
Oro har, ez zaigu gustatzen diruaz hitz egitea, baina gaiaz norbaitekin aritzekotan, bikotearekin egiten dugu gehienetan. Hala zehazten du De dinero no se habla txostenak, ING Directek eginikoak. Espainiako biztanleen harremana biltzen du, eta ez soilik Hego Euskal Herriko biztanleena. Baina gaur egungo bikoteek dirua kudeatzeko moduari buruzko erradiografia eskaintzen du. Hiru spoiler: bikoteen % 71k kontu partekatua dute bankuan, erdiak baino gehiagok erdibana ordaintzen dute dena, eta generoen arteko alde handiak daude, bai aurrezkiei eta soldatari dagokienez, bai dirua gastatzeko moduari dagokionez.
ING Direct erakundearen datuen arabera, lau pertsonatik batek ez du inorekin diruari eta finantzei buruz hitz egiten. Oro har, ez da gai erosoa, bereziki belaunaldi helduenentzat. 16 eta 24 urte bitarteko gazteen %41ek oso gutxi du gustuko, edo batere ez, diruaz hitz egitea; eta ehuneko hori pixkanaka handitzen doa belaunaldi helduenekin, 56 urtetik gorakoekin alegia, % 70era iritsi arte. Izan ere, diruaz hitz egitea "ez da sexuaz hitz egitea bezain deserosoa", baina "ez da politikaz hitz egitea bezain erraza", zehaztu dute txostenean.
16 eta 24 urte bitarteko gazteen %41ek oso gutxi du gustuko, edo batere ez, diruaz hitz egitea
Eta norbaitekin hitz eginez gero, bikotea da aukeratutako pertsona. Banketxeak elkarrizketatu zituen 1.000 pertsonetatik, %55ek adierazi zuen nahiago zuela bikotearekin diruaz hitz egin, %29k lagunekin eta %27k gurasoekin. Soilik %10ek hitz egiten du lankideekin, eta %10ek seme-alabekin ere bai. Erantzunak ez dira baztertzaileak.
Abiapuntu desberdinak, baina erantzukizun berberak
Hala ere, bikote-diruaren kudeaketa genero-desberdintasunetik abiatzen da bi kideen ekonomia indibidualean; izan ere, ez dute abiapuntu berbera. 2023ko martxoan LAB sindikatuak genero arrakalaren azterketa aurkeztu zuen, eta Hego Euskal Herrian gizonezkoen urteko soldata garbiaren batez bestekoa 32.645,74 eurokoa bazen, emakumezkoena 26.442,20 euroan kokatzen zen. Alegia, 6.203,54 euroko aldea dago, %23,5koa —INEren soldata-egiturari buruzko inkesta abiapuntu—, datuak azken urteetan zertxobait hobera egin badute ere.
Eta horrek eragina du aurrezkietan. ING Direct erakundearen txostenera itzulita, gizonek adierazi dute emakumeek baino hiru aldiz diru gehiago aurreztu dutela. Emakumeek batez beste 10.157 euro aurreztu badituzte, gizonek 28.764 euro.
Emakumeek batez beste 10.157 euro aurreztu badituzte, gizonek 28.764 euro
Hala ere, diru-sarreren eta aurrezkien arteko aldea gorabehera, gastuen estaltzea erdibana egin ohi da, eta ez proportzioari erreparatuta. ING Direct erakundearen txostenaren arabera, bikoteen %53ren kasuan gastuen erdia ordaintzen du bakoitzak, %37ren kasuan diru gehiago irabazten duenak kopuru handiagoa jartzen duela erabakitzen du, eta %10ek aukeratzen du gehien irabazten duenak dena ordain dezan. Bravo fintech aholkularitza etxearen antzeko zifrak dira: bikoteen %59k gastuak zati berdinetan banatzen dituzte.
Gastuak kudeatzeko, % 71k —Bravoren arabera— banku-kontu partekatua dute, bikotearen edo familiaren gastuez arduratzeko. Helburua? Finantza-plangintza bateratua egitea, finantza-helburu komunak lortzeko. %26k etxea erosteko aurrezten du, %25ek bidaia bat egiteko, %14k autoa erosteko eta %9k haurra izateko.
Finantzak bikoteka kudeatzeko lau modu
Finantzak bikote-harremanean kudeatzeko moduaren arabera, lau eredu nagusi bereizten dira, indibidualismoaren muturren edo bikoteko bi kideen arteko sinbiosiaren artean. Mutur batean bat-egite bikotea badago —dena guztiona dela ulertzen da, eta banku-kontuak, diru-sarrerak eta gastuak partekatzen dira—, beste muturrean bikote independentea dago, non kide bakoitzak bere aldetik mantentzen duen bere ekonomia pertsonalaren kudeaketa. Erdian, bi eredu nagusi daude: berdintasunezko bikotearena, non kide bakoitzak gastu komunen %50 ordaintzen duen, eta bikote proportzionalarena, non ekarpenak bakoitzaren diru-sarrera indibidualekiko proportzionalki egiten diren.
Eta berdintasunezkoa ohikoena den arren (bikoteen %53-59 inguruk formula hori aukeratzen dute), Kode Zibilak proportzionala adierazi eta lehenesten du. 1.438. artikuluak ezartzen duenez, "ezkontideek ezkontzaren kargei eusten lagunduko dute. Hitzarmenik ezean, dagokien baliabide ekonomikoekiko proportzionalki ordainduko dute". Zer dira ezkontza-kargak edo familia-kargak? Familia edo bikotea mantentzeko behar diren prestazioak eta gastuak, norberaren bizi-mailaren eta gizarte-usadioen arabera.
Bikoteen %53-59k gastuak erdibana ordaintzea aukeratzen dute
Azken bi aukeretako edozeinetan, hainbat banku-erakundek gomendatzen dute familia-finantzak lau banku-konturen bidez bateratzea: lehenengoa gastu finko eta komunetara bideratua (hipoteka, alokairua, elikadura, hornidurak...), bigarrena aurrezkira eta inbertsiora bideratua, eta beste bi kontu, indibidualak, kide bakoitzak bere gastu partikularretan finantza-independentzia izan dezan. Izan ere, —horretan ere sorpresarik ez— ez dugu gauza bera gastatzen adinaren eta generoaren arabera.
Etxebizitza, elikadura, hornidurak eta garraioa dira guztientzako lau gastu nagusiak, baina belaunaldi edo genero bakoitzak premia gehiago edo gutxiago gehitzen dizkio lehentasunezko gastuen zerrendari. Laburbilduz: 35 urtetik beherakoak dira jatetxeetan eta kulturan gehien gastatzen dutenak, 35 eta 55 urte bitartean pisu handiagoa hartzen dute hezkuntzak eta horniduren fakturek, eta 56 urtetik gorakoek osasuna eta ongizatea lehenesten dituzte. Generoaren arabera, alde handienak daude garraioan eta fakturetan (gizonezkoek lehenetsiak) eta kosmetikan eta hezkuntzan (emakumezkoek lehenetsiak).
Azkenik, datuen zerrenda amaitzeko, Journal of Personality and Social Psychology aldizkariak argitaratutako ikerketa batek bildutakoa, 1.000 elkarrizketa baino gehiago abiapuntu dituena: diru-sarrera, ondare eta gastu guztiak elkartzen dituzten bikoteek harreman egokiagoak dituzte eta banatzeko aukera gutxiago, beren finantzak modu bereizian kudeatzen dituztenek baino, guztiz edo partzialki izanik ere.
Artikulu hau VIA Empresa hedabiderako idatzi da, eta bertatik itzuli eta egokitu da. Hemen jatorrizko artikulua.