Athletic. Dena dago behar duen lekuan

Alex Berenguerrek penaltia sartu eta emozioen leherketa gertatu zen. Eromena Sevillan, bai La Cartuja estadioko harmailetan baita Athletic hirian ere; eromena San Mameseko barnealdean bertan zein kanpoaldeko zelaigunean; eta, zer esanik ez, Poza kalean, Santutxun, Zazpi Kaleetan edota Plentziako Astilleroko enparantzan ere, zeinean finala jarraitzeko pantaila erraldoia jarri zuen udaletxeak, Bizkaiko beste herri askotan bezalaxe.

Iker Muniain kopa altxatzen ikusi genuen eta segidan Ernesto Valverde entrenatzailearen aurpegia erakutsi zigun telebistako errealizadoreak. Belarritik belarrira irribarre zuzena, haren ezpainetan “Ufa! Zelako sentsazioa” edo irakurri zitekeen. Gizon lasaia, argazkilaria, kultura zalea oro har, gaur egungo futbol munduaren eguneroko zaratatik erabat aldenduta bizi ezin dena, baina futbolak bere bizitza baldintzatu ez dezan biziki tematzen dena. EITBren kazetari batek galdetu zion ea zer sentitzen zuen horrenbeste desiratutako kopa irabazita eta honelaxe erantzun zuen: “Lasaitasun handia. Dena egon behar duen lekuan dagoenaren sentsazioa, nolabait”.

Ostegun honetan, toki berdinean mugitu barik 40 urte luzez egon ondoren, Athleticen gabarra atera ahal izan da. Hirugarren aldia da, soilik, nahiz eta itsasontzi berezi honen jatorria 1924. urtetik datorren. Espainiako B kopako txapelketan Aceros de Olabeaga taldearen garaipena ospatzetik, hain zuzen. Finalean (Sevillan jokatu zena, gainera) 2-1 irabazi zion Osasunari. Atxuriko (Bilbo) geltokira trenez iritsi eta Olabeagaraino jaitsi ziren gabarra gainean jokalariak. Handik ezin ezagunago bihurtuko zen abestitxo herrikoi bat sortu zen “Nerbioi ibaiatik”.

1983an, orduko Athleticeko zuzendaritzako kide Cecilio Gerrikabeitiak proposatu zuen gabarraren irteera egitea eta bistan da bete-betean asmatu zuela. Oroitzapen lausoak izan arren, orduan oraindik sei urte ere ez nituen, gure amak arreba zaharra eta biok eraman gintuen Bilboko udaletxeko zubira eta hango baranda berdeari helduta geratu ginen denbora luzez. Jendea gure inguruan biltzen hasi zen eta ama beldur zen zubia eroriko ote zen. Barandaren kolore berdeaz gain, gure oinen azpiko uraren kolore marroiaz ere akordatzen naiz.  

“Honezkero nire amets eta eginbehar guztiak konplitu ditut eta ez diot heriotzari beldurrik. Nire arrangura bakarra izango zen, Athleticek titulu bat irabaztea eta nik hori ikusi ezin izatea.” Jose Antonio Nielfaren hitzak dira, “La Otxoa, sin complejos”  (2013) idatzi eta zuzendu nuen dokumentalekoak. Duela hilabete batzuk Jose Antonio erietxeratu egin zuten, bularreko angina batekin. Zorionez onik ateratzea lortu zuen eta, hortaz, bilbotar artista mitikoak Athleticen apirilaren 6ko garaipena ospatu ahal izan zuen.

Aurreko larunbatean, Athleticek kopa irabazi eta berehala, gure amama Maria Milikuaz akordatu nintzen. Ez zen bereziki futbolzalea, baina Athleticen golak ospatzen zituen, Plentzian botatzen zituzten petardoen eztanda entzuten zuen aldiro. Amamak kontatzen zidan Juanito Otxoa bere lehengusuaren istorioak. Ez nuen nik Juanito inoiz ezagutu baina amamak oso abegikorra eta bihotz handikoa zela esaten zidan. Athleticen entrenatzailea izan zen 1963-64. denboraldian eta, besteak beste, Carmelo Cedrun atezain historikoa hamaikakotik kendu eta Jose Anjel Iribar atezain gaztea egin zuen titular.

Orain gutxi elkarrizketa bat egin zioten Iribarri AEK-ren Aizu! aldizkarian. Bere kirol ibilbideko entrenatzaile guztien artetik (16 izan zituen guztira) bat aukeratzeko. Bada, Iribarrek “Juanito Otxoa” erantzun zuen, “nire aldeko apustua egin zuelako”.  Hori irakurri eta gero, dena egon zen egon behar zuen lekuan. 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK