Finantzazio moduetan berrikuntza ezinbestekoa da, ehun ekonomiko sendoa nahi bada, baina Euskal Herriak oraindik bidea du egiteko. Halaxe uste du Pío Aguirre Artizarra Fundazioko idazkari nagusiak. Artizarra Fundazioak, Stellum Capital funtsen kudeatzailearekin, berrikuntza hori sustatzea posible dela erakutsi du azken urteetan. 200 milioi euro inguru jaso ditu orain arte inbertsiogileen aldetik, datozen urteetako proiektuetan inbertitzeko, eta zehazki Foodtech funtsean 47 milioi euro dituzte dagoeneko mugimenduan. Elkargiko zuzendari nagusi ohia, eta SPRIko sailburua izandakoak dioenez, ez dira nahi zuten gehiengora iritsi. Aitzitik, posible dela erakutsi dute.
Nola ikusi duzu orain arte Artizarrak egindako ibilbidea?
Oso harro gaude eginiko bideaz. Proiektu bat abiatzea ez da erraza, eta are gutxiago proiektu horrek hiruzpalau urte bizirautea. Oso sentsazio onak ditugu garapenari dagokionez, baita hori erakusten duten datuak ere diru-bilketari, inbertsiogileak bilatzeari eta CNMVk Stellum Capitali —kudeatzaileari— emandako oniritziari lotuta. Fundazioa ere aurrera doa jarduera guztiak koordinatu ahal izateko. Estrategia ezinbestekoa da, nahiz eta gero berehala egokitu behar izaten duzun.
Datuak aipatu dituzu. Zein zifratan mugitzen ari zarete?
200 milioi euro inguru jaso ditu Stellumek inbertsiogileen aldetik datozen urteetako proiektuetan inbertitzeko. Foodtech funtsean 47 milioi euro ditugu dagoeneko funtzionamenduan. Eta Easo Ventures I, Easo Ventures II eta Stellum Growthen arteean gainontzeko 153 milioi euroak. Bagenuen ibilbide handiagoa izateko anbizioa, baina merkatua aldatu egin da —inbertsiogileak, interes-tasen gorakada—. Horren ondorioz ez gara nahi genuen maximora iritsi. Horrek ez du esan nahi iritsiko ez garenik. Besterik gabe, moteldu egin da. Hala ere, zifra onargarrietan gaude proiektua jasangarria izan dadin.
Lantzen ari zareten lerroen artean dago finantzatzeko modu desberdinak sustatzea. Zein toki dute egun finantzaziorako modu tradiziozkoek?
Finantzatzeko modu berriek oraindik badute bidea egiteko. Gure lurraldean —seguru asko Europa guztian— kapital inbertsioa oso eskasa da, enpresen finantzazio proiektuetan ez baitu pisu esanguratsua. Enpresek finantza-mailegu tradizionalera jotzen dute oraindik ere, bankuek ematen dutenera, alegia. Hori ezin da zuzendu, baina ez nahi ez dugulako. Aurreztaile gehienek bankuetan aurrezten dugu, beraz, finantzazioa gauzatzeko aukera dutenak bankuak dira.
Hori ez da pasatzen AEBn edo Ingalaterran, biztanle gehienek dutelako formakuntza oso txikitatik inbertsiogile izateko, seguru asko euren pentsio sistema dela eta. Ondorioz, finantzaziorako dirua dutenak dira balio merkatua edo inbertsio-funtsak. Hemen kultura hori ez da existitzen. Are gehiago, entitate finantzarioentzat funtsen kultura guztia oso orientatuta dago aurreztaileen gutxieneko errentagarritasunak asetzera, pertsonen erosahalmenari lotuta. Gutxi dira arrisku kapitalaren edo inbertsio-funtsen alde apustu egiten dutenak edo zuzenean enpresetan inbertituko dutenak, hor badagoelako arriskua, proiektu guztiak ez direlako ondo ateratzen. Eta gainera kultura hori ez dago gure aurreztaileen kulturan. Family officeak edo aktibo askoren jabe direnak dira salbuespena. Baina ez dira gehiengo bat industria inbertsore bat sustatzeko, enpresei ahalbidetuko diena proiektuak garatzeko kapital eta finantzaziora sarbidea izatea.
Dibulgazioa egitea egokitu zaizue?
Ez soilik dibulgazioa. Jendeak entzun dezake, baina ikusten duenean, egin egiten du. Horregatik, eredu ere bagara. Horretan oso pozik gaude, seguru asko Artizarra Fundazioaren, eta Stellum eta halako funtsen sorreraren bitartez, erakusten ari garelako egin daitekeela, landu daitekeen kultura bat dagoela. Eta ez zaigu axola tropelean lehenengo joatea pedalei eragiten ondoren jarrai gaitzaten; abanikoa zabaltzen ari gara gainontzekoak sar daitezen, baina badakigu denon artean urrutiago iritsiko garela.
Jose Poza Artizarra Fundazioko patronoak dioen bezala, egitekoak gara. Teorizatu, beste batzuk teorizatu dezatela. Guk geuk ere badugu gure teoria. Baina teoriatik praktikara igaro behar gara. Hanka sar dezakezu, noski, baina nahiago du hanka sartu. Oraindik, zorionez, ez zaigun gehiegi pasa; bestela, porrota zabaltzen da.
Zein puntura arte da garrantzitsua berrikuntza txertatzea finantzatzeko moduetan lurralde geroz eta aurreratuagoa, berritzaileagoa, lehiakorragoa izateko?
Ezinbestekoa da. Izaera inbertsiogilea badago, eta arriskukoa, sortzen den kultura ez da soilik inbertitzekoa, baita proiektuak analizatzekoa ere. Inbertsiogileen usaimena ere hobetu egiten da merezi edo merezi ez duenari dagokionez. Eta eskariak ere salto egiten du. Berrikuntza finantzarioak ekartzen du, halaber, pertsonen berrikuntza, proiektuak mahai gainean jartzera ausatzen den jendea... Hori gabe, beraz, ez duzu gaitasunik aldatzeko.
Noski, kontuan hartu behar da gure lurraldearen tamaina. Gu ez gara San Frantzisko, are gutxiago Kalifornia —mundu mailako 5. BPGa— . Gu garena gara. Beti I+Gaz aritzen gara, baina nik uste dut badagoela lurraldea spin off txikiak egiteko eta jendea ateratzeko. Izan daiteke negozioekin ere, ez zuzenean jarduera nagusiari loturik daudenak, baina bai dibertsifikaziozkoak.
Ez da beti erraza konfort-zonatik ateratzea.
Kontua da batek uste duela gauzak ondo doazenean beti joango direla ondo, protagonista delako. Eta egia da gauzak ondo egiten dituela. Baina badago inguru bat laguntzen duena hori ondo joan dadin. Beti aurreikusi behar duzu inguru horrek buelta eman dezakeela, mugitzen ari delako. Eta zenbaitetan nahastu egin zaitzake. Ona da beti, errekurtsoak dauzkazunean, bestelako start-upetan inbertitzeko aukerak bilatzea, nahiz eta ez izan zure negoziokoak. Badakit hori ere zaila dela, espezialista izan behar duzulako. Baina egiten ez baduzu, ez duzu lortuko.
Eta berrikuntza aukerak atzeman ditzaketen eragile nagusiak enpresak berak dira. Geurea bezalako lurralde baten, oso esportatzailea dena, antenak toki ugaritan dituzte. Hainbat tokitara esportatzen duzunean, ikus dezakezu munduko gainontzeko tokietan pasatzen ari dena, eta ideiak ekarri ditzakezu, agian ez direnak zure jarduera nagusiari lotuta.
"Lan finantzarioa oso zentratuta izan ohi da koste finantzarioen aurrezkian. [...] Zuzendari finantzario batek kostuetan efizientzia bilatu behar du. Baina batez ere lortu behar du bere finantzazioa bermatzea"
Hain zuzen, enpresa horietan gerta daitekeena da ezagutza teknologiko handia izatea, baina agian ezagutza falta izatea inbertsio modu berriei edo finantzazio modu berriei dagokienez.
Artizarra bat, edo Easo Ventures batekin elkartu zaitezke. Lan finantzarioa oso zentratuta izan ohi dela koste finantzarioen aurrezkian, eta hori Elkargiren garaian ere ikusten genuen. Zuzendari finantzario batek kostuetan efizientzia bilatu behar du, eta baxuak izatea. Baina batez ere lortu behar du bere finantzazioa bermatzea. Proiektu enpresarial oso errentagarriak hil egiten dira finantzazio faltagatik. Beraz, tresna multzoa erabili behar duzu, eta ez merkeena. Erabili behar duzuna da ahalbidetuko dizuna edozein agertokitan finantzazio hori iraunkorra izatea, ez dezan ihes egin. Parte garrantzitsuetako bat dira errekurtso propioak. Kontua da errekurtso propioez aritzen garenean, jabea edo jabeak azaldu ohi direla.
Jabeen mugak ateratzen dira orduan?
Gobernantzaren egitura nolakoa den jakinda, bazkide izateak bozketarako botere handia ematen dizu —ardura ere, noski—. Eta jabeei gustatzen zaie maileguak jasotzea, baina ez dute gustuko administrazio kontseiluan izan daitezen gauzak galdetzen, batez ere deserosotasuna sortuko dutenak. Baina pentsa: ezinegona sor diezazukenak balio dizu zure kudeaketa hobetzeko. Hori da errealitatea. Aldiz, kosta egite zaigu, gure konfort-gunetik ateratzea eskatzen baitigu; kosta egiten zaigu bestelako finantzazio formak gehitzea, hobekuntzara eraman ahal bagaituzte ere. Hori ez egiteak badu arriskua: zure errekurtso propioen egitura indartzen ez baduzu, baliteke inbertsiogileren bat etortzea zure lehiakidearen errekurtso propioen egitura indartu dezakeena, hura handiago eta lehiakorrago bilakatuz. Tamainaz hitz egin ohi dugu, baina ez beste parte horretaz. Beraz, uko egin diezaiogun “nik agintzen dut” horri, eta ea denon artean agintzen asko eta hobeto agintzen dugun.
Uste duzu funtzionatzeko modu hori euskal enpresen ezaugarri propioa dela, eta beste toki batzuetan bestelako kultura dagoela?
Gizakiaren berezko naturaren ezaugarria da agindu nahi izatea, eta beste batek agintzea nahi ez izatea. Hori kultura guztietan gertatzen da.
Beste kontu bat da beste kultura batzuetan elkartzeak botere handiagoa izatea, eta elkarren arteko osagarritasunak pisu handiagoa izatea. Askotan hori da unibertsitateko jendeari eskatzen dioguna: bat ateratzen da asko jakinda informatikari buruz, beste bat finantzazioari buruz, hirugarren bat ingeniaritzari buruz eta azken bat marketinari buruz. Zergatik ez lauak elkartu eta zerbait martxan jarri? Ezagutza guztia dute. Elkarren artean osagarri dira. Beste zenbait tokitan —herrialde anglosaxoietan, Txilen, Amsterdamen— horrek gehiago funtzionatzen du. Ulertzen dute eurak egiteko gai ez diren hori eskuratzeko, bi aukera dituztela: edo kontratatu eta ordaindu, edo elkartu. Eta normalean elkartzen bazara, gehitu egiten duzu. Kontratatu egiten baduzu, ordaintzen ari zara.
Nola kudeatu halakoetan lidergoa?
Hasieran ez zaio erreparatzen gobernantzaren osaerari, eta ez da botere banaketaz eta erabakitzeko gaitasunaz hitz egiten. Horrek baditu bere ondorioak, eta gero arazo bat bilakatu ohi da. Gainera, anbizio pertsonalak ere agertu ohi dira. Beatles taldean ere gertatu zen: lauok egiten zuten musika, baina gero borrokan amaitu zuten. Baina denetik ikasten da; inor ez da hilko horregatik. Haserretu egin daitezke, baina adostasun batera ere iritsi daiteke.
Hala ere, oso herrialde kuriosoa gara. Anbizio pertsonalak ditugu beste zenbait tokitan bezala, baina kooperatibak ere baditugu, desira pertsonal horri uko egiten diotenak elkarrekin lan egiteko. Azkena iritsi dena ere bada kapitalaren eta erabaki demokratikoen parte. Eta nonbait bada sistema kooperatiboa arrakastatsu, EAEn da, zehazki, Gipuzkoan, eta are gehiago Debagoienan.
Elkarlana da gakoa?
Agian helarazi behar dugun mezua da tamainan hazi behar dela, baina asoziazionismoaren bitartez, beste taldeetan elkartuta. Enpresetako agintariei beti kezkatzen die oinordekotzak. Inoiz ez dute aurkitzen Unea da beste entitate batzuetan elkartzeko, zabalagoak, ahalbidetuko dutenak, talde gisa, identitate handiagoa izatea eta indar handiagoa. Baditugu adibideak. Mondragon ezohiko korporazioa da taldeko presidenteak ez baitu agintzen kooperatiben gainean. Baina kooperatiba guztiek elkarlana egiten dute kultur, proiektu eta soluzio partekatuak sustatzeko eta eskaintzeko. Adibidez, piezen balio erantsia paketeka izan dadin. Horrek garapen hobea ekar dezake. Goierrin ere egiten dute. Baina hazkundea bultzatu behar da. Eta batez ere arrakastatsu egin besteentzat adibide izan dadin.
"Agian helarazi behar dugun mezua da tamainan hazi behar dela, baina asoziazionismoaren bitartez, beste taldeetan elkartuta"
Eta zer gertatzen da ETEekin? Nola egiten diote aurre egungo munduari?
Liderra ez zarenean, kopiatzaile aurreratua izan behar zara. Gure ETEak beti adi daude eta kopiatzaile aurreratuak dira. Mundu mailako ibilbidea egiten dutenez edonora saltzen dutelako, agian ikusten dute garapen bat egiteko gaitasuna ez izanik, hura kopiatu eta garatu dezaketeela. Eta horrela hornitzaile kritiko izaten jarraitzen da.
Nola dago euskal finantza ekosistema inbertitzeko eta finantzatzeko bestelako moduak izan eta eskaintzeari dagokionez?
Finantzazio bankarioari dagokionez egoera ona da, baita aurreztailearen segurtasunari loturik ere. Bi entitate finantzario ditugu euren erabakiak hartzeko egoitza nagusiak EAEn dituztenak: Kutxabank eta Laboral Kutxa. Nafarroako Rural Kutxaren kasua ere badugu. Banco Guipuzcoano eta Bankoa galdu genituen. Hemendik daude oraindik, bai, baina ez haien egoitza nagusiak. Horrez gain, BBVA ere badago, errotzea baduena, bere momentuan bai Bilbao, bai Vizcaya bankuek euren egoitzak Bilbon izan dituztelako. Caixabank ere hor dago, bere momentuan CAM xurgatu zuena.
Erabaki-gunea, alegia, adimena garatzen den tokia, estrategia, egoitza nagusian dago. Errotzearekin ere badu lotura. Egoitza nagusiak galtzea talentua garatzeko gaitasuna galtzea da. Beraz, entitate oso indartsuak ditugu hemen egoitza dutenak.
Tresna alternatiboak dira, agian, falta zaizkigunak, nahiz eta gauza asko garatu diren ETEen —ETEen lurraldea baikara— finantzaziorako sarbidea bermatzeko: Luzaro, Elkargi, inbertsio-funtsak —eragiten dutenak—, Jaurlaritzak bultzatutako funts subiranoa...
Kapitalaren ikuspegitik, zailagoa da, enpresa txikiek ez dutelako kapitalaren banaketa nahikoa inbertsiogile bat sar dadin. Enpresa ertainez edo handiez hitz egiten aritu beharko ginateke, zuzendari finantzario batekin, eta horretaz arduratuko litzatekeen norbaitekin. Hor badago ibilbidea egiteko, kontuan izanda enpresek erabiltzen duten estrategia finantzetara gerturatzerako garaian. Enpresa industrialak gara, eta garatuago gaude produktuen garapenean eta autofinantzazioa edukitzen, badakigulako krisiekin, ez baduzu autofinantzazio orekaturik, arazoak izan ditzakezula. Bankuek finantzatzen ez bazaituztete, desagertu egin zaitezkeelako.
"Badirudi beste bazkide bat sartzen duzunean marrazoa edo piraña sartzen duzula. Ez da hala. Zurekin inbertitu nahi duen norbait da, zure negozioaren garapenean aukerak ikusi dituelako"
Nola eragiten dio horrek guztiak lurralde garapenari?
Egitura horrek gure lurraldean garapena bermatzen du, baina ez da nahikoa. Ez du ematen, adibidez, ITPren salmenta jorratzeko. Eta adimen finantzarioa behar dugu. Esaterako, CAFek trenak egiten dituenean, finantzazio tresnak bilatu behar ditu. Edo Danobatek makina-erreminta egiten duenean eta urtebetean entregatu behar duenean, jakin behar du finantzazio planean zenbat kobratzen duen hasieran, nola finantzatu behar duen, nola ateratzen diren bere arriskuak, produktua eman arte. Kate guztiaren ikuspegia behar du. Hori da adimen finantzarioa.
Mailegu horiek, egun, entitate finantzarioek egiten dituzte zuzendari finantzarioei laguntzeko. Nik ere bankan egin dut lan. Bezero bati galdetzen diozunean zenbat jartzen duen, ez badu jartzeko ezer, zer egiten dugu? Beste bazkide bat gehitu dezala proposatu. Hori ez da bekatua. Badirudi beste bazkide bat sartzen duzunean marrazoa edo piraña sartzen duzula. Ez da hala. Zurekin inbertitu nahi duen norbait da, zure negozioaren garapenean aukerak ikusi dituelako. Ez du zutaz aprobetxatu nahi. Baina oraindik ere kontzeptu oker hori dugu; ez dugu gustuko gauzak uztea. Asko hitz egin behar da horri buruz.
Presazkoa da gaiari heltzea?
Bai, hala uste dut. Ingurua oso azkar doalako. Eta inguruko abiadura zurea baino azkarragoa bada, amaiera gertu dago. Abiadura kanpoan azkarragoa bada, horrek esan nahi du lehiakideak zu baino azkarragoak direla.
BasqueFIK finantza- eta inbertsio-klusterra sortu izanak lagun dezake azkarrago joaten?
Nire ikuspegitik, positiboa da entitate finantzarioak elkartu izana gaia lantzeko eta gauzak sustatzeko. Industria finantzario nahiko indartsua dugu gure erkidegoan, baina lehia izugarria da sektorean. Eta ez du zerikusirik industrian gertatzen denarekin: industrian, produktuetan, alde nabarmenak izan daitezke; dirua, aldiz, beti berdina da. Hori dela eta, betidanik norbera bere kontuz joan da, bakoitza bere eskaintzak eginez. Era berean, bankuek, sozietate finantzarioak produktu berri bat ateratzen saiatu diren bakoitzean, egin duten lehenengo gauza izan da hura blokeatzen eta bereganatzen saiatu.
Beraz, elkartzeak eta denok bertan izateak suposatzen du konfiantzazko harremanak zabaldu ahal izatea, kezkatzen gaituzten gaiak jorratzeko: fiskalitatea, interes-tasak, arriskuak, inbertsio funtsak. Orain arte ez dizkiogu elkarri gezurrak esan, baina ez diogu elkarri dena kontatu.
Proiektu partekatuak sortzea positiboa dela iruditzen zait beti. Elkarrizketak zabaltzea ona da. Ondoren ikusi beharko da norberaren interesa eta elkarlanerako gogoa. Hor kontua da ea hurbiltzen zaren besterik gabe kanpoan ez geratzeko, edo bertan egoteko eta den-dena emateko. Apustua bigarrena bada, uste dut oso-oso proiektu interesgarria garatu ahalko dela.
Hori da, beraz, bere erronka nagusia?
Kooperazioa, bai, hala uste dut. Eta horretan zerikusi handia izango du nork hartzen duen parte, zein pertsonek. Erabaki gaitasuna duten pertsonak izan behar dira, konpromisoa dutenak aldi berean. Kooperatzeko konprometitu egin behar da. Elkarrizketa bat dugun bakoitzean kontrastea egin behar bada zentralarekin edo zuzendari nagusiarekin, zuzendari nagusi horrek ez du izango bertan gertatzen ari denari buruzko ikuspegi eta informazio guztia. Aldiz, taktikoki jokatuko du. Hala, kooperatzea zailagoa da. Gonbidapena eta ideia onak dira. Garapen aukerak izateko, ordea, gakoa dira konfiantza eta kooperazioa.
"[BasqueFIKez] Hor kontua da ea hurbiltzen zaren besterik gabe kanpoan ez geratzeko, edo bertan egoteko eta den-dena emateko. Apustua bigarrena bada, uste dut oso-oso proiektu interesgarria garatu ahalko dela"
Errotze hitza atera da dagoeneko, baina heldu diezaiogun gaiari, Artizarra Fundazioaren oinarrietako bat baita. Nola ulertzen duzu?
Errotzeaz asko aritzen gara, eta asko balioesten dugu. Eta garrantzitsua da, horrek esan nahi duelako erabakiak bertan hartzen direla. Baina ez hori bakarrik: are garrantzitsuagoa da, nire ikuspegitik, hemen erabakiak hartzeko ezagutza industria bat sortzen dela. Egoitza nagusia bertan badago, bertan daude ikasten ari diren pertsonak, negozio aukerak atzematen ari direnak, debatitzen ari direnak, estrategiak planifikatzen ari direnak, eta erabakiak hartzen ari direnak. Eta kultura bat sortzen dute, beste modu batera sortzen ez dena.
Aleman batek erosten baldin badu, ingeniari guztiak bertan mantenduko ditu, interesatzen zaiolako egitura ondo joan dadin. Baina estrategia, erabakia, ezagutzaren sorrera, berrikuntza, eta abar, Alemanian gertatzen ari da. Horregatik da garrantzitsua errotzea. Ezagutza garatzeko beharra dugu. Talentuaz hitz egiten dugunean, horri buruz ari gara, ezagutza garatzeaz. Baina ez baditugu ezagutza garatzeko zentroak, ez badugu inbertsio-funtsen kontrola, ez gara gu enpresen egitura aztertzen eta ezagutzen ari garenak.
Eta, bide batez, talentua denok dugu. Diskurtsoa da bilatu edo atxiki egin behar dela. Ez, ez. Aukera eman behar zaio garatu dadin. Gu gara egun talentua dugunak, eta gure aurretik zeudenak ez ziren fidatzen gu zuzendaritzan jartzeaz. Hori ere irabazten joan behar izan gara.
Talentuak, orduan, denbora eskatzen du?
Enpresen barruan ere bada ofizio bat gauzetako bakoitza ezagutzea eta garatzen joatea. Sustatu egin behar duzu pertsonek talentu hori garatu dezaten. Batzuek gehiago dute, beste batzuek gutxiago; zenbaitek esparru baten, beste zenbaitek beste baten. Hori DNAn daramagu. Ameslariari ez eskatu programa informatikoak egin ditzan, bigarren minutuan aspertuko delako. Goazen ikustera nor zer den. Horregatik defendatzen dugun ideietako bat da enpresa bakoitzak, nahiz eta txikia izan, bere ezagutza-mapa garatu behar duela. Zertan naiz ona, zer falta zait, eta zer landu behar dut hori guztia gal ez dadin, eta garatu dezagun. Uste dut hori ez dugula egiten. Giza Baliabideetako departamentuek nahikoa dute askotariko borrokekin, absentismoarekin, adibidez, bat-batean 7 lagun falta zaizkielako. Ez daude bueltak emateko, konpontzeko baizik. Eta horrek ez digu aukera ematen gehiegi hausnartzeko.
"Talentua denok dugu. Diskurtsoa da bilatu edo atxiki egin behar dela. Ez, ez. Aukera eman behar zaio garatu dadin"
Ezagutza eta bertan geratu nahi duten pertsonak erakartzeari dagokionez, errotzea aldagai bereizgarria izan al daiteke?
Nire iritziz, bai. Errotzeak zera esan dakizuke proiektu batez: proiektu solidoa da, bertan geratzeko helburua eta asmoa duena. Horretan lan eginda, norbere ibilbide profesionalarekin gertatu daitekeena ez da kanpoko norbaiten eskuetan geratuko. Beste gauza bat da profesionalaren helburua izatea enpresa batera joatea, ondoren horrek ahalbidetuko diolako salto bat ematea multinazional batera. Hor beste zerbaiten bila ari zara. Eta ez da ahaztu behar, hori bilatzen ari bazara, bizitzeko modu bat ere ari zarela bilatzen: pertsonala, familiarra, profesionala.
Enpresa bezala, saltzen eta sortzen baduzu proiektu sendo bat, komunitate batentzat lanean ari dena, eta erabakia hemen duena, ahalbidetuko dizu ez agian izatea Applen exekutibo gorenekoa, baina bai enpresa horren erabaki-mahaian eserita egotea, erabaki estrategikoak hartzen. Erabaki estrategiko horiek garatzen dira informazio askorekin lan egiten, hipotesi ugari garatzen, eta azkenik, exekutatzeko kontu batzuk hautatuta. Hori lehen mailako aberastasun profesionala da.
Gerente bati bere ezagutza mapa zabaldu dezan eta hura landu dezan eskatu ohi diozu. Zer gehiago eskatuko zenioke?
Enpresek oso ondo jakin behar dute zein den euren organigrama: bazkideen batzar orokorra, errektore kontseilua kooperatibetan eta administrazio kontseilua gainontzekoetan, eta gerentea. Gerentziatik behera, agintzen duena ez da kapitala duena; bezeroak agintzen du. Edo zure produktua erosten dute, edo jai daukazu. Beraz, agintzen duzula pentsatzen baduzu, erlatiboa da, soldata bezeroak ordaintzen baitizu. Gauzak ondo badoaz eta ongi egiten badira, noski, soberakinak izango dira. Lan diferentziala hor hasten da, pentsatzen soberakin horiekin zer egingo dugun. Hor marrazten da enpresa bakoitzaren profila: edo banatu egiten dugu, edo enpresan berrinbertitzen dugu. Eta hori parte altuak definitzen du, administrazio kontseiluak.
Administrazio kontseiluak duen egiteko garrantzitsu bat da gerentea izendatzea.
Aitzitik, gerente motak daude.
Administrazio kontseiluak abilezia handia izan behar du, baita oso profesionala izan ere, jakiteko zein egoeratan dagoen enpresa eta erabakitzeko nola zuzenduko duten. Enpresak garapen handia behar badu, agian gerente bisionario bat behar du, etorkizuna ikusteko gaitasuna duena. Ez dira agian onak prozedurarekin, baina bai bultzada ematen eta datorren olatua surfeatzeko aprobetxatzen. Behin asko hazita, dena konplexutu egiten da, denean ari delako eta oso azkar ari delako hazten. Une hori da gerentea aldatzekoa, gerente arretatsu bat jartzekoa, arauak jarraituko dituena, egituratua... Alegia, behin olatua aprobetxatuta eta surfeatuta, ordenatzera itzuli behar gara.
Hala ere, ez da ahaztu behar, badagoela beste gerente mota bat, eta horiek gehiago kezkatzen naute: gerente psikopatak. Nahi duten gauza bakarra da dirua irabazi. Enpatia soberan dute. Helburua beste ezeren gainetik dago. Eta zenbaitetan psikopata horiek administrazio kontseiluko boterea ere hartzea lortzen dute. Beraz, ardura garrantzitsua da finkatzea zein gerente, eta hura monitorizatzea, ikusteko nola doan betetzen guk administrazio kontseilu gisa marrazten ari garena. Hau da, ez gara ari soilik izendapenaz; ikuskaritzaz ere ari gara.
Eta zer eskatuko zenioke lan mundura salto egiten duen gazte bati?
Ulmitasuna. Toki batera iritsi berria zara, ondo ezagutzen ez duzuna eta lotura ugari dituena. Lortu behar duzu ezagutzea. Garapena, noski garrantzitsua da. Baina horretarako ezinbestekoa da ikustea zer gertatzen ari den zure inguruan. Harremanak ez dira ezartzen soilik zure eta nire artean. Zu eta ni gara, baina baita inguruan gertatzen dena ere. Jakin behar duzu 360 graduko bisio hori izaten. Estrategia pertsonalean helburu gisa izan behar duzu hori.
Beste helburu bat: dagoena ikastea. Nondik gatozen, zergatik eta zertarako sortu den enpresa, zer egin den ondo orain arte, eta hala, enpresaren balio eta kultura bereganatzea. Horien artean, noski, izango dira batzuk positiboak eta beste batzuk hobetu daitezkeenak. Eta hobetu daitezkeen horietan ekarpena egiten saiatu.
"Administrazio kontseiluak duen egiteko garrantzitsu bat da gerentea izendatzea. [Kontseiluak] abilezia handia izan behar du, baita oso profesionala izan ere, jakiteko zein egoeratan dagoen enpresa eta erabakitzeko nola zuzenduko duten"
Eta oro har, baina ez soilik gazteei, aprendiz izaera betirako izatea, beti ikasi nahi izatea. Taldean aritu zaitez, eta besteekin kooperatu. Norbere buruarengan konfiantza izatea. Denok izan ditugu aurrean zenbait egoera zeinetan pentsatzen genuen ez ginela gai izango aurrera egiteko, baina unea iritsi denean, egin dugu. Eta saia zaitez gauzak uzten aurkitu zenituenean baino hobeto.
Horiek dira mezuak: zure buruan konfiantza izan; egin ezazu zeure bizitzaz merezi duen zerbait; taldean egin lan eta kooperatu; eta zerbait topatu zenuenean baino hobeto uzten saiatu.
Egungo koiunturara etorrita, nola ikusten ari zara EBZren kudeaketa interes-tasei dagokienez?
Ezohikoa iruditzen bazaigu ere, interes-tasak %2,5-%3ren bueltan izatea ohikoa da. %3,5en bueltan badira egun, ezin dira askoz gehiago jaitsi. Askoz gehiago jaisten badira, ez da batere ona, esan nahi duelako garapen ekonomikoko arazoa izaten ari garela. Ezohiko neurri bat hartzen arituko ginateke ezohiko egoera bat zuzentzeko. Beraz, arrazoizkoa dirudien inguru batera hurbiltzen ari gara.
Hori bai, enpresa bezala zure etorkizunean eragiten badu intere- tasen jaitsiera 0,25eko edo 0,5ekoaizateak, zure egoera edo desoreka finantzarioa zuzendu behar duzu, interesek ezohiko egoera batera zaramatzatelako.
Eta industriari lotuta?
Alemanek arazo bat dutela dirudi industria dela eta. Europako industriaren indargunea automozioa bazen, Txinak eta AEBk lortu dute kolapsatzea. Saiatu ziren dagoeneko dieselgatearekin. Hau potentzien arteko partida bat da, eta merkatuko hegemonia da jokoan dagoena. Eta bakoitza ikusten ari da nola irabazi besteari. Guri mina egiten ari dira. Gainera Europa konplexua da, bertan bakoitza bere bolara ibiltzen baita, eta gainera, migrazioaren kontu guztiarekin polarizazio handia gertatzen ari da.
Automozioa izaten ari da azkenaldian protagonista garrantzitsua.
Ekonomia ikuspegitik, nik uste dut gauzak ondo doazela. Badaude kezkarako alderdiak. Euskal Herriko automozio industrian frantsesen eta alemanen dependentzia nabaria dugu, eta normalean haiek eztula egiten badute, guk gripea hartuko dugu. Momentuz, ordea, ez. Uste dut industria oso lehiakorra dela. Era berean, esango nuke gure industria asko dibertsifikatu dela. Baditugu, aldi berean, %90 edo %100ean soilik konpainia batentzat lan egiten dutenak, baina hornitzaile kritikoak izan ohi dira. Eurentzat garrantzitsua da konpainia, baina konpainiarentzat eurak garrantzitsuak dira. Harremanean elkarrenganako dependentzia erabatekoa da. Ezin dira erraz baztertu, are gehiago automozioan, zeinetan planifikazioa zazpi urtera begirakoa den. Beraz, zentzu horretan, badirudi ekonomia ondo joaten ari dela. Interes-tasak egoeran laguntzen ari dira.
Inflazioa kontrolatu dela dirudi.
Prezioen eskalada kontrolatu dugu. Hori bai: %2an dago, baina dagoeneko igo den %8arekiko. Baina gutxi gorabehera bizi daiteke. Euskal Herrian soldatak jendeak bizi ahal izateko moduan daude. Halaber, Gini indizea deigarria da. Gauzak ondo egiten ari gara. Enpresak ondo egiten ari dira.
Politikan ere, ziklo bat amaitu da aurreko Eusko Jaurlaritzarekin,eta ziklo berria hasten ari da. Zorrotz izan behar gara, baina elkarlana ahaztu gabe. Aurkari politikoak dira, ez etsaiak. Aurkariak bagara, elkarlana sustatuko dugu herrialde hobea eraikitzeko. Hori ere badirudi nahiko ondo enfokatuta dagoela. Eta lanean jarraitzera.
"Orain, ekonomia ondo doanez, hausnartzeko unea da. Finkatzeko zer egin nahi dugun epe erdira, eta non egin behar diren inbertsioak hori garatu dadin"
Beraz, kezkarako ala positibo izateko arrazoi gehiago ditugu?
Alarma hotsak handik eta hemendik entzuten ditugu. Baina giza psikologiagatik, denok gara katastrofistak. Pentsatu ohi dugu dena joango dela gaizki: hain nago ondo norbaitetik zerbait etorriko dela hau izorratzera. Ez da beti gertatzen.
Gainiera, industria finantzarioa garatzen ari gara, gure enpresak inbertitzen ari dira, jende gaztearen soldatak onak dira. Zenbait eskapatzen zaizkigu, itzultzen ez direnak. Gauza hobeak topatzen dituztelako beste zenbait tokitan, izan garapen pertsonalagatik, izan enpresa motagatik. Herbeheretan enpresa handiagoak badaude, bada, zer egingo dugu. Aukera badugu ondoren talentu hori itzuli dadin. Izan ere, egia da kanpora doazen horiek nahi izaten dutela itzuli, eta oporretan hona etorri, beraz, errotzeren bat badago.
Eta garrantzitsua iruditzen zaidan beste alderdi bat: orain, ekonomia ondo doanez, hausnartzeko unea da. Finkatzeko zer egin nahi dugun epe erdira, eta non egin behar diren inbertsioak hori garatu dadin. Ezagutza-mapa, egitura finantzarioa eta nazioartean ditugun antena komertzialen sarea, horiek dira gakoak. Olatua datorkizunean, busti egiten zara; baina olatu hori ikusten baduzu, surfeatu egiten duzu.