"Apocalypse Now"

Oraindik ikusi ez baduzu, irakurle, begiratu Eustatek kaleratu berri duen 2023 Lana, familia eta norberaren bizitza bateratzeari buruzko inkesta; gurean ederki jaso zen horren berri zehatza, hemen irakurri dezakezuna. 

Lanaren neurrira egokitzen gara bizitza aurrera eraman ahal izateko, baina gero eta zailago da. Beste planeta batekoa ez bazara, behintzat, ez zaizu harrigarri egingo irakurtzea lana eta bizitza uztarri berean jartzeko zailtasunak gero eta handiagoak direla eta azken neurketak, gainera, okerrera egiten ari garela ondorioztatu duela. Ikerketa berak dioenez, etxeko eta zaintza-lanak hobetoxeago banatzen ari omen gara gizon eta emakumeen artean, baina ordain ekonomikorik ez duten lan horietan ematen dugun denboran hurbiltzen ari bagara ere, urruti gaude oraindik orekatik, sorpresarik ez, emakumeon kaltetan. Datu objektiboek esaten dute emakumeok denbora gehiago ematen dugula zaintzan, baina egoeraren pertzepzioan alde handia dago, desoreka hori oso modu desberdinaz bizi baita gizon ala emakumea izan: 10 emakumeetatik 1,3 kexu da etxeko zaintza ezin dutelako behar bezala partekatu, baina 10 gizonetatik 7,6ri, ordea, ongi iruditzen zaie. Nuria Varela kazetariak dioen bezala, maiz bizitza gizon heldu batekin partekatzeak lan gehiago ematen du adingabe bat bakarrik haztea baino.

Zerbait oso gaizki egiten ari gara lana eta bizitza ezkon ezin daitezkeen bi espazio direla behin eta berriro esan eta egoera emendatzeko modurik aurkitzen ez badugu. Ahoa bete egiten zaigu esaldi biribil baina hutsekin: talentua erakartzea hil ala bizikoa dela esaten dugu, enpresa-proiektuak pertsonen ekarpenaz baino ez direla arrakastatsu izango esaten dugu, baina errealitatea tematia da eta behin eta berriro esaten digu beste zerbait behar dela, bizitza ezin dela izan asteburuetan gertatzen den zerbait izan, edo soilik gizonei asteburuetan gertatzen zaien zerbait, hobeto esanda.

Bizitzaren prekarizazioa horretan ere ikusten da, nabarmen. Eta gaur hasita, oraindik gogorrago izango da, izan ere, uda usnatu dezakegu jadanik. Salbuespenak salbuespen, gutxi dira bi hilabeteko oporrak dituztenak, baina berdin dio: uztaila eta abuztua opor kategoriaren sinonimo dira gurean (kultura honetan, pribilegio hauekin bizi garen munduko izkina honetan, bederen). Noiz hasten dira oporrak? Haurrak izan ala ez izan, eskola amaitzen den unean. Eta egun berean, infernua ere hasten da.  

Eustaten txostenak zenbaki hutsak eta hotzak ematen dituela pentsa genezake, baina datozen bi hilabeteetan, askoz sakonagoak izango dira gure lanpostuekiko desafekzio-arrakalak, goizero-goizero galdetuko baitiogu gure buruari nola litekeen ezin bizi izatea bizimodua ateratzen saiatzen garen bitartean.

Gurean ohitura zen azken eskola-egunean, haurrak jaso baino lehen, kafea hartzeko elkartzea gelako amak. “Apocalypse Now” esaten genion arratsalde horri, gainera zetorkigunaz ongi jabetzen baikinen: alanbrearen gainean ibiltzea bi hilabete eta erdiz, ezinezko orekaren fantasia elikatzen genuen bitartean, erorikoa saihestu ezinik. Inkestek honek guztiak eragiten duen ezinegon eta frustrazioaren berri jasoko al dute noizbait? 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK