Puntu laurden jaitsi ditu interes tasak Europako Banku Zentralak

Diru politika murriztailearekin jarraituko duela adierazi du Lagardek, eta inflazioa datorren urtera arte %2ko helburuaren gainetik izango dela aurreikusten du

Christine Lagarde gaurko agerraldian | Argazkia: EBZ Christine Lagarde gaurko agerraldian | Argazkia: EBZ

Aurreikusi bezala, %4,5etik %4,25era jaitsi ditu interes tasak EBZk. Azken lau hilabeteetan bere horretan mantendu ostean, %0,25 apaltzea erabaki du gaur Christine Lagarde buru duen bankuaren Gobernu Kontseiluak. Horrela, gordailu-tasa %3,75era jaitsiko da, eta mailegu-erraztasunarena % 4,50era.

Azken 20 urteetako maila altuenean dira interes tasak. Izan ere, iazko urrira arte hamar aldiz igo zituen tasak EBZk. Argudiatu dutenez, inflazio aurreikuspenak eta azpiko inflazioaren dinamika erreparatuta, egokia da moneta-politikaren murrizketa maila arintzea.

Informazio gehiago Interes tasa altuen bukaeraren hasiera?

Erabaki honek maileguen merkatzea eragingo du, eta Europako ekonomia suspertu ahal izango du zertxobait. Iazko bigarren seihilekoan atzeralditik gertu egon zen eurogunea, nahiz eta 2024ko lehen hiruhilekoan bertako ekonomia %0,3 hazi den.

Gaurko erabakia hartuta, diru politika murritzailearekin jarraituko duela adierazi du EBZk, inflazioa %2ra jaistea nahi dute eta. Hala, ez dirudi aurten jaitsiera askoz gehiago egongo direnik. "Barne inflazioaren presioa handia da oraindik, soldaten hazkunde handiaren ondorioz, eta litekeena da inflazioak helburuaren gainetik jarraitzea datorren urtera arte", azaldu du Lagardek.

Banku zentralak inflazioaren aurreikuspenak berrikusi ditu. 2024an %2,5koa eta 2025ean %2,2koa izatea espero du. 2026an %1,9ra ailegatzea aurreikusten du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK