Oraindik urtearen lehen laurdena bukatu ez, eta zalantza barik 2025eko hitzetako bat adimen artifiziala izango da. Halako batean dena da AA, eta denborak esan beharko du zer den erabilgarria, zertan den onuragarri eta zer ez den datu-base erraldoi errepikakor bat. Momentuz, azken hilabetean bi albiste garrantzitsu ekarri digu AAren arautzeak: alde batetik, martxoaren hasieran onartu du Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak AAren erabilera ona eta gobernantzarako Legearen aurreproiektua. Lege honek, presazko prozeduraren bitartez tramitatuko denak, Espainiako legeriara egokituko du Europako Parlamentuko eta Kontseiluko Erregelamendura, adimen artifizialaren gaiean arau armonitzatzaileak ezartzen dituena. Europako araua 2024ko abuztuan sartu zen indarrean, eta baldintza eta betebehar zehatzak ezartzen dizkie AAren erabilera jakinak garatzen dituztenei. Baldintzak eta betebeharrak AA sistemaren arriskuaren arabera ezartzen dira eta lau arrisku sistema ezartzen ditu gutxienetik onartezinera.
Giza eskubideentzat onartezinezko arriskuak sortzeagatik, indarrean sartu ziren otsailaren 2an Europako Erregelamenduak AAren erabileran debekatutako praktikak, berri-berria daukagu indarraldia. Debeku horiek urratzen dituzten enpresek 35 milioi arteko isunak jasan ahal izango lituzkete. Zeintzuk dira honezkero debekatuta dauden praktikak?
- Teknika subliminalak erabiltzea (irudi edo soinu antzemanezinak) adostasunik gabeko erabakiak manipulatu ahal izateko, eta horren ondorioz pertsonei kalte dezente sortzea.
- Adinari, desgaitasunari edo egoera sozioekonomikoari lotutako zaurgarritasun egoeraz baliatzea enpresak onura bat lortu ahal izateko.
- Pertsonak biometrikaren arabera sailkatzea.
- Pertsonak puntuatzea eta hautatzea giza jokabidean edo pertsonen ezaugarrietan oinarrituta.
- Lantegietan edo ikastegietan emozioak sorraraztea laneko ebaluazio egiteko.
Lan munduan AAren erabilera zabaltzearekin batera enpresek lege-egokitzapena egin beharko dute eta debekuen mugak ezarri. Arrisku desberdinei lotutako debekuak poliki-poliki joango dira indarrean jartzen, 2027ko otsailean guztiak indarrean egon arte.
Egia esan, jostailu berriak demaseko aukerak eta baliabideak ekartzearekin batera, itzelezko tentazioak dakarzki pertsonen eskubideen urraketan pauso bat aurrera egin dadin, batez ere pertsonok kontsumitzaile eta langile garen neurrian, alegia, gure bizitzako alor guztiak ukitu ahal ditu. Legedia betetzen dela bermatzeko erabakiorra izango da administrazioaren jarduna, ikuskatzea eta isunak jartzeko ahalmena. Baina ezingo da baztertu bai norbanakoen bai gizarte eragileen kontzientzia maila eta ahalduntzea. AAren garapenak ez gaitzala harrapa herritarrak gure eskubideez jabetzeke.