
Luzaro partaidetzako kreditu elkarteak 100 milioi euroko mailegu berria adostu du Europako Inbertsio Bankuarekin (EIB). Maileguak Eusko Jaurlaritzaren abala izango du, eta horri esker 280 milioi euroko inbertsioak egiteko aukera izango du finantza erakundeak.
Era berean, Luzarok Eusko Jaurlaritzarekin, Finantzen Euskal Institutuarekin (FEI), Elkargirekin, Kutxabankekin, Laboral Kutxarekin, Bankoa Abancarekin eta Sabadellekin zuen lankidetza hitzarmena berritu du beste hiru urtez. Hala jakinarazi dute gaur Donostiako Aquariumean egindako agerraldian. Bertan izan dira Noël d'Anjou Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailburua, José Enrique Corchón Ogasun eta Finantza sailburuordea, Gemma Feliciani EIB finantza-instituzioen zuzendaria eta Elena Urbizu Luzaroko zuzendari gerentea, besteak beste.
Luzarok orain arte jaso duen 100 milioi euroko bigarren mailegua da EIBrena, eta aukera emango dio EAEn “kapitalizazio ertaina duten 1.000 enpresa txiki eta ertainetara maileguak baldintza mesedegarrietan bideratzeko gaitasuna areagotzeko”.
"Akordio berri honek Euskadiko enpresa-ehunarekin dugun konpromisoa berresten du, kapitalizazio ertaineko enpresa txiki eta ertainetara funtsezko finantzaketa bideratuz, aukera izan dezaten hazteko, berrikuntzan murgiltzeko eta kalitatezko enplegua sortzeko", adierazi du Felicianik prentsaurrekoan.
Bestalde, Jaurlaritza, FEI, Elkargi eta arestian aipatutako bankuekin luzatutako akordiari esker, enpresek 1,5 milioi eurora arteko maileguak eskuratu ahal izango dituzte, bi milioi eurora artekoak izan daitezkeenak kasu berezietan, gehienez hamar urteko amortizazio-epe batekin. Laguntza horiek 86 milioi eurotik beherako balantzea duten, 100 milioitik beherako salmentak dituzten eta, gehienez, lantaldean 499 langile dituzten enpresa txiki eta ertainei daude bideratuta.
d’Anjouk, halaber, adierazi du Jaurlaritza enpresen finantzaketa errazteko “politika aktiboak” egiten ari dela. “Une honetan, gure kulturan hain errotuta dagoen lankidetza publiko-pribatuaren balioa nabarmendu behar dugu, eta Luzaroren eredua ispilu ona da geure burua islatuta ikusteko”, nabarmendu du.