Enpresa guztiek behar dute antolakuntza egituratu bat. Horretarako funtzioekin, eskumenekin, espazio bakoitzaren erabakimenarekin eta beste hamaika parametrorekin antolakundeek joko zelaia eta arauak marrazten dituzte, jardueraren funtzionamendua ahalik eta eraginkorrena izan dadin.
Enpresaren antolakuntzarekin lotura duen guztiak bezala, hamaika egilek egin dituzte bere ekarpenak. Enpresak antolatuta egoteko modua, aginte-katea edota erabaki espazioak enpresa bera aztergai bilakatu zenetik landutako gaiak dira eta enpresa zuzendaritzaren funtzioa da egitura honi forma ematea.
Antolaketak berak, funtzionatzeko arau eta baloreekin batera osatzen dute enpresa kultura. Eta, hala ere, bada araudien eta aurrez diseinatutako prozesuen zirrikituetatik enpresei darien “zera” bat, aurretiaz eraikitako armadura osoa alde batera edo bestera eramaten duena: antolaketa informala.
Antolaketa informala enpresaren araupeko egituratik kanpo, giza harremanetan sortzen diren dinamika ezberdinek osatzen dute. Hain da garrantzitsua, arlo hau ere zuzendaritzatik ezagutzea, elikatzea eta ahal den kasuetan bideratzen ahalegindu ohi direla enpresetako zuzendaritzak: elkarrizketarako eta atsedenerako espazioak zainduz, sozializatzeko ohiturak sustatuz… baina espazio hauek, definizioz, ez daude enpresa zuzendaritzaren esku. Are gehiago, maiz antolaketa informalek eta arautuek, esparru hauetan bat egiten dutenean, elkarren logikarekin talka egiten amaitzen dute.
Espazio informaletan sortzen diren informazio fluxuek eta harremanek enpresa baten funtzionamendua modu “ikusezin” eta isilean bultza dezakete zuzendaritzak nahi duen norabidean, edo berdin izan daitezke erresistentzia eta fronteen eraikuntzarako espazioak. Zenbait kasutan, botere paraleloa ere bilakatzen dira bilera osteko bilerak, gune arautuetan erabakitakoa deserabakitzeraino.
Hala izanik ere, han eta hemen, sektore eta tamaina ezberdinetako enpresetan izan dudan ibilbidean espazio informal hauek zaintzaren errepublika txikiak izan dira niretzako, beste behin ere, sistema ekonomikoaren eta enpresen mapetan agertzen ez direnak.
Une zehatz batean egunerokotasunean sortzen diren arazoei aurre egiteko, aholkuetarako, sostengurako edo egunero joaten jarraitzeko indarra biltzeko espazioak izan dira. Zenbat aldiz ez ote dugu entzun “zuengatik ez balitz…”?
Lan harremanaz gaindi heltzen diren zaintza sareak hor geratzen dira, bakoitzak bere bidea egin ostean ere. Willis Drummondek zioen denborak egiten gaituela anai. Halakoetan, prekarietateak, estualdiak, larriak ere ahizpatzen gaituzte. Whatsapp talde eta urteroko erritual forman geratzen dira bizitakoaren arrastoak: bazkari bat, mendi irteera bat, kontzertu bat… elkartzeko aitzakia bat dira, elkarrekin bizitakoa oroitu eta aurrera egin izana ospatzeko, dagoeneko elkarrekin ez bada ere. Horiek dira, akaso, soldaduskarik egin ez dugunon soldaduskako lagunak. Zein ikusezinak izan ohi diren harreman hauek aterpea jarri izan dieten enpresentzat, nahiz eta enpresen antolaketako hainbat gabezia estaltzeko edo horiekin bizitzen jarraitu ahal izateko makulu izan.