
Noël d'Anjou EAEko Ogasun eta Finantza sailburua Ekonomia Berriaren Foroan izan da gaur, eta iragarpenak egiteko baliatu du aukera. Batetik, jakinarazi du Aste Santua baino lehen egingo dela Itun Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren hurrengo bilera, aintzat hartuta Ekonomia Ministerioarekin egiten ari diren negoziazioak. Sailburuak aurreratu du dagoeneko badagoela oinarrizko akordio bat erkidegoei zorra barkatzeak EAEk ordaintzen duen kupoan eragin ez dezan.
Jakina denez, Espaniako gobernuak iragarri zuen autonomia erkidegoei 83.000 milioi euroko zorra barkatzeko asmoa zuela, amortizazioa estatuak berak bere gain hartuta. Aitzitik, horrek zuzenean eragingo luke kupoan, hau da, EAEk ogasunetan egiten den diru bilketatik Espainiako gobernuari ordaintzen dion parte horretan. Izan ere, kupoaren parte batek zerikusia du Estatuaren zorrarekin, eta erkidegoei barkatzen diena gobernuak hartu beharko luke bere gain zor hori handituta. "Zorra kitatzeak ezin ditu penalizatu zorroztasun eta erdura ariketa egiten dutenak".
Finantzen Aliantzarako bideratutako dirua aurki legebiltzarrean
Bestetik, martxo hasieran Eusko Jaurlaritzak eta bederatzi finantza erakundek protokoloa sinatu zuten Finantzen Euskal Institutura 1.000 milioi euro bideratzeko, EAEko ekonomia eraldatzeko helburuarekin, bereziki industria, teknologia, zientzia eta energiaren alorrak. Enpresen errotzea eta haien hazkundea bultzatzea bilatu nahi dute diru horrekin.
Hori aurrera atera dadin, baina, Legebiltzarraren oniritzia beharrezkoa da, eta d'Anjouk jakinarazi du apirila amaieran gertatuko da hori. Lehenik, baina, Gobernu Kontseilutik pasa behar da. "Une honetan badugu nahitaezko txostenen mende jartzen ari den lege-aurreproiektu bat egina, eta Gobernu Kontseiluari helaraziko diogu, onar dezan”.
Legebiltzarrean aurrera egingo balu, udarako inbertsio plana eginda izatea aurreikusten dute. Plan horrek lagunduko luke definitzen "lankidetza publiko-pribatuko finantza-tresna edo inbertsio-tresna berriak, kapitala mobilizatzeko eta inbertsioa sustatzeko asmoa dutenak. Finkatuz sozietate publikoa sustraitzean inbertitzeko dugun bezala, beste tresna publiko-pribatu batzuk izango ditugu", kontatu du Ogasun sailburuak.
Inbertsio plana aholkularitza etxe batek egingo du, oraindik zehazteke badago ere nork. Haren esku izango da plangintza ezartzea eta aliantzaren jarraipen teknikoa egitea.
Aliantza horretan parte hartuko dute, besteak beste, BGAEek. Egun EAEko aurrezkien %1 inguru kanalizatzen dute, nahiz eta “lehen aldiz 30.800 milioi euroko ondarea gainditu duten. Kopuru horrek EAEko BPGaren heren bat hartzen du”. Horri bultzada emateko neurriak iragarri ditu d'Anjouk.