Aholku beharrean

Zein zaila den datorrenari erantzuteko laguntza behar dugula aitortzea. Enpresa baten hastapenetan bazaude edo egon bazara, ziurrenik denetarik egitea tokatu zaizu. Pertsona gutxiko entitate batean nahi eta nahi ez ezagutzen ez ditugun edo arituak ez garen egitekoak aurrera ateratzen ditugu: komunikazioa, salmentak, produktua eta baita finantzen inguruan ere egiten ikasten dugu. Baina denborak eta enpresaren tamainak aurrera egiten duenean, egitekoak banatu egiten dira, metodoak ezarri eta lan taldeka antolatzen gara. Lanpostuak espezializatu egiten dira, eta zuhurtziaz, egiteko horretan arituak diren pertsonak kontratatzen ditugu. Aldiz, enpresa sortu edo zuzendaritzan dauden pertsonak —normalean enpresaren hazkundea zuzendu duten horiek— estimulu, ezagutza eta laguntza beharrean izaten dira, eta tresna eta aholku eske hasten dira.

Enpresa baten sortzailearen lana oso bakartia da. Ez da jende asko bide hori egin duenik eta ibilbidean diren oztopo eta erronkei aurre egiterako orduan, ez da MBA edo masterrik hori erakusten duenik. Gure kasuan, hau berehala detektatu dugu. Enpresa beste fase batean sartzen ari da, eta eszena horretan ezagutza eta esperientziarik gabe, aurrera pausuak emateko laguntza eta aholkularitza behar genuela aitortu genuen. Hori dela eta, aholkularitza kontseilu bat sortzea erabaki genuen, hazkundea gidatu eta epe luzera oztopo berriak gutxitzen lagunduko diguna. Baina zergatik sortu aholku batzorde bat?

Hazkundean diren enpresek —sarritan ideia berritzaileak dituzten baina esperientzian mugatuta dauden ekintzaileak buru izanik— onura handia atera dezakete industriako edo sektorean lehenago arituak izan direnen ezagutza eta esperientziatik. Aholkulariek barrutik ikusgaitzak diren perspektibak eskaintzen dituzte, akats komunak saihesten eta aukera estrategikoak aprobetxatzen lagun dezaketenak. Normalean, enpresak operatzen duen sektore edo merkatua ezagutzen duten pertsonak izaten dira, eta enpresa dagoen ondorengo eszenatoki eta tresnak —finantzarioak, estrategikoak, salmentakoak, etab.— ezagutzen eta erabili dituzten profesionalak normalean. Bestalde, aholku batzorde bateko kideek kontaktu-sare zabalak izan ohi dituzte industrian. Lotura horiek aliantza estrategikoak errazten dituzte, lankidetzak, inbertitzaileak eta bestela eskuraezinak liratekeen ateak erakartzeko. Aholku batzorde batek ere epe luzerako orientazio estrategikoa emateko foro ona izaten da. Sarritan egunerokoan sartuta dauden ekintzaile eta zuzendaritza taldeak ez du epe ertainean edo luzean pentsatzeko astirik izaten, eta zuzenean mantentzen eta bere helburuak merkatuko joerekin eta industriako jardunbide onenekin lerrokatzen laguntzen dute aholkulariek. Behar beharrezkoa. Azkenik, baliteke aholku batzorde batek ere, hain zuzenki ez, baina zeharkako aktibo edo baliabide ugari ekartzea. Errespetatutako pertsonez osatutako aholku batzorde batek handia eta ezaguna ez den enpresa batean sinesgarritasuna areagotu dezake inbertitzaileen, bazkideen eta bezeroen aurrean. Izeneko aholkulariak izatea konfiantzazko botoa izan daiteke negozioaren bideragarritasunean eta potentzialtasunean.

Amaitzeko, ezagutza, aholku edota baliabideen beharrean bazaude —enpresaren etapa edozein dela ere— inspiratzen zaituzten pertsonekin harremanetan jartzeko aholkatuko nizuke. Askotan ez dugu gehiago behar izaten, kanpotik aholku edo ideiak eman diezazkiguketen pertsonak inguruan izatea baino. Aholkularitza batzordea ez baita hori besterik, miresten eta ondoan ditugun esperientziadunen laguntza profesionalizatzea baino.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK