EBZk inflazioaren aurkako borrokan hartutako neurriek eragin positiboa izan dute Nafarroako Rural Kutxaren jardueran. Interes tasen igoerak, 226 milioiko interes-marjina eta 353,6 milioiko marjin gordina lortzea ahalbidetu dio finantza erakundeari, aurreko urtean baino % 38,5 gehiago. Hala, pasa den urteko emaitza 190,8 milioi eurokoa izan da, 2022koa baino % 65,6 gehiago.
Rural Kutxak ia irabazi osoak bere ondasuna handitzera bideratuko ditu, eta modu honetara, bere ondasun garbia 1.772 milioi eurora ailegatu da, iaz baino %17,6 gehiago. Era berean, Rural Kutxak 12.146 milioi euro kudeatzen ditu sektore pribatuko bezeroen gordailuetan, aurreko urtean baino % 10,85 gehiago.
2023ko ekitaldiaren amaieran bankuko bezeroei emandako kreditu osoa 9.227 milioi eurokoa izan zen, aurreko urtean baino % 2,81 gutxiago. Aldagai horren hazkundean eragina izan du ziurgabetasun ekonomiko handiko egoerak nahiz interes-tasen igoerak.
Halaber, Rural Kutxaren berankortasun-tasa, % 2,03koa izan zen 2023an, aurreko urtekoaren antzekoa, eta Espainiako Estatuko berankortasun-tasa (% 3,7) baino askoz txikiagoa.
2024ra begira, merkatu-kuotak hobetzen jarraitu nahi duela jakinarazi du Rural Kutxak, egun diharduten negozio guztietan. Era berean, “kaudimena indartzea, hazten jarraitzeko behar diren emaitzak lortzea, eta erakunde hurbilaren erreferentzia izaten jarraitzea” dute helburu.