Aniztasunaren balioa

Bidaiatzen duzunean konturatzen zara aniztasunak duen balioaz eta desberdintasun horretaz dugun premiaz. Sarritan, gure burbuila sozial, profesional eta pertsonalean bizi gara. Eroso sentitzen gara eta honek ez dizkigu istilu asko sortarazten. Oraingoan, lan kontuek atzerrira eraman naute, beste kontinente eta hemisferio batera. Bertan, elkarrizketa eta bilera ugari sortzen dira, lan kontuak, konpromiso sozialak eta lagunen arteko topaketak. Jendeak ni ezagutzeko jakinmina du, zer egiten dudan, nola lan egiten dugun, nolakoak diren gure proiektuak, gure lana, ohiturak, hizkuntza, eta abar luze bat. Horrek hausnarketa propioa egitera bultzatzen nau eta bestea entzuteko aukera paregabea da, sarritan eta egunerokotasunarekin lantzen ez dugun gaitasuna.

Jatorri, kultura, sexu, adin, profesio, jakintza-arlo eta bizi-esperientzia desberdinak dituzten pertsonekin elkartzeak aberastasun handi dakar, begirada zabaltzen du eta norberaren erreferentziak berrantolatzera bultzatzen gaitu. Horretaz gain, leku desberdin horien une historikoa, egoera soziala, ekonomikoa eta politikoa, eta ohiturak desberdinak eta dinamikoak dira. Horrekin guztiarekin, polikromia interesgarri bat eskaintzen da gure aurrean.

Esperientzia eta aukera horiei etekin handiena ateratzeko irekitasunez jardun behar dugu. Ezin ditugu gure estandarrak aplikatu, besteenak epaitu edo etxekoarekin alderatu. Batzuetan, gonbidatuak izateagatik nagusi sentitzen gara edo nagusi sentiarazten gaituzte. Apaltasunez aritu behar gara elkartruke horretan, irakasteko bezainbeste ikasteko dugu eta. Benetako jakin-mina eta interesa izan behar dugu ikasteko eta desberdina den hori ezagutzeko.

Aniztasunak desberdintasuna ere agerian jarri dezake, desadostasunera eta eztabaidara eramanez. Horiek kudeatzeko benetan eta sakon entzun behar dugu, eta gure negoziazio- eta lidergo-trebetasunak praktikan jarri. Bestea konbentzitzeko beharrean, ulertzeko hitz egin beharko genuke, eta hori ez da beti gertatzen.

Esan bezala, bidaiatzea ondo dago eta aukera paregabea da aniztasuna bizitzeko eta aprobetxatzeko. Hala ere, ez gara zertan etxetik mugitu gure inguruan aniztasun hori bilatzeko eta sustatzeko. Agian ez da hain exotikoa izango, baina bai hain baliotsua eta beharrezkoa. Atera gaitezen, orduan, gure burbuilatik gure sinesmenak, balioak eta iritziak zalantzan jartzeko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK