Kutxabankek urteko lehen bederatzi hilabeteetan 385,2 milioi euroren irabaziak izan dituela jakinarazi du gaur. Kopuru hau iazkoa baino %53,8 handiagoa da, izan ere, interes tasen igoerak nabarmen eragin du bankuen jardueran, eta diru sarrerak nahiz marjinak areagotu ahal izan dituzte sektoreko erakundeek.
Hain zuzen, egoera makroekonomia jo du finantza erakundeak euren hazkundearen arrazoi nagusitzat, “aurrezkia eta maileguen eta inbertsioen eskaria nabarmen jaisten ari diren testuinguruan”. Tasen igoerak, dena den, ez du bankuaren berankortasuna okertu, baina finantzazioa garestitzeak eskatutako kreditu kopuruan eragin negatiboa izaten ari dela nabarmendu dute.
Banku negozioan %44 handitu ditu diru sarrerak Kutxabankek (1.300 milioi eurotik gora), interesen marjinak bultzatuta batik bat. Aseguru negozioaren ekarpenak ere lagundu du, 125 milioiko emaitza izan baitute alor horretan. Halaber, finantza erakundeak azaldu duenez, inbertsio funtsetan merkatu kuota handitzen jarraitzen dute. Denera taldeak 25.000 milioi euro inguru ditu inbertsio funtsetan, eta merkatu kuota %7,43koa da.
Hipotekei dagokionez, kredituen bilakaera uzkurtu bada ere, inbertsioa 47.000 milioi eurotik gora mantendu dute, zituzten aurreikuspenak hobetuz. Hala, enpresentzako finantzazioan %17ko gorakada izan dute, eta urteko lehen bederatzi hilabeteetan 3.518 milioi euroko kontratuak itxi dituzte. Era berean, etxebizitza hipoteketan negozioa hobetu dela azaldu dute, nahiz eta merkatuaren baldintzak etxea erosteko egokienak ez izan. Irailera arte, 2.524 milioi euro bideratu ditu Kutxabankek hipoteka mailegu berrietara.