Joan zen uztailean argitaratu zen adimen artifizialaren arloan arau bateratuak ezartzen dituen Europako Erregelamendua, eta abuztuaren 2az geroztik dago indarrean, ez osorik, zeren zati batzuk 2025ean sartuko dira indarrean, eta beste batzuk, 2027an. Zalantza barik, arau honek eragina izango du adimen artifiziala garatzen edo ezartzen ari diren enpresengan.
Arauaren helburua da Europako barne-merkatuaren funtzionamendua hobetzea eta AA sustatzea, gizakia eta fidagarritasuna ardatz hartuta, eta, aldi berean, osasunaren, segurtasunaren eta oinarrizko eskubideen babes maila handia bermatzea. Aplikagarri izango zaie Europako merkatuan AA sistemak merkaturatzen edo erabiltzen dituzten hornitzaile, inportatzaile edo banatzaile guztiei, euren kokalekua edozein izanda ere. Baina baita ere aplikatuko zaie Batasuneko merkatuan AA erabiltzen duen produktuetako fabrikatzaileei edo produktuarekin batera AA sistema bat zerbitzuan jartzen duten fabrikatzaileei, alegia, AA erabiltzen duten produktuak hedatzeaz arduratzen den enpresari. Kontutan izanda gaur egun berrikuntzari lotuta aurkezten diren proiektuen ehuneko oso handi batek AA erabiltzen duela, adi egon beharko Erregelamenduak ezartzen duen arauketari.
Erregelamenduak AA sistema bakoitzaren arriskua du oinarri obligazioak ezartzeko orduan. AA sistemak kalte bat sortzeko duten probabilitatea eta kalte horren larritasunean oinarritzen da arrisku sistema. Ondorioz, onargarri ez diren AAko zenbait jarduera debekatzen ditu, eta arrisku handiko AAko sistemen operatziaileek bete behar dituzten betebeharrak definitzen ditu. Arrisku handia ez duten sistementzako, gardentasuna izateko obligazioa ezartzen du.
Debekatzen dituen jardueren artean zerrenda luzea da, hala nola modu subliminalean pertsona zein pertsona talde baten jarrera aldatzera bideratutako teknika manipulatzaileak, edo aurpegia ezagutzeko datu-baseak sortzen edo zabaltzen dituzten AAko sistemak erabiltzea, internetetik edo telebista-zirkiuitu itxietatik aurpegi-irudiak modu ez-selektiboan ateratzearen bidez.
AA sistemak erabiltzen duten enpresentzako ezinbestekoa izango da, beraz, bere jardueraren arrisku maila ebaluatzea, eta ondorioz, ikustea sistema hori debekatuta dagoen, edota arrisku handiko jardueren artean ote dagoen, eta hortaz, arriskuak kudeatzeko sistema bat garatu behar duen, AAren erabilerak sortu ahal dituen arriskuak zehazteko eta aztertzeko eta sistema beraren helburuetarako erabiltzen den ala ez ebaluatzeko. Ala, ostera, jarduera arrisku handikoa ez izanda, gardentasun obligazio batzuk baino ez dituen bete behar. Edo, azkenik, jarduerak bat ere arriskurik ez izanda, obligazioak betetzetik salbu geratzen ote den.
Erregelamendua modu mailakatuan sartuko da indarrean, eta beraz, oso-osorik 2027ko abuztutik aurrera bete beharko da, tartean daudela arriskuen ebaluazioetatik eratorritako obligazioak. Denbora gehiegi behar bada AAren garapenaren abiada ikusita, gerta daitekeelako Erregelamendua bera zaharkituta geratzea. Baina, bestalde, denbora ematen die AA sistemak hedatu, fabrikatu edo banatuko dituzten enpresei beren proiektuen arriskua aztertzeko, berrikuntza arrisku mailarekin uztartuz. Erronka honetan teknologia eta zuzenbidearen ezagutza eskutik joango dira, ezingo baita arriskurik ebaluatu bi osagaietako bat ezagutu ezean.