Berrogeita hemeretzi urte baino gehiago izanda ere, bat izan ahal da, adibidez, Estatu Batuetako lehen jaun, Eliza Katolikoko Aita Santu, Txinako Errepublikako buruzagi goren, Europako Batzordeko presidente edo Ukrainian edo Gazan guda hasten duen estatu bateko buruzagi. Etxerago etorrita, enpresarien elkarteko presidente ere izan daiteke, adibidez, emakume bat. Ostera, 59 urte bete dituenak, ezin du ELA sindikatuko Zuzendaritzan egon. Albiste hori irakurri dugu duela egun gutxi: Mikel Noval politika sozialeko eta ingurumenerako sindikatuko buruzagiak, Zuzendaritza utzi behar izan du, barne estatutuen arabera zuzendaritza-kideen adin muga 59 urtetan ezarrita dagoelako. Aurpegi berriak sar daitezela lehenestea dute helburu, antza.
Gutxienez atentzioa ematen du erretiroa 67 urtetan ezarrita dagoen gizartean. Diote estatistikek 55-59 urte bitarteko langileak Espainiako Estatuan 4 milioitik gora direla, inoiz baino gehiago. Aldi berean, lan egin nahi baina ezin duten langabetu gehienak 45 urtetik gorakoak dira.
Lan istripu bat izateko aukera gehiago dauzka 55 urtetik gorako langile batek. Baina, adibidez, 59 urtetik aurrerako irakasle eta hezitzaile publikoek arreta zuzeneko orduak edo irakastorduen murrizketa eska dezakete. 45 urtetik aurrerako langile publikoak hizkuntz eskakizuna egiaztatzetik salbu daude. Finantza entitateetako bulegoetan nekez topatuko dugu 57 urtetik gorako langilerik. 59 urterekin erretiratu ahal dira ertzainak. 55 urterekin toreroak.
Hego Euskal Herriko biztanleok, batez beste, 44,72 urteko adina daukagu. Ziur asko gure historian ezagutu den gizarte zaharrena gara. Historiako zaharrena eta historian ondoen zaindutakoa esan beharko dugu baita ere. Gurean 25 eta 29 urtekoen artean da gorenena lan-jarduera tasa. Baina, aldi berean, gaur egun 20-64 tartean dauden pertsonak 0-19 urte daudenak baino %50 gehiago dira. Zaharragoak gara eta, diote adituek, adinean aurrera produktibitatea jaitsi egiten da eta ekonomiaren hazkundea murriztu.
Langile nagusiak nagusi pertsona nagusien gizarte batean, kanpoko lan esku gaztearen etorreraren zain. Gauzak horrela, 59 urteko langileentzako lan merkatua toki apropos bihurtzea beharrezkoa da, lanpostuetarako behar diren eskakizunak aztertuz eta adineko langile batek eman dezaken esperientzia eta jakintza baztertzeke, belaunaldi berriekin eskuz-eskuz, batak besteari ikas diezaion. Zeren behar bada langile guztien helburua ez da izango ELAko zuzendaritza-kide izatea, baina, bai baten batena, agian, munduko estatu boteretsu bateko presidente izatea.