Lehman Brothersetik SVBra: izua bueltan da finantza merkatuetan

Likidezia soberan izatetik likidezia krisia pairatzera. Silicon Valley Banken aferak agerian uzten du erregulazioaren beharra bankaren alorrean. 2008ko krisiaren ostean, Obamak finantza merkatuak zorrotz arautu zituen. Duela bost urte, ordea, Trumpek legea lausotu zuen, SVB bezalako bankuen eskaerei men eginez

Sillicon Valley Bankeko egoitza | Argazkia: iStock Sillicon Valley Bankeko egoitza | Argazkia: iStock

"Gure banku-sistema sendoa da. Zuen gordailuak seguru daude", esan zuen Bidenek astelehenean. Lasaitasuna helarazi nahi zion hiru eguneko epean bi banketxeren porrota —Silicon Valley Bank, start-upen bankua, eta Signature Bank, kriptodiruaren industrian espezializatua— bizi izan duen finantza-sistemari. Mezua, baina, etxeko lanak eginda eman du: AEBko agintariek bi erakundeak itxi dituzte dagoeneko, eta kontrola hartu dute Gordailuen Aseguruaren Korporazio Federalaren bidez. Are gehiago, iragarri dute gordailu guztiak bermatuko dituztela eta, gainera, mailegu-mekanismo berri bat sortuko dutela bankuentzat, betiere bezeroen dirua kentzeko eskaeretan hazkundea atzematen badute. Ozeanoaren beste aldean finantza arduradun nagusiek lasaitasunerako krisia egin dute, Europako banku sistema sendoa dela esanez. Astelehenean burtsa-merkatuak gorriz jantzi baziren, atzo berdea nagusi izan zen. Frantziako CAC indizeak % 1,86 egin zuen gora, IBEX-35ek % 2,23, 9.000 puntuko muga berreskuratuz eta Euro Stoxx 50k % 2,02ko gorakada izan zuen.

Silicon Valley Bank eta Signature Bankena AEBetako bankuen porrot handiena da 2008ko krisitik. Lehman Brothersen kaudimen gabeziarekin hasi zen hura. Bi bankuen porrotak iraganeko mamua berpiztu du, egungo egoera 2008ko finantza-krisiarekin eta higiezinen burbuilaren eztandarekin alderatuz. Garai hartan porrot egin zuten lehen bankuak etxebizitzari lotuenak izan ziren, subprime hipotekak negozioaren muinean zituzten bankuak.

Oraingoan, start-up eta high-techetan espezializatutakoak bankuak izan dira kaltetunenak, 1990eko hamarkadako burbuila-teknologikoaren mamua berriro azaleratuz. Izan ere, Silicon Valley Banken hondoratzearen arrazoi nagusia gordailu eta likideziaren kudeaketa txarra izan den arren, ezin da bereizi teknologikoek bizi zuten gainbeheratik, langile kopuruaren murrizketekin eta gehiegizko inbertsioekin loturikoa. Atzo bertan Mark Zuckerbergen Meta etxeak, Facebook, Instagram eta Whatsapen jabeak, 10.000 langile kaleratuko zituela iragarri zuen.

Zer gertatu da Silicon Valley Banken?

AEB eta Europako ekonomiak interes-tasa baxuen, are negatiboen, ezohiko testu-ingurura ohitu ziren urte luzez. Dirua merke eta erraz lortzen zuten inbertsio-funtsek, eta inbertitzeko orduan epe luzerako irizpideak hartzen zituzten aintzat zenbait kasutan. Arrisku-kapitalerako industriaren tresnak, Venture Capital funtsak proiektu ekintzaileetan inbertitzeko tresna nagusi ziren eta start-upek, batez ere, SVB bankuan gordetzen zuten finantziazio errondetan lortutako dirua. Hala, AEBn 2022an Venture Capitalaren industriak inbertitutako zenbatekoaren % 40 inguru Silicon Valley Banken gordeta zegoela estimatzen da, 100.000 milioi dolar inguru. 

30 urteko ibilbidearekin, Estatu Batuetako bankuak gehiegizko likidezia metatu zuen azken urteetan, arrisku-kapitaleko funtsen eta suspertzen ari diren enpresetako beste inbertitzaile batzuen ondorioz. Pasibo hori murrizteko eta etekina handitzeko, Estatuko bonuak eta hipoteka-bonuak erostea erabaki zuen. Azken horiek itzulera seguruak dituzte, baina berantiarrak. Izan ere, erositako bono gehienek AEBko gobernuaren bermea zuten, errenta-publikoa zelako.

30 urteko ibilbidearekin, Estatu Batuetako bankuak gehiegizko likidezia metatu zuen azken urteetan, arrisku-kapitaleko funtsen eta suspertzen ari diren enpresetako beste inbertitzaile batzuen ondorioz

Aktibo kaudimentsuak erosi zituzten, hortaz, baina mugaegun luzekoak, eta interes-tasak igotzen direnean balioa galtzen dute. Hori da errenta-finkoaren ezaugarri nagusia, aktiboak mugaegunera arte mantenduta inbertsio ziurra da. Lehenago, ordea, aktiboen balorazioa interes-tasen bilakaeraren menpe dago. Eta tipoak igo egin dira, asko gainera. AEBetako Erreserba Federalak izugarri igo ditu, batez ere 2022an, % 4,5eraino. Europan % 3an daude. Interes-tasek gora egin ahala, hortaz, errenta finkoko aktiboaren merkatuko balioak behera egiten du. Galera kontablea baino ez da, baina zuhurtasun-printzipioak bankuak galera horiek kontabilizatu behar ditu. 

Interes-tasen igoerak, bestalde, arrisku-kapitaleko enpresen finantzaketa okertu egin du, eta enpresa teknologikoek bankuan zuten gordailuen likidezia erabili behar izan dute. SVBk bezeroen eskaria asetzeko aktiboak saldu zituen. Kontablea baino ez zen galera, hortaz, erreala gauzatu zen, eta erakunde batzuk larritu egin ziren eta bezeroei beren gordailuak bankutik erretiratzea gomendatzen hasi ziren. Baina eskandalua martxoaren 9an lehertu zen guztiz: bankuak kapital gehikuntza iragarri zuen aktiboen salmenta txar horrek eragindako galerei aurre egiteko, eta, horren ondorioz, bere akzioak burtsan hondoratu egin ziren, % 60, zehazki. Horrek, erakundearen inbertitzaileen ihesa eragin zuen, bankuan likidezia-krisia eraginez. 

Erregulazioren malgutzea Trumpen garaian

Oso hazkunde handia eta azkarra izan du banku estatubatuarrak azken urteetan. Hala, 2017 eta 2021 bitartean gordailuak laukoiztu egin zituen, 189.000 milioi dolar izatera helduz. Finantza-erakundeak emandako maileguak, aldiz, 23.000 milioitik 66.000 milioitara baino ez ziren handitu. Bankuak bazuen, hortaz, likidezia soberakina eta ez zuen egoki kudeatu.

Lehman Brothersen porrotak eragin zuen mundu-mailako finantza-krisiaren ondorioz Obamaren administrazioak Dodd-Frank legea onartu zuen 2010eko uztailean. Legeak AEBen finantza egonkortasuna bermatzea zuen helburu, eta horretarako erregulazio agentzia federal guztiei eta finantza zerbitzuen industriaren kide guztiei eragiten zien neurri sorta zorrotza ezarri zuen. Obamaren agintaldiaren legerik garrantzitsuena izan zen, finantza sistemaren gaineko konfiantza berreskuratzen lagundu zuena. Legeak, aldiz, ez zuen asko iraun.

Donald Trumpek 2018an hazkunde ekonomikoaren legea abian jarri zuen, bankuen desregulazioa ekarriko zuena. Legea sinatzean Trumpek adierazi zuen "neurri bakarrak ez duela guztiontzako balio"

AEBko eskualdeetako finantza erakundeak eta, oro har, bolumen ertaineko bankuak, laster hasi ziren Dodd-Frank legea zorrotzegia zela esanez. Greg Becker Silicon Valley Bankeko buruak berak duela zortzi urte legearen kontrako aldarria eraman zuen AEBko Kongresuko Banku Batzordea  "Dodd-Frank legea guretzako ez dela" esanez. Bere esanetan araudia betetzeak zekartzan kostuak altuegiak ziren, bai sektorearentzat, bai bezeroentzat. 

SVBko burua ez zen desregulazioaren alde egin zuen bankari bakarra. Presio-lanak arrakasta izan zuen, eta Donald Trumpek 2018an hazkunde ekonomikoaren legea abian jarri zuen, bankuen desregulazioa ekarriko zuena. Legea sinatzean Trumpek adierazi zuen "neurri bakarrak ez duela guztiontzako balio. Dodd-Frank Legaren arauek ez dute balio. Erakunde ertainak ezin dira finantza erakunde handi eta konplexuen moduan arautu". Alderdi demokratako dozena bat kidek Trumpekin bat egin zuten. Dodd-Frank Legearen bultzatzaileetako batek, Barney Frankek ere, araudia malgutzearen alde egin zuen. Gaur egun, Frank Singnature Bankeko Administrazio Kontseiluko kidea da, SVBrekin batera, porrot egin duen beste bankua. 

AEBen erreakzioa

Finantza-amesgaizto honen ondorioak geldiarazteko AEBeko agintarien estrategiak hiru hanka izan ditu: erakundeak ixtea, kontrola hartzea eta gordailuen ordainketa ziurtatzea. Oso azkar gauzatu da estatuaren esku hartzea eta agerikoa da 2008ko krisitik ikasi dutela. Astelehenean bertan egin zuen Biden presidenteak agerraldia eta ziurtatu zuen "zergadunek ez dutela inolako galerarik bere gain hartu beharko", bankuek erakunde arautzaileei ordaintzen dizkieten tarifekin baizik. Gainera, erreskate honetan, ez da inbertitzaileen galerei erantzutea aurreikusten: "Apustu bat egin zuten arriskua jakinda, eta galdu egin zuten. Kapitalismoa hori da", adierazi zuen.

Hala ere, SVB bankuaren finantza-krisiak albo-ondorioak izango dituela argi ikusi dute merkatuek, eta Europa zein AEBko banku zentral nagusiek emango dituzten urratsei begira daude. Erreserba Federalak zein Europako Banku Zentralak behin baino gehiagotan azaldu dute interes-tasen gorakadari ekingo diotela inflazioa menderatzeko, egoera ekonomikoak eutsi bitartean. Galdera da: banku-krisia mugarria izango al da moneta politika lausotzeko? Atzo ezagutzera eman zen otsaileko inflazioaren datua eta espero baino hobea izan da. Urtarriletik lau dezima jaitsi da inflazioa eta horrek leundu dezake Erreseba Federalak datorren asteko bileran hartuko duen erabakia.

Erreserba Federalak zein Europako Banku Zentralak behin baino gehiagotan azaldu dute interes-tasen gorakadari ekingo diotela inflazioa menderatzeko, egoera ekonomikoak eutsi bitartean. Galdera da: banku-krisia mugarria izango al da moneta politika lausotzeko?

Europako Banku Zentrala bihar biltzekoa da moneta politikaren inguruko erabakiak hartzeko. Christine Lagardek behin baino gehiagotan adierazi du interes-tasak igotzeko asmoa duela, eta merkatuak 50 puntutako igoera espero zuen, gaur arte. Finantza-krisiaren mamua mugarria izan daitekeela uste dute orain analisi-etxeek, eta igoera are apalagoa izatea esperu dute.

Euriborraren bilakaera espektatiba horien isla da. Euriborrak beheranzko bidea hartu zuen asteburuan. Ostiralean urtebeterako euriborra % 3,953ean bazegoen astelehenean % 3,858ra apaldu zen. Atzo, ordea, jaitsiera are handiagoa izan zen % 3,5era helduz. Bi urterako bankuarteko indizeak ere beheranzko bideari ekin dio, eta egun urtebetekoa baino baxuago dago. Horrek mezu argia azalerazten du: merkatuak datorren urtean euriborra orain baino baxuagoa egotea espero duela. Interes-tasena, baina, oso merkatu hegazkorra da, eta mugimenduak tentuz hartu behar dira.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK