miloi bateko biztanleria jotzen da) Bilbo udalerria zati bat dela kontutan hartuz beste zenbaki bat emango du. Abiapuntua inportantea da; baieztatua dago zenbat eta abiapuntu handiagoa izan, erantzun posiblea ere handiagoa dela. Marketinean asko erabiltzen den joera da.

Kahnemanek pertsonek duten sistema erreflexibo eta sistema automatikoaren artean ematen diren lasterbide batzuk identifikatu zituen, eta euretariko bati ainguratzea izena jarri zion

Beste joera bat (portaera irrazionalak azaltzeko) galerei gorrotoa da. Labur azaltzeagatik; zerbait galtzeak gauza bat irabazteak zoriontsu egiten gaituen bitartean, gauza bera galtzeak bi aldiz zorigaiztoko egingo gaitu. Jendeak galera bat jasateari dion gorroto bezala definitzen da. Portaera joera horrek gelditasunera eroaten du; egungo ondasunak mantentzearen desiora.

Taldea jarraitzea

Hirugarren portaera joera: taldea jarraitzea. Pertsonen adierazpen eta ekintzek errez eragiten dute beste pertsonen ekintzetan. Eragin horrek inguruan inportantzia du bi arrazoiengatik: lehena; jende gehienak besteengandik ikasten duelako eta ikasketa horiek gizabanakoaren garapena dakarte, eta gaizkiulertuak eta akats handienak besteengandik datoz.

Taldea jarraitzearen joera horren inportantziaz jabetuta, askotariko asmoak (onerako edo txarrerako) egikaritzeko bultzadarik eraginkorrena gizarte eraginaren tresna da. Taldea jarraitzeak inguruan duen inportantzia azaltzeko bigarren arrazoia gaizki ikusiak izatearen presioaren eraginean datza; norberari buruz besteek pentsatzen dutenari garrantzia emanez gehiengoarekin bat egin eta euren gaitzespena ekidin.

Inbestitze erabakietan eragiten dute auzokoek edo lagunek non inbestitzen duten; besteek egiten dutena jarraitzea batzuetan zentzuzkoa da, baina talde joeran aritzeak arrisku larria bihurtu dezake

Inbestitze erabakietan eragiten dute auzokoek edo lagunek non inbestitzen duten; besteek egiten dutena jarraitzea batzuetan zentzuzkoa da, baina talde joeran aritzeak arrisku larria bihurtu dezake. Gizarte eraginek merkatu osoan ondorio latzak izan ditzake. Robert J. Shiller ekonomilariak aholkatzen zuen bezala: auzokoak badiotzu dirurik ez duzula galduko aktibo hau erosiz (bakoitzak erabaki dezala ze aktibo) inbertsio horretatik irtetzeko momentuaren adierazlea da.

Epe finkoko gordailuak eta zor publikoaren eskaera

2023ko inbestimendu portaeretan gailendu ditzakegu: berpiztutako epe finkoko gordailuen eta zor publikoaren eskaera masiboak.

Epe finkoko banku gordailuak urte askotan desagertuta izan ostean 2023an berriz suspertu ziren Europako Banku Zentralak (EBZ) interes tasen igoera 2022an (uztailaren 27a) hasi eta sei hilabetetara. 2023. urtea %2,5ko interes tasarekin hasi eta %4,5koarekin bukatu da. Banketxetako gordailuen (urtebetera eta bestelako baldintzarik gabekoak) eskaintzak 2023ko urtarrilean %1 inguruan ibili ziren batez beste, eta urte amaieran %2,5-%3 tartean erremuneratu dira. espainiar estatu mailako inflazio tasa urtean %3,2koa izan da (azpiko inflazioa %3,8koa).

ebz interes tasak 2023
EBZren interes tasen eboluzioa 2023ab

2023 urte hasieran epe finkoko gordailu batetan dirua sartuz aurrezpen erreala negatiboa izan da. Horrek ez dirudi arrazoizkoa. Jendearen portaera horretan askotariko joerak ikusi daitezke; alde batetik ainguratze efektua: urte hasiera horretan inbestitzaileen buruan gogoratzen ziren gordailuen tasak “zero” zirelako; ez zutela ezer ematen, alegia. %1 eskainiz aurrekoa errez gainditzen zen: ”zerbait ematen dute behintzat”. Epe finkorako gordailuak bermatuta dauden heinean “galerei gorrotoa” jarrera ere antzeman daiteke.

Beste mugimendu masiboa zor publikoaren eskaera izan zen (eta oraindik da…). 2023ko Altxor Publikoaren 12 hilabeterako letren lehen enkantea 2023ko urtarrilaren 10an egin zen, eta batezbesteko interes tasak %2,983ko emaitza eman zuen. 2023ko 12 hilabeterako letren azken enkanteak batezbesteko %3,305 interes tasa eman du. Askotariko zor publikoetan inbestitzen duten funts gehienek %3tik gorako TIRarekin bukatu dute urtea. Bermea antzerakoa da; zor horren atzetik dauden estatuek.

Inbestitutako dirua helburu edo epe finko baterako ez baldin bada ez da oso arrazoizkoa zor publiko “zurrunean” inbestitzea. 2023. urtean behintzat ez da izan

Aktibo izaera berdinean inbestitzen dute eta abantaila bat dute: dinamikoak dira. Interes tasek gora egiten dutenean euren zorroetan zor publiko berria sartuko da aurrekoa amortizatzen doalako eta erosketa berriak interes hobeagoa eskainiko dute. Interes tasak jaitsiko diren susmoa gailentzen bada erositako azken zor emisioek balio handiagoa izango dute.

Inbestitutako dirua helburu edo epe finko baterako ez baldin bada ez da oso arrazoizkoa zor publiko “zurrunean” inbestitzea. 2023. urtean behintzat ez da izan. Hor, besteak beste, “taldea jarraitzea” joera ikusten da. Urtean zehar komunikabideetan azaldu ziren irudi eta iritziek jendearen inbestitze portaeran eragina izan dute. Espainiako Bankuaren egoitzen ateetan pertsona ilara luzeen irudiek gehiengoa oker ezin zitekeela egon eta norberarentzat ere egokiena izan zitekela uste zen. Eta oraindik ere uste hori sortzen dute.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK