Kapitalen merkatuei dagokienez eurengan eragina izan duten testuinguru ekonomikoaren errepasoa egitea tokatzen da. 2020ko pandemiaren ostean, 2021 eta 2022 urteetan nazioarteko inflazioak igoera bortitza izan zuen. Hornidura kateetan izandako arazoak eta lehengaien gaineko prezioak uztartu ziren mundu mailako inflazioa gorantz tiratzeko. 2021an hasita banku zentralek politika murriztaileak martxan jarri zituzten, eta 2023aren azken txanpan interes tasen igoerak bukatu zituzten.
2024ak moneta politiken malgutzea ekarri du. Banku zentral gehienek tasak jaitsi dituzte. Mundu garatuko ekonomien banku zentralen %80ek euren moneta politika malgutu dute 2024an. Salbuespen inportanteenak Japon (2016tik ezarrita zituen interes negatiboetatik irten da), Norvegia eta Australia izan dira. Hala eta guztiz ere, interes tasak aurreko urtekoak baino baxuagoak izanda ere, ekonomia garatuetan pandemia aurreko hamarkadan ohikoak izan ziren interesekin alderatuz, egungo interesak altu mantentzen dira. Mundu mailan salbuespena Txina da; pandemia aurreko hamarkadan ohikoa zenaren azpitik daude. Suspertzen ari diren ekonomien banku zentralek (Brasil, esaterako) garatuenen aurretik erantzun zioten inflazioaren erronkari eta, ostera, aurretik interes tasen jaitsierari ekin. Momentu honetan Brasilek berriz interes tasak igo ditu.
Inflazioa
Prezioak orokorrean, munduan zehar, egonkortzen ari dira. Galdera da: zergatik inflazioa pandemia aurreko mailara bueltatu bada, interes tasak altu mantentzen dituzte? Inflazio psikologia ez da oraindik gainditua izan eta banku zentralek inflazioa kontrolpean dagoelaren ziurtasunik ez dute.
Politika
2024. urtean nazioarteko ekonomian eragina izan duen eta etorkizunera begira ziurgabetasuna eragiten duen faktore garrantzitsu bat da politika. Trumpek AEBeko hauteskundeak irabazi eta hurrengo legegintzaldian bere politikek izango duten eragina ikusteke dago; batez ere inportazioei jarriko dizkien muga-zergen eraginez, inflazioa berpiztu dezake. Muga-zergen igoerek eragin negatiboa izando dute bai AEBen, baina baita Kanadan, Txinan, Mexikon, Korean eta Alemanian (euskal industriarentzat funtsezkoa) ere. Eszenatoki horretan, AEBen 2025. urtean erreserba federalak interes tasak jaisten jarraituko dituela aurreikusten da, baina ez uste bezain jaitsiera handia. 125 oinarrizko puntuz hitz egiten da. 2026rako, aldiz, ez da interes tasa jaitsierarik espero. Horrek suposatuko luke etorkizunerako finantza-baldintzak estu mantenduko liratekeela eta mundu mailako banku zentralek euren moneta politikak baldintza horietara egokitu beharko lituzketela, alegia, interes tasa altuak luzeagorako. Adi hipotekatuak.
Zor publikoa
Bestaldetik, larritzeko beste gune batzuk ere aurkitzen dira. Nabarmentzekoak dira bai Frantziak, bai Alemaniak (europar batasuneko muinean daudenak) dituzten erronkak fiskalitateari dagokionez, euren gobernuen porroten lekuko izan baita 2024a. Urte erdialdean Frantziako zor publikoa barne produktu gordinaren (BPG) %112ren gainetik kokatu zen.
Alemaniari dagokionez, zorra %62koa zen garai beretsuan. Aitzitik, 2009 konstituzioan egin zen aldaketaren ondorioz, zorra igortzeari galga jarri zitzaion. Horrek oztopoa suposatzen du Alemaniak hazkunderako beharko lituzken inbertsioentzat Interes tasak jaisten badira, baina ez uste bezain beste, zor publikoaren kostua altu mantenduko da eta mundu mailako hazkundearentzat traba bihurtu. Nazioarteko zor publiko krisi bat sortarazi lezake.
Dolar indartsua
AEBen kontsumo indartsuak eta lan merkatu erresilienteak eragin zuen Erreserba Federalak tasa jaitsiera atzeratzea 2024ko irailera arte, hau da, merkatuek nahi baino beranduagora. Herri horretako bonuen interesak altu zeuden, eta mundu mailan erreserba den moneta, dolarra, indartsu mantendu zen. Horrek ahalbidetu zuen AEBko inflazioak beherantz egitea (inportatzea dolarretan erosiz merkeagoa zen heinean), baina kontrako eragina du AEBko ekonomiatik kanpo. Beste herrialdeen banku zentralak kexu dira dolar indartsuarekin: AEBko zorrak beste herrialdeen zorrarekin alderatuz, interes diferentzial zabala mantenduz gero, eskaera handitu egingo da, eta horrekin batera, baita dolar eskaera ere, azken hori indartsu mantenduta.
Urrea
AEBeko zorraren ziurtasunaren aurrean eta beste alternatiba bezala, inbestitzaileek urrea erosi dute. Ez da arriskua ekiditeko mugimendua izan, baizik eta treasuryen aurrean (AEBeko zorra) beste aukera bat bezala edukitzeko, kartera dibersifikatze aldera.
Dolar indartsuak azaltzen du aurretik aipatutako ondorioa: interes tasak pandemia aurreko mailarekin alderatuz, altu daudela, nahiz eta inflazioa jaitsi.
Bitcoina eta kakaoa
2024. urtea bitcoinarentzat zalantza askorekin hasi zen. FTX kriptodiruen trukerako plataformaren porrotak eta SEC (Security Exchange Comision) erregulatzailearekin operadoreek zituzten desadostasunek bitcoinak 2024. urtea larri xamar hastea eragin zuen. Gerora, ETF merkatuetan sartzeko aukera irabazi zuen; inbertsiogile berriei inbestitzeko aukera eman eta instituzionalizazioan aurrera egin ahala bitcoinaren prezioak igotzeari ekin zion. Trumpen garaipenaren ondorioz izan zuen sekulako igoerarekin ez dago konparatzerik ostera. Trumpek kanpainan agindu zuen bere agintaldian kriptodiruen gaineko erregulazioa arinduko zuela eta Bitcoin erreserba bat sortuko zuela. Bitcoinak urtean zehar %118ko irabazia izan du.
Aldaketa klimatikoaren erronka indarrean izan da 2024. urtean ere. Nekazal produktuetan aldaketa klimatikoak aukera handiak sortu ditu (merkatuen ikuspuntutik) AEBen uda bero eta luze batek garaiko produktuetan, soja esaterako, uzta oparoa eman du; ondorioz sojaren prezioa jaitsi egin da. Aldiz, kakaoaren (txokolatearen osagai nagusiaren) bilakaera guztiz kontrakoa izan da. Munduko produkzioaren gehiena Afrikako mendebaldeko kostaldean dauden Ghana eta Boli Kostan kokatzen da, non tenperatura altuek eta euri ezak oso uzta txarra izatea baldintzatu duten. Egoera larritu egin da laborantza bortizki kaltetzen ari den izurrite baten ondorioz. Gaurko egunera arte kakao tona metroko prezioak urtean zehar %181 gora egin du. Bitcoina baino inbestimendu hobeagoa.
Geopolitika
Etorkizuneko merkatuen bilakaera aurreikusteko asmoz (asmo antzua…) 2024ko mugimendu geopoltikoak aipatu behar dira: gudak batez ere. Errusia eta Ukraniaren arteko gudak jarraitu egiten du ortzi-mugan inolako akordiorik ikusten ez delarik. Israel, Gaza eta Libanoren arteko liskar armatuaren arrisku nagusia Ekialde Hurbil osora balizko zabaltzearena da. Txinak Taiwaneko lurraldearen gain bere aginpidetza eskatzen darrai. Merkatuetan duten eragina, horrela mantenduz, txikia da; arrisku nagusia bizirik dauden liskar horietako edozeinek izan dezaken kontrol gabeko zabalkuntzan legoke.
Nazioarteko Moneta Funtsaren (IMF) aurreikuspenak epe laburrean egonkorra den hazkunde ekonomikoa adierazten du aurretik aipatutako arriskuak balantzatuz. AEBeko ekonomiaren bilakaera positiboaren aurreikuspenak berean darrai eta adimen artifizialak produktibitatearen hazkundean eragin dezaken esperantza indarrean dago. Urte berri on!