Urtero, martxoaren 8an, genero-berdintasuna eskubide-kontua izateaz gainera, behar dugun aurrerabidean urrats sendoak egiteko bidea ere badela gogoratzen dugu. Hamarkada franko daramatzagu ebidentziak biltzen, genero-berdintasuna eta genero-justiziak ahalbidetzen dituzten askotariko abantailak zerrendatzen. Ikerketa guztiek erakusten dute genero-aniztasuna bultzatzea funtsezko balioa dela enpresek eta erakundeek, adibidez, erabaki estrategikoak hartzeko orduan. Askotariko ikuspegiak dituzten erakundeek azkarrago lortzen dute berritzea, konplexutasuna nabigatzeko tresna gehiago eskuratzen dituztelako. Hobeto eta azkarrago ikasten dute. Badakigu berdintasuna ez dela eslogan bat: ikaskuntza kolektiboaren eta eraldaketaren motorra da.
Ez al da tristea? Hamarkadak daramatzagu berdintasuna onuragarria dela demostratzen, giza-eskubide bat aldarrikatzeko bestelako adierazleak ez direlako kontuan hartu ere egiten. Adierazle ekonomikoetan neurtzen dugu genero-berdintasunaren inpaktua, soilik hizkuntza horretan elkar ulertu ahal izango dugulakoan. Eskubideak ez dira defendatzen mesede egin edo onurak ematen dizkigutelako, eskubide direlako baizik, oinarri-oinarrizko duintasunak ekonomikoki zertan onuragarri izanik ez baitu.
Deseroso samarra izan beharko luke hain oinarrizkoa, hain agerikoa den zerbait adierazi behar izateak, baina ez dago beste erremediorik. Aurten, euskal erakundeek Ni feminista naiz lelopean antolatu dute Emakumeen Egunaren inguruko kanpaina, eta ni Bertolt Brecht-ek iragarri zigun aro eroaz gogoratu naiz: "Zein garai arraroak diren bizi garen hauek, lagunok, begien bistakoa dena ere defendatu behar dela”. 2025 honetan, aniztasun, ekitate eta inklusio politikei (DEI) buruzko eztabaida bete-betean sartu da zirrikitu guztietatik eta aspaldidanik zetorren erreakzio-olatua bere luze-zabalean kostaldera iritsi dela onartzea beste erremediorik ez dago. Ez da berria, baina orain ageri-agerikoa bilakatu da: urte askotako borroka, ikerketa eta lan nekagaitzaren ondoren lortutako aurrerapenek piku egiten dutela bagenekien.
Orain dela hiru urte justu, "Asintomatikoak" izenburuko iritzia idatzi nuen Berria egunkarian (osorik hemen irakur dezakezu, nahi izanez gero), itxurazko feminismoaren inguruan. Artikulu horretan, Ugandako kanpo-ministroaren kasua kontatzen zuen, baina beste hamaika antzeko kasu topa genitzake. Jeje Odongo jauna Bruselan bisita ofizialean zegoen eta hedabideen aurrean agerraldi publikoa suertatu zenean, Europako Batzordeko presidentea Ursula von der Leyenen aurretik pasa zen, bizkor, begiratu ere egin gabe. Zuzenean jo zuen Kontseiluko presidente Charles Michel eta Frantziako presidente Emmanuel Macronengana, "bere parekideen feromonak usnatuta bidea argi dakiten piztia basatien gisan", eta haiei bai, diosala eta adeitasuna erakutsi zizkien. Aginte-maila baxukoak izanik ere, bi gizonek ez zuten ezer arrarorik susmatu emakume presidentea bazter utzita. Nik bai eta harritu eta haserretu egin ninduen erreakziorik ezak, are konplizitate modu horrek. Horregatik, "feminista asintomatiko" deitu nien gisa horretako "aliatuei" (sic), mamian sartu beharrik ez dutela uste dutelako berdintasunaren gainazalean eroso sentitzen direnei, hain zuzen. Bada, hiru urte eta gero, oker nengoela argi ikusten dut: ez dira asintomatikoak, berdintasunaren negazionistak dira.
Martxoaren 8a ez da egun sinboliko bat, ez da sekula izan, haren indar sinbolikoa itzela izanik ere. Begien bistakoa dena aldarrikatzeko eguna izan da beti, aurten inoiz baino ozenago.