Egun gogorra izan zen atzokoa. Donald Trumpen muga-zergen inguruko performancearen ajeak energia guztia xurgatu zidan, egia esan. Eguerdi partean, atseden apur bat hartzeko begiak itxi eta musikaren lasaitasunaren bila jo nuen plataforma batera. Sam Cookeren Wonderful World kanta ezaguna aukeratu zidan algoritmoak. Oharkabean letrari erreparatu nion: “Don't know much about history… Don't know much geography… But I do know that I love you. And I know that if you love me too. What a wonderful world this would be”. Masokismo puntu batean, buruak segituan lotu du kanta Trumpekin. Ez dakit, egia esan, nor maite duen AEBetako presidenteak. Bere burua baino ez duela maite esango nuke. Baina garbi dut ez dakiela asko ez historiaz, ez geografiaz. Eta are gutxiago ekonomiaz.
Agintean daraman denbora honetan Espainia BRICeko estatuen artean zegoen galdetu du, Lesoto inork inoiz entzun ez duen herrialde gisa definitu du eta asteazkenean itsas txakurrak eta pinguinoak baino bizi ez diren Heard eta McDonald uharteei %10eko zerga muga ezarri zien. Historiaz ere gutxi daki Etxe Zuriko maizterrak. XIX. mendearen bukaeran agintean egon zen William McKinley presidentea goraipatu du behin eta berriro Trumpek, AEBeko historiako garairik distiratsuena izan zela aldarrikatuta, eta Ipar Amerikako mendirik altuenari ere bere izena eman dio.
Normala da Trump hain McKinley zalea izatea. Presidente inperialista izan zen, Kuban Espainiarekiko gerra hauspotu eta Hawaii eskuratu zituena. Arantzelen erregetzat definitu du askotan Etxe Zuriak Mckinley, abian jarritako politika protekzionistari esker Estatu Batuen ekonomiak inoizko hazkunderik biziena izan zutelako. Ahaztu egiten zaio Donald Trumpi, ordea, garai horretako hazkundea mendebalde osoan orokorra izan zela eta teknologien aurrerapenari esker eman zela batez ere. Baina bada ezagutzen ez duen ñabardura garrantzitsu bat. McKinleyk bere agintaldiaren bukaeran ziaboga egin, protekzionismoa baztertu eta atzerriko merkatuetara zabaldu baitzen. Ez zuen ondo bukatu, bere ideiak publikoki defendatu eta hurrengo egunean hil baitzuten McKinley.
1930ko hamarkada izan da Trumpek ezagutzen ez duen AEBeko historiaren beste garai bat. Depresio Handiaren ostean Hoover presidenteak Tariff Act (Hawley-Smoot legea) onartu zuen, nekazal produktuei ezarritako arantzelak igo eta bestelako inportazioei ere zabalduta, industria alorreko eragileak kontra agertu eta ekonomialari askok atzera egiteko eskatu bazuten ere. Neurri protekzionistek are gehiago hondoratu zuten AEBeko ekonomia eta 1933an Rooseveltek legea bertan behera utzi behar izan zuen.
Ekonomiaz ere gutxi omen daki Trumpek. AEBk jasotako muga-zergen informazioa manipulatu du, kalkulutik zerbitzuak kanpo utzita, horretan superabit nabaria duelako. Hainbat izan dira bere erabakien ondorioez ohartarazi dutenak, inflazioa handitu eta amerikarren poltsikoak nabarmen kaltetuko baititu. AEBrentzat, gainera, aurreikusi gabeko albo kalteak ekarriko ditu. Estatu Batuak ez dira Sam Cooken garaiko lider ekonomiko hori. Txina laster garaituko zaio BPGren aldetik, dagoeneko lehia teknologikoan (adimen artifizialaren alorrean gertatutakoa ikustea baino ez dago) Asiak aurrea hartu dio eta autogintzaren alorrean Txinako autoak Teslakoak baino gehiago saltzen dira. Bestalde, orain arte izan dituen bidelagun historikoak (Kanada eta Europa) behin eta berriro mespretxatu ditu Trumpek, eta merkatu eta aliatu berrien bila hasi dira.
Ez du ematen Trumpek bere erabakien ondorioak ondo aztertu dituenik. Analisi etxe nagusiek atzeraldian sartzeko arriskua %40ra igo dute eta BlackRockeko buruak ere kezka azaldu du. Mike Pence bera ere, bere lehen agintaldian Etxe Zurian izan zuen presidente ordea, publikoki agertu da muga-zergen aurka, zeharkako zergen igoera dela esanez.
Geografiaz, historiaz eta ekonomiaz ez dakien presidente honek, ba al du merkataritza gerrarena irabazi ezin duen guda dela esango dion norbait? Ba al dago abiatu duen gatazkaren ondorioez ohartarazi dion inor? Gurpil zoro honen barruan… ba al dago inor bolatean?