Enpresari askoren esanetan, auzitegiek langile baten kaleratzea bidezkoa dela onartzeko, langilearen arau-haustea oso larria izan behar da. Izan ere, kexa asko entzuten ditugu horren harira.
Baina zertan datza arau-hauste oso larria? Lan zuzenbidearen arloan gabiltzanok jakin badakigu larritasuna ez dela zertan diruaren kopuru handiarekin lotuta egon behar.
Adibidez, Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi du bidezkoa dela langile baten diziplinazko kaleratzea, bezeroentzako ziren deskontu kupoiez jabetzeagatik. Kasu honetan, langileak 2007 urtetik ematen zituen zerbitzuak supermerkatuko kutxazain lanetan. 2021. urtean kaleratu zuten deskontuko bi kupoi bereganatzea egotzita, bezeroentzako hiru eta bederatzi euroko deskontua zeukatenak, gero bere onura pertsonalerako erabiltzeko.
Enpresaren ustez, gertakari horiek arau-hauste oso larriak ziren, aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboan eta Langileen Estatutuan xedatutakoaren arabera, eta, beraz, kaleratzearekin zigortu zitezkeenak. Langileak kaleratzea inpugnatu zuen, eta Lan Epaitegiak kaleratzea bidegabetzat jo bazuen ere, enpresak helegitea jarri ondoren, Andaluziako Auzitegi Nagusiak baliogabetu zuen hasierako epaia, kaleratzea bidezkoa zela adieraziz, fede onaren betebeharraren arau-haustea berez ematen dela argudiatuz. Gainera, zehaztu zuen ezin dela beste inolako elementuetara jo (ebatsitako kopuru txikia adibidez) langilearen jokabidea arintzeko.
Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen bigarren epai hau, honako gogoeta hauetan oinarrituta: lehenik eta behin, saltoki handien sektoreko Espainiako Estatuko 2021-2022 Hitzarmen Kolektiboak hutsegite oso larri gisa, zenbait jokabide sartzen dira, eta horien artean, berariaz, bezeroentzako deskontuak edo etekinak bidegabe eskuratzea.
Epaitegiak gogorarazi du enpresaren ondasunez jabetzea nahita egindakoa zela, eta enpresari eta bezeroei kalte ekonomikoa eragiteaz gain, kontratuzko fede onaren betebeharra urratzea eta konfiantza galtzea eragiten dituela. Beraz, kendutakoaren balio ekonomikoa txikia bada ere, kaleratzea justifikatzen du. Horrez gain, enpresak, deskontu-kanpaina hasi aurretik, berariaz jakinarazi zien langileei, bezeroen deskontu txartelak erabiltzeko debekua, beraz, leialtasuna gehitu behar zaio enpresaburuaren aginduak eta jarraibideak ez betetzeari.
Kontuz, beraz, batzuetan jokabide txikiek, garrantzia handia eduki dezakete eta.