Arthur Schopenhauer filosofoak esan zuen bezala, "Aldaketa da gauza aldaezin bakarra". Esaldi honek argi uzten du dena etengabe aldatzen dela, edo hala izan beharko lukeela. Gaur egun, aldaketa horietako bat diru fisikoaren desagertzea izan daiteke, eta Europan, agian, ez gaude hain urrun.
Duela 20 urte baino gehixeago Tokion hilabete batzuetarako lan egiteko aukera izan nuen. Harritu egin ninduen metroan mundu guztia bere pantailei begira ikusteak. Liburuak eta egunkariak desagertuak ziren. Uste nuen mugikorren pantailekiko mendekotasun hori ezinezkoa zela hemen. Oker nengoen. Dena iristen da. Orain, nire bizitzan bigarren aldiz, beste aldaketa-olatu bat ekialdetik datorrela ikusten dut.
Gaur egungo Txina superpotentzia bat da. Beijingo kaleetan paseatzea nahikoa da aldaketa, bilakaera ulertzeko. Superpotentzia ekonomiko eta militarra da, eta ziztu bizian aldatzen da. Kontrol sozial eta teknologikoa sinestezina da, eta azken izkinaraino iristen da. Duela egun batzuk izan naiz lehen aldiz Beijingen. Zalantzarik gabe, artikulu hau irakurtzen duten pertsona askok ondo ezagutzen dute Txina, euskal profesional askok lan egiten baitute merkatu horretan. Pertsona horietako batzuek funtsezko aholkuak eman zizkidaten ondo moldatzeko. Aholkurik onena, ongi instalatuta eramatea eta WeChat eta Alipay aplikazio mugikorrak konfiguratzea.
WeChat Tencent-en jabetzakoa da, Txinako teknologia enpresarik handiena eta munduko joko konpainiarik handiena. Alipay Alibaba Group-ena da, Interneteko merkataritza elektronikora dedikatzen den erraldoia, business-to-business salmenta atariak, txikizkako salmentakoak eta kontsumitzaileen arteko salmentakoak barne. Zergatik dira funtsezkoak? Izan ere, diru fisikoa, eta plastikoa bera ere (txartelak) desagertu egin da. Nonahikoak dira. Hotel handi batetik kaleko azken posturaino, horiek dira ordainbideak.
Mundu globalizatu honetan, martxa ezberdinetan goaz. Leku batean normala dena, beste batean erabat anomalia izan daiteke. Adibidez, Suedian, ordainketa elektronikoak eta diru digitala eguneroko bizitzaren parte dira jada, eta diru fisikoa ia desagertu da. Baina, beste herrialde batzuetan, hala nola Alemanian edo Euskal Herrian, diru fisikoak oraindik ere garrantzia handia du, eta jendeak sarritan nahiago du eskudirutan ordaindu. Egia da laster izango dugula zerbitzu berri bat bide beretik eramango gaituela agintzen duena, baina gaur-gaurkoz nork ez darama karteran billeterik?
Oztopo kulturalak eta herrialdeen arteko ezberdintasunak alde batera utzita, joera batzuk uste baino lehenago zabaltzen eta gauzatzen dira. Teknologia berriek eta ordainketa-sistema digitalen garapenak diru fisikoaren erabilera murrizten ari dira. Gainera, pandemiak prozesu hau azkartu du, jendeak kontakturik gabeko ordainketak lehenetsi baititu segurtasun arrazoiengatik.
Hala ere, diru fisikoaren desagertzeak hainbat erronka eta galdera sortzen ditu. Zer gertatuko da adineko pertsonekin edo teknologia berrietara sarbiderik ez dutenekin? Nola bermatuko da pribatutasuna eta segurtasuna ordainketa digitaletan? Eta, azkenik, nola eragingo du honek ekonomia informaletan?
Galdera hauek erantzun beharrekoak dira, baina argi dago aldaketa hau ezin dela saihestu. Diru fisikoaren desagertzea Europan ez da soilik aukera bat, baizik eta gero eta hurbilago dagoen errealitate bat.
Diru fisikoaren amaiera iritsiko da. Segur aski, guk uste baino lehenago. Bi talde pribatutatik dena pasatzea ikaragarria da. Europan imajinatzen dugu geure burua, adibidez, Googleren edo Amazonen mende soilik? Gizarte bezala prestatu behar dugu. Ezin diegu hainbeste botere eman teknologia enpresa gutxi batzuei. Zer eginkizun dute gobernuek horretan guztian? Handia izan behar duela uste dut. Paradoxa gutxi bezala da, “Chairman Mao” ia profeta bat den herrialde bat izanik, hiritarrarekin zuen harreman nagusia desagertu egin dela: diru-papera.