Dilistak, pijama bat edo arropa garbigailu bat berdin erosi ahal dituzun saltokian nenbilen liburuen apalategia arakatzen. Salduenen rankinga egiten dute bertan, eta lehenengo postuetan bi liburu mota: autolaguntza eskaintzen dutenak eta karrera profesionalean edo negozioetan aurrera egiteko modua irakatsi asmo dutenak. Arrakasta pertsonala eta profesionala agintzen duten liburuak, beraz, oso estimatuak dira, antza, berdin patatak, bularretakoak edo ile lehorgailu bat erosi ahal dituzun saltokietan.
Hurbil suertatu ahal zaizkigun pertsona batzuren arrakastaz hitz egiten du Jasone Osoro idazleak Arrakasta liburu berrian, oraintsu Elkarren argitaratutakoan. Hartu ditu euskal gizartean arrakasta profesionala izan dutela esan dezakegun hamaika profesional, euren ibildibdeaz eta arrakasta profesionalaz (eta pertsonalaz neurri batean) hitz egin du beraiekin, eta, aldi berean, hitzok bide ematen diote idazleari arrakasta zer den (edo zer ez den) hausnartzeko. Joxemari Agirretxe Porrotx, Eneko Atxa, Izaro Andres, Harkaitz Cano, Eva Domingo, Maider Egues, Jon Garaño, Aizpea Goenaga, Markel Irizar, Itziar Ituño eta Gorka Urbizurekin izandako solasaldietan aztertzen du arrakastatsutzat jotzen ditugun sortzaile horien haurtzaroa, izaera, aliantzak, kritikak, sabaiak, sormena, porrota eta, jakina, arrakasta. Alegia, arrakasta izatera iristeko bakoitzak jorratu duen bidea.
Bada osagai komun bat elkarrizketatu guztiengan: egindako lanari eman dioten denbora eta dedikazioa. Lanak baldintzatu du euren bizitza, lan asko egitetik iritsi dira arrakastara. Norbere ofizioa maite dutelako edo une jakin batean ofizio horren aldeko apustua egitearen ondorioz etorri da lan handia, eta baita ere, arrakasta, ez modu zuzenean beti. Hala ere, lana ez da, bakar-bakarrik, arrakastaren bermea. Autoezagutza, talentua, ausardia, terapia, pentsatzeari denbora dedikatzea, inozentzia, ilusioa, familia, taldea, aipatzen dituzte, besteak beste, lanbidean aurrera egiteko izan dituzten ezinbestekoak. Baita minak ere, ezin iritsiak, bertigoak, frakasoak eta norbere buruarengan konfiantza faltak.
Elkarrizketatu guztiek arrakasta lortu dute bere bizitzako uneren batean, bai sari garrantzitsu bat irabazi dutelako, bai saio edo sormen lan ezagun eta oso zabaldu bat ekoitzi dutelako. Baina, hausnarrera garamatza idazleak: behin arrakasta eskuratuta, esan dezakegu pertsona horiek pertsona arrakastatsuak direla? Ondorioztatzen du izan zaitezkela pertsona arrakastatsua besteen begietara arrakasta bezala ulertzen den hori lortu gabe. Ahal dela, dio, gustuko lana izatea, harreman sanoak eraikitzea, ingurukoak zaintzea, jakin-mina lantzea, sormenari zukua ateratzea izan daitezke, besteak beste, bizitza arrakastatsua izateko osagaiak. Pertsona moduan arrakasta izan dezakegu horrela. Beste kontu bat da komuneko papera, ardoa eta sukalderako katiluak berdin eros ditzakegun saltokietako apaletako liburuetan osagai horiek arrakasta izango ote luketen.