2008ko irailaren 15ean kapitalismoaren orratzak gelditu zituen Lehman Brohers inbertsio banku estatubatuar erraldoiaren porrotak. Sekula historian ezagutu gabeko gertaera izan zen, Estatu Batuetako laugarren banku handiena hondoratu baitzen, eta sortutako uhinak herrialdeaz harago, atlantikoa zeharkatu eta mundu osoko finantza sistema astindu zuen. Ezustekoa latza izan bazen ere, herrialdeko sistema dilindan zegoenaren zantzuak agerikoak ziren ordurako, hainbat finantza erakundek pott egin baitzuten lehenago; ez, baina, Lehman Brothersen gisako erakunde boteretsu batek.
Bada, duela 15 urteko honelako egun batez, Lehman Brothersek porrota aitortzea besterik ez zuen izan. Bankuko bezero gehienak alde eginda ziren jada, burtsan galera erraldoiak zituen eta aktiboak ere erabat debaluatuta. Henry, Emanuel eta Mayer Lehman anaiek 1850an sortutako etxeak adio esan zion mende eta erdiko ibilbideari. Estatu Batuetako gerra zibila, 1907ko banku krisia edota 1929ko Depresio Handia gainditu zituen, baina 2008 finantza krisitik ez zen bizirik atera.
Joseba Barandiaran Ekonomisten Euskal Elkargoko lehendakariordeak ondo oroitzen du une erabakigarri hura. Finantza erakunde batean likidezia kontrol ardurak zituen orduan, eta “larrialdia ate baten arduraduna izan eta bat-batean sute bat piztea izango balitz bezala” gogoratzen du. “Ezinezko jotzen zen gertaera bat. Izen handiko banku batek porrot egiten badu, edonork porrot egin dezakeen abisu moduko bat”, gehitu du.
Joseba Barandiaran: “Ezinezko jotzen zen gertaera bat. Izen handiko banku batek porrot egiten badu, edonork porrot egin dezakeen abisu moduko bat izan zen”
Porrot egin zuen astelehen hartan, finantza erakundeak 639.000 milioi dolar zituen aktiboetan eta 613.000 milioi dolarreko zorrak. Porrota ekiditeko hainbat bankurekin elkarrizketak izan zituzten enpresa eros zezaten, baina ez zuten lortu. Erakundearen burtsako adierazle guztiak ziztu batean amildu ziren, finantza etxearen balioa bi egunetan erdira jaisteraino. Hala, behin porrot egin ostean, Barclays talde britainiarrak enpresaren jabetza eskuratu zuen 2.000 milioi dolarren truke.
Ondorengo bi urteetan Estatu Batuetan 350 bankuk baino gehiagok egin zuten porrot, eta beste hainbat erreskatatu behar izan ziren, kapital publikoa txertatuz. Atlantikoaren beste aldean ere estatu askotako bankuetara iritsi zen krisia, eta Estatu Batuetakoa ez ezik, mundu osoko sistema finantzarioan ere eragin zuen Lehman anaiek sortutako ontzi erraldoiaren urperatzeak.
Zerk eragin zuen hondoratzea?
Lehman Brothersen erorketa espero gabekoa izan bazen ere, mundua finantza krisi baten atarian zegoela nahiko agerikoa zen orduan. 2007ko apirilean, New Century Financial arrisku altuko hipoteketan aritzen zen enpresak egin zuen porrot. Bear Stearns inbertsio bankuaren porrota eta Fannie Mae nahiz Freddie Mac finantza erakundeen erreskatea etorri zen ondoren. Europan BNP Paribas banku frantziarrak Estatu Batuetan zituen hiru funts bertan behera utzi zituen, eta irailean Northern Rock Ingalaterrako bankuak ere dirurik gabe geratu zela aitortu behar izan zuen.
Urtebetera ailegatu zen Lehmanena: “aurretik zentozen susmo batzuen baieztapena izan zen”, dio Barandiaranek. Aitzitik, kontatu du lehenago porrot egin zutenek Lehman Brothers zenarekin tamaina eta botere aldetik ez zutela inolako zerikusirik.
Alabaina, bankuak berak izan ote ziren finantza krisi horren errudunak? Porrota nondik datorren ulertzeko 1990ko hamarkadaraino egin behar da atzera, orduan hasi baitzen Estatu Batuetan etxebizitzako hipoteken negozioaren gorakada. Hipotekak emateko baldintza oso errazak ezarri zituzten, eta arrisku handiko hipotekak ugaritu ziren. Lehman Brothers, beste finantza erakunde askoren gisan, arrisku altuko merkatuan eragile garrantzitsua bilakatu zen, eta 2008rako 600.000 milioi dolar aktibo bazituen ere, 22,5 mila milioi zituen soilik kapital finkoan. Hortaz, higiezinen balioa ehuneko batzuk jaitsiz gero, kapitalaren zati handi bat galtzeko arrisku nabarmena zuen.
Lehman Brothersek 2008an 600.000 milioi dolar aktibo bazituen ere, 22,5 mila milioi zituen soilik kapital finkoan
Neurri handi batean, krisiaren errua finantza sektoreko erakunde handienek hartutako arrisku neurrigabeen ondorioa izan zen. Danbateko sonatuena Lehman Brothersena izan bazen ere, finantza erakundea ez bazen, lehenago edo beranduago beste batek hartuko zukeen kolpea. Hala iritzi dio Barandiaranek: “nik uste dut sistemak bazeuzkala Lehman asko”. Bankuez gain, gainbegiraleen kontrol lana ere jarri du ezbaian ekonomilariak. Are gehiago, erakunde publiko nahiz gizarteko beste eragile askok ere eragin zuten nolabait krisiaren handitzean: ”erakunde publiko eta udaletxeak zorpetzearen gurpilean sartu ziren, baita familiak eta enpresak ere, gizarte osoa izan zen”, nabarmendu du.
Kontrol zorrotzagoak eta arautegi berriak
Finantza sistemaren leherketak, sistema bera goitik behera berreraikitzea ekarri zuen. Arautegi berriak ezarri ziren, batez ere, kontrolak zorroztu eta finantza bankuei mugak ezartzeko. Estatu Batuetan, Wall Street zorrotz ikuskatzeko Dodd-Frank izeneko legea eratu zuten Barack Obamaren agindupean, baita merkatuan beste hainbat gainbegirale eta erregulatzaile berri txertatu ere. Baradiaranen hitzetan, “erabateko festa eta arrakasta aparra amaitu zela adierazi zuen horrek, eta arautze eta kontrol premia handia zegoela jarri zuen mahai gainean”.
Finantza erakundeen jarduera zorrotzago gainbegiratzeaz gain, 300.000 milioi dolar inguruko zigorrak ordaindu behar izan zituzten Estatu Batuetako finantza erakunde nagusiek. Dena den, eta 15 urte pasa badira ere, Wall Streeten botere handia mantentzen dute egun, krisia aurretiko ehuneko beretsuan eusten baitiote aktibo gehienen kontrolari, eta inbertsio banku gutxiren artean (JP Morgan, Goldman Sachs edo Morgan Stanley dira horietako batzuk) metatzen da sistemaren kontrol kasik guztia.
Joseba Barandiaran: “erabateko festa eta arrakasta aparra amaitu zela adierazi zuen honek, eta arautze eta kontrol premia handia zegoela jarri zuen mahaigainean”
Europan ere, hainbat lege berri sortu ziren. Europako Banku Zentralak asko gogortu zituen bankuen betebeharrak, eta estatuko bankuetan esku-hartzeko gaitasun handia eskuratu zuen. Esaterako, MiFID direktiba egin zen Europako Batasuneko herrialdeen finantza operazioak kontrolatzeko asmoz, eta bankuen erregulazioa sendotzeko, nazioartean Basilea II eta III akordioak eratu ziren.
Banku askok agur esan zuten
“Gurean, esaterako, aurrezki kutxak erakunde bezala ia-ia desagerraraztera eraman zuen”, azaldu du ekonomilariak. "Hamarkadetan aipatzen zen gai bat, euskal kutxen fusioa, presio horren eraginez azkartu eta gertatu zen”. Hala, banku askoren desagertze edo fusioa izan da krisiaren ondorio nabarmenetakoa. Azken 15 urteetan Espainiako banku sektorea 56 erakunde izatetik bederatzi izatera pasa da, oligopolio txiki bat eratuz.
Euskal Herrian, Caja Laboral eta Ipar Kutxaren fusioak Laboral Kutxa sortu zuen. Fundacion Caja Navarra Caixabanken sartu zen, eta Kutxabank osatu zen BBK, Kutxa eta Caja Vital elkartuta.
Dena den, Espainian, beste herrialde askoren gisan, atlantikoaren beste aldeko finantza krisiak eragin txikia izango zuela uste zen. Izan ere, orduko Espainiaren finantza sistema nahiko egonkor zegoen. Zera da Espainiak ere, beste herrialde askok bezala, kolpe latza jaso zuela, eta 2012an erreskatea eskatu behar izan zuen.
Hala, finantza krisiaren astindua kalean ikusterik besterik ez dago, garai batean banku bulegoak ziren eraikin ugari hutsik baitira egun. Banku kopurua izugarri murriztu da azken 15 urteetan. Espainiar estatu osoan, Lehman Brothersen porrotaz geroztik, 115.000 lanpostu eta 28.000 bulego inguru galdu dira.
Kapitalismoa berrantolatzeko promesa
Gizakia omen da harri berdinarekin etengabean behaztopa egiten duena. Urte batzuk igarota, Lehmanen hondoratzearen uhinak baretu diren unean, gertatukoa ahanzturan geratu dela dirudi, nahiz eta beste krisi zantzu batzuk antzeman diren. Donald Trumpek orain bost urte Dodd-Frank legea berrikustea eskatu zuen, eta finantza erakundeei jarritako neurri zorrotzak berriz ere lausotzen hasi zen. Horrek merkatuan arriskua areagotu du berriz, eta azken urteetan Estatu Batuetako hainbat finantza erakunderen porrota ekarri du, Silicon Valley edota Signature Bank tartean.
Donald Trumpek orain bost urte Dodd-Frank legea berrikustea eskatu zuen, eta finantza erakundeei jarritako neurri zorrotzak berriz ere lausotzen hasi zen
Kapitalismoaren joera ziklikoak ere izango du horretan guztian zeresana. Horren harira, krisiaren bete-betean orduko Frantziako presidente zen Nicolas Sarkozyk Washingtonen G20ko bileran esan zituen hotsandiko hitzak ere haizeak eraman ditu erraz, kapitalismoa berrantolatzeko deia egin baitzuen artean.
Hala, tankera bereko finantza krisi bat gerta litekeen edo ez jakitea zaila bada ere, krisi gehiago etorriko direla jakina da. “Tamaina hartako krisia izatea zaila iruditzen zait; beste era batekoa izango da”, dio Ekonomisten Elkargoko lehendakariordeak. "Baina krisiren bat gertatuko dela seguru nago, krisiak gertatzea baita kapitalismoaren ezaugarri nagusienetako bat”, bukatu du.