Espektatiba kontua zen. 2021eko azaroan kriptodiruak goia jo zuen, eta hiru bilioi euroko balorazio metatua lortu zuten. Teknologia eta inbertsioa uztartzen zituen ekonomia berriaren ikono bilakatu ziren Bitcoion, Terra, Ethereum eta antzekoak.
Kriptoak eguneroko hizkeran gero eta garrantzi handiagoa hartzen hasi ziren. Elkartrukerako plataformen iragarkiak telebistan ikusten hasi ginen eta sare sozialetan aurpegi ezagunek horrelako aktiboetan inbertitzera animatzen gintuzten. Crypto.com plataformak Matt Damon aktore ezaguna protagonista zuen Fortune favors the brave —ausartek zortea alde dute— iragarkia estreinatu zuen 2022ko Super Bowlen, Estatu Batuetako ikuskizunik handienean.
Futbol amerikarraz gain, futbol klasikoa ere kriptoaktiboen erakusleihoa bihurtu zen. Atletico Madrilek izena aldatu zion bere estadioari kriptoen plataforma baten izena emanez, Civitas Metropolitano, eta Andrés Iniesta futbol jokalariak ere aktibo horietan murgilltzeko deia egin zuen sare sozialetan. CNMV Espainiako Balore Merkatuaren Batzordeak, baina, txartel horia atera zion Barçako erreferentea izandako jokalariari. Arautu gabeko produktuak eta arrisku handikoak direla gogorarazi zion begiraleak. Kirolaz haratago, Elon Musk Teslako jabea kriptoaktibista bilakatu zen ibilgailuak bitcoinen bidez ordaintzeko aukera emanez.
Festa ekonomikoaren amaiera
Inbertsio tresna sendoa behar zuena 2022an egonkortzea espero zuten inbertsiogileek. Usteak, ordea, erdi ustel. Aberasteko modu erraz eta azkar gisa irudikatu dute askok kriptodirua. Une egokian erosi eta saltzen jakitea baino ez zen behar. Testuinguru ekonomikoa alde zuten inbertitzaileek. Inflazio baxuari aurre egiteko munduko banku zentral nagusiek likideziaz txertatu zituzten merkatuak, interes-tasa negatiboak eskainiz. Erraz lortzen zuten dirua inbertitzaileek eta errentagarritasun handia agintzen zuten aktiboetan sartu zuten.
2022an, baina, dena aldatu zen. [...] Bitcoinak 2021eko maximoetatik balioaren % 76 galdu zuen 2022an zehar. Kriptoaktiboen balore metatua hiru bilioi dolarretik 800.000 milioitara hondoratu zen
2022an, baina, dena aldatu zen. Inflazioaren gorakadak interes tasen igoera ekarri zuen eta festa bukatu egin zen. Bitcoinak 2021eko maximoetatik balioaren % 76 galdu zuen 2022an zehar. Kriptoaktiboen balore metatua hiru bilioi dolarretik 800.000 milioitara hondoratu zen. Apple enpresaren kapitalizazioaren halako galera izan zen. Hondamendiak soka luzea ekarri zuen eta TerraLuna, Three Arrows Capital, Celsius, Voyager eta FTX bezalako enpresen porrota eragin zuen, besteak beste.
FTXen hondamendia, mugarrri
Azken hori izan zen oihartzun mediatiko handiena izan zuena. Sam Bankman-Fried 30 urteko gazte kaliforniarrak 2019an sortu zuen FTX kriptodirua salerosteko plataforma. Plataformak merkatuen gorabeherei aurre egiteko sendotasuna agertu zuen hasiera batean, eta horri esker garrantzia eta tamaina lortu zuen. 26.500 milioi dolarretako aberastasuna lortu zuen unerik goxoenean munduko dirudunen rankinetan sartuz.
Erraldoiak, ordea, buztinezko oinak zituen. FTX plataformaren bermea (collateral ingelesez) haiek jaulkitako FTT kriptodirua zela agerian uzteak plataformaren kaudimena eta sinesgarritasuna zalantzan jarri zuen. FTXen porrota ez zuen soilik testuinguru ekonomikoak sortzen. Burtsa merkatuek gora egin bitartean, Bankman-Frieden enpresak hondamendirako bidea hartu zuen, kudeaketa txarrak eraginda. Milioi bat hartzekodun utzi zuen kobratu barik, eta zuloa 10.000 milioi dolarretara heldu liteke. Poliziak atxilo eman zion Kaliforniako enpresariari, eta 115 urterako zigorra eskatu dute agintariek.
FTXen porrota ez zuen soilik testuinguru ekonomikoak sortzen. Burtsa merkatuek gora egin bitartean, Bankman-Frieden enpresak hondamendirako bidea hartu zuen, kudeaketa txarrak eraginda
FTXen auziak kriptoaktiboen arrakalak agerian utzi ditu, eta merkatuak arautzeko beharra nabarmendu du. Asko izan dira erregulazio sendoa aldarrikatu dutenak. 2022ko Ekonomiaren Nobel sariaren irabazle eta Erreserba Federaleko buru ohiak, Ben Bernankek, arrisku bikoitza ikusten du: bere ustez erregulazio barik inbertitzaileen mesfidantzari aurre egin beharko diote, eta arautzen badira ekonomia beltzean aritzeko ematen zuten ihesbidea galduko dute. Bi aukerek, hortaz, kriptodirua ahulduko dute.
Europako araudia, onartzear
Merkatuak adi daude 2023an onartu litezken araudien inguruan. AEBn abian da kriptodirua arautuko duen lege markoa. Merkatuak sei hilabetez aztertu ondoren, Etxe Zuriak “aktibo digitalak era arduratsuan garatzeko lehen marko integrala” onartu zuen 2022ko irailean.
Europar Batasunak ere erregulazioaren aldeko hautua egin du, eta otsailean kriptoaktiboak arautuko dituen zuzentaraua onartzea du helburu. MICA Markets in Crypto Assets araudiak Europako Parlamentuaren oniritzia jasota ere, 2024 arte ez da indarrean sartuko. Araudi berriak kriptoaktiboen jaulkipena arautzea du helburu, eta hornitzaileen portaera Europa osoan harmonizatu. MICA araudiak kriptoekin lotutako zerbitzuetan gardentasuna emateko aukera emango du, merkatuan dagoen ziurgabetasunari aurre egiteko.
Europar Batasunak ere erregulazioaren aldeko hautua egin du [...]. Araudi berriak kriptoaktiboen jaulkipena arautzea du helburu, eta hornitzaileen portaera Europa osoan harmonizatu
Europako Banku Zentralak ere hainbat gomendio eman ditu. Alde batetik, kriptodiruaren gaineko zerga eskatu zuen. Fabio Panetta EBZko Euro digitalaren egitasmoaren arduradunak azaldu bezala “estatuek kriptodiruaren jaulkipenaren gaineko zerga ezarri behar dute, eta lortutako mozkinekin aktibo horiek eragindako kalteak konpentsatu beharko lirateke”. Bestetik, jasangarritasunaren ikuspegitik ere “aztarna ekologiko handiena duten jaulkipenak debekatzea” proposatu du. Zerga horretaz gain, MICA araudian aurrerapausoak emateko ere eskatu du.
Espainiar estatuan ere urrats nabariak ematen ari dira kriptodirua kontrolpean izateko. Horrelako aktiboen publizitatea kontrolatzeko eskumena garatu du CNMV Balore Merkatuaren Batzordeak. Ogasunak kriptodiruaren bidez lortutako mozkinak aitortzeko betebehar berria onartu du. Araua, baina, 2024an sartuko da indarrean. Euskal Herriko ogasunek ere horrelako aktiboak kontrolpean izan eta lortutako mozkinak deklaratzeko lege proiektuak onartu dituzte.