Marmotaren eguna

Alor politiko eta ekonomikoan, badirudi egoera batzuk etengabe errepikatzen direla, marmotaren egunean harrapatuta egongo bagina bezala

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Alor politiko eta ekonomikoan, ohikoa da egoerak etengabe errepikatzea, bukle amaigabe baten harrapatuta izango bagina bezala. Déjà vu sentipen horrek tradizio ezagun bat ekartzen du gogora, 1993ko Marmotaren eguna filmak aditzera eman zuena: kondairaren arabera, urtero, otsailaren 2an, Punxsutawneyko (Pensilvania, AEB) marmota bere gordelekutik ateratzen da. Egun eguzkitsu baten ondorioz bere itzala ikusten badu, negua beste sei astez luzatuko dela diote.

Esparru politiko eta ekonomikoan ere, etengabe errepikatzen den antzeko tradizioa dago: Ameriketako Estatu Batuetako zorraren sabaiari buruzko negoziazioak. Nahiz eta pelikulako protagonistak eta testuinguruaren xehetasunak aldatu, azken emaitza beti berdina dela dirudi.

Zorraren sabaiari buruzko negoziazioak bezala, hauteskundeak gerturatzen direnean ohikoegia da lider politikoek garai hauek aprobetxatzea azpiegitura-proiektuak eta obra publikoak iragarri edo inauguratzeko.

Zorraren sabaia iragazkorra

AEBn ohiko esamoldea da “Eguzkia bihar goizean aterako dela bezain ziurra da AEBkozorraren muga igoko dela”. AEBko zorraren sabaiari buruzko negoziazioak erritual moduko bat bihurtu dira, non politikariek herrialdearen zor publikorako gehienezko muga bat adosteari aurre egin behar dioten. Testuingurua eta aktoreak alda daitezkeen arren, prozesu honen korapiloak eta amaierak erraz aurreikusi daitekeen patroi bat jarraitzen dutela dirudi.

AEBn ohiko esamoldea da “Eguzkia bihar goizean aterako dela bezain ziurra da AEBkozorraren muga igoko dela”

Lehenik eta behin, bi alderdietako politikariek elkarri akusazioak egiten dizkiote, eta oso jarrera oldarkorrak erakusten dituzte abantaila politikoa lortzeko. Horrek borroka erretoriko eta negoziazio motel eta luze batera garamatza, erlojua epemuga kritikorantz hurbiltzen den bitartean.

Epea hurbildu ahala, nolabaiteko urduritasuna atzematen da herritarrengan eta merkatuetan, bolatilitatea handituz. Izan ere, AEBk beren finantza-betebeharrak betetzeko duten gaitasunari buruzko ziurgabetasuna ekonomiara iragazten da, nazioarteko merkatuetan kezka eta aldakortasuna sortuz.

Azken unean, amildegi finantzarioa berehalakoa dela dirudienean, azken minutuko akordio bat lortzen da, batik bat, arazoa hurrengo presidenteari pasatzen diona. Gastuaren muga handitu egiten da, baina azpitik dauden funtsezko gaiak ez dira modu esanguratsuan jorratzen, eta kontua etorkizuneko eztabaida eta negoziazioetarako atzeratzera mugatzen da konponbidea.

Arazo fiskalei eta gastu-egitura ez jasangarriei modu integralean heltzeko borondaterik ezak, sistema politikoak epe luzerako erronka ekonomikoei aurre egiteko duen gaitasunarekiko konfiantza ahultzeko baino ez du balio

AEBko Ordezkarien Ganberako eta Senatuko bi alderdietako politikariek milioiak dituzte burtsan. Zorraren sabaia ez zabaltzearen ondorioz merkatuek izan ditzaketen beherakada katastrofikoak ekiditea pizgarri nahikoa izan beharko luke berandu baino lehen akordioa lortzeko.

Arazo fiskalei eta gastu-egitura ez jasangarriei modu integralean heltzeko borondaterik ezak, sistema politikoak epe luzerako erronka ekonomikoei aurre egiteko duen gaitasunarekiko konfiantza ahultzeko baino ez du balio.

Hauteskundeak: inflazioaren aliatu

Agerikoa da azken hilabeteotan azpiegitura eta obra publiko ugari inauguratu direla Hego Euskal Herriko hamaika txokotan. Horrelako proiektuak hauteskundeen atarian egiten direnean, obren benetako premiari eta agintarien lehentasunei buruzko zalantzak sortzen dira. Gainera, inflazio itsaskorreko testuinguru ekonomiko batean murgilduta, inbertsio horiek presio inflazionista areagotzen dute, administrazio publikotik prezioak kontrolatzeko neurriak bultzatu beharrean.

Azken lau urteotako legegintzaldian, pandemia tarteko, argi dago obra publikoetan inbertsioak egiteko une egokiagoak izan direla. Pandemiak eragindako atzeraldi ekonomikoaren erdian azpiegituretako inbertsioa bultzatzeak berebiziko garrantzia izan zezakeen enplegua sortzeko, funtsezko sektoreak suspertzeko eta eragile ekonomikoen konfiantza indartzeko, baina ekonomia eta prezioak berotu direneko testuinguruan, gastu publikoaren lehentasunak berriro ponderatu beharko lirateke.

Inflazio itsaskorreko testuinguru ekonomiko batean murgilduta, [azpiegitura] inbertsio horiek presio inflazionista areagotzen dute, administrazio publikotik prezioak kontrolatzeko neurriak bultzatu beharrean

Kudeaketa arduratsuak arestian aipatutako erabakiak une egokian hartzea eskatzen du, behar ekonomiko eta sozialen azterketa zorrotzean eta kostu-onura analisian oinarrituta, baita epe luzerako ikuspegi batean ere, inbertsioen iraunkortasuna bermatzeko eta inflazioa etengabe haztea saihesteko.

Ikuspegi eraikitzaileen beharra

Marmotaren egun ospetsuan bezala, gastu-mugari buruzko negoziazioek aurrez ezarritako gidoi bat jarraitzen dutela dirudi. Xehetasunak aldatzen badira ere, trama errepikatu egiten da: erretorika alderdikoia, negoziazio zailak eta azken orduko akordio bat, funtsezko arazoei heltzen ez diena. Hauteskundeak gerturatzen direnean, ohikoegia da lider politikoek garai hauek aprobetxatzea azpiegitura-proiektuak eta obra publikoak iragarri edo inauguratzeko.

Tradizio horiek ziurgabetasun egoeran uzten dituzte herritarrak eta merkatuak, eta prozesu politikoarekiko konfiantza higatzen dute hautesleengan. Ezinbestekoa da agintariek ikuspegi eraikitzaileagoak eta iraunkorragoak hartzea epe luzeko erronkei aurre egiteko, eta hautesleok jarrera fiskal arduratsuak saritzea.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK