Kutxabankek 110,7 milioi euro irabazi ditu lehen hiruhilekoan

%47 hazi dira entitatearen mozkinak. Bankuen gaineko zergengatik 47 milioi euro suposatu dizkio entitateari

Kutxabank | Argazkia: Europa Press Kutxabank | Argazkia: Europa Press

Bankuek euren lehen hiruhilekoko emaitzak aurkezteko denboraldia iritsi dela ikus daiteke orohar. Gaur goizean BBVAk irabaziak %39 handitu dituela iragarri eta gero, eguerdian Kutxabank Taldearen txanda izan da. Ohar bitartez ezagutzera eman dutenez, 110,7 milioi euroko irabaziak izan dituzte, iazko epe berean baino %47,3 gehiago. Bankuen gaineko ondare prestazioagatik 47 milioi euro ordaindu behar izan ditu Kutxabankek, prestazioa ezarri ondorengo lehen emaitzen aurkezpenean bildu duenez.

Taldearen ohiko diru-sarrerek %29,3 egin dute gora, bi arrazoi nagusi direla medio: batetik, interes-marjinen bilakaera positiboa —%70 hazi dira iazko epe beretik, 235 milioi euro—, interes-tasen igoerak eragindakoa; bestetik, aseguruen negoziazioa —36,2 milioiko ekarpenarekin—. Familientzako kredituei erreparatuz gero, entitatean eskatutako kontsumo kredituak %22 hazi dira, eta etxebizitzetarako hipoteken eskariak behera egin badu ere, entitatearen aurreikuspenen gainetik mantendu dela adierazi dute, 836 milioi euro eskaintzeraino.

Inbertsio-funtsei erreparatuz gero, beste behin lortu du harpidetza garbi handienak izan dituen bigarren taldea izatea, merkatuko sarrera guztien % 15 hartuta, 1.472 milioi eurorekin. Kutxabank Gestion merkatuko hirugarren errentagarritasun handiena duen kudeatzaile kokatu da lehen hiruhilekoan ere.

Horiekin batera, entitateak nabarmendu du adierazle nagusiak ere hobetu direla. Berankortasun-tasari dagokionez, %1,4ean kokatu da, eta CET1 fully loaded ratioa oinarrizko 24 puntu hobetu da hiruhilekoan, % 17,4ra arte. Zerga bereziak bankuetan izan duen eragina aintzat hartu gabe, hiruhileko ROTE eguneratua % 8tik gora kokatuko litzateke.

Informazio gehiago
Merkatuak, bankuen emaitzei begira
Joseba Orueta: "Inflazioari aurre egiteko modu bakarra da inbertsio dibertsifikatua izatea"
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK