Azokak: ekonomia, harremanak eta ezagutza sustatzeko unibertso paraleloak

Zientzia fikzioaren eta fisika teorikoaren munduan, unibertso paralelo terminoak geure unibertsoarekin batera existitzen diren errealitate alternatiboei egiten die erreferentzia. Unibertso paraleloek euren arau eta dinamika propioak dituzten heinean, ezagutzen dugun errealitatetik haratago doan ikuspuntua eskaintzen digute.

Bada, planteamendu hori azoken mundura ekarrita, metafora bera erabili dezakegu: azokek arreta handiz diseinatutako ingurune berdingabeak sortzen dituzte, betiere ekarpena egiteko grina oinarri izanda. Leku eta une jakin batean sortzen diren unibertso paraleloak dira azokak, eta euren sendotasuna agerikoa da. Izan ere, azokek sektore edo arlo batean jardun ekonomikoa, aurrez aurreko topaketa eta ezagutza optimizatzea ahalbidetzen dute.

Garapen ekonomikoari dagokionez, ukaezina da ekitaldi handi horiek inguruari ekarpen monetario garrantzitsua egiten diotela, izan zuzenean edo zeharka. Espainiako Azoken Elkartearen datuen arabera, 2023an 433 azoka egin ziren guztira. Datu horrek bere kabuz ez du nahikoa informazio aurkezten, baina beste hiru datu gehituta, azoken sektorearen dimentsiora hurbil gaitezke: 55.200 erakusketari, 6,5 milioi bisitari eta 13.000 milioi euroko inpaktu ekonomikoa. Zifra sendoak dira.

Topaketa bera ere, konexioa, ezinbestekoa da. Neurri handi batean, arrakasta hori interakzio esanguratsu direlakoak sustatzeko ahalmenean datza. Hain justu, azoketan sortzen diren harremanak ez dira azalean geratzen, konfiantza eta elkar-ulertzea baitituzte muin. Epe luzean iraungo duten harremanak sortu eta garatzeko aukera ematen dute, enpresa eta erakundeez ari garenean ere giza interakzioa dagoelako erdigunean.

Azoken emaitza onak azaltzen dituen hirugarren ardatza ere ezin dugu ahaztu: ezagutza hedatzeko gaitasuna. Merkataritza-elkartrukearen ideia ezinbestekoa bada ere, azoka askok jarduera paraleloen programa izan ohi dute osagarri. Hau da, hitzaldiak, erakusketak, aurkezpenak, mahai-inguruak, emanaldiak eta tailerrak arreta handiz pentsatu eta programatzen dira erakusketari zein bisitarien esperientzia aberasgarriagoa izan dadin.

Unibertso paralelo horietan, ekonomia, giza harremanak eta ezagutza ekitatiboki garatzen dira, gainera. Azokek korporazio handientzat nahiz enpresa edo elkarte txikientzat aukerak sortzen dituzte; nork bere produktu eta zerbitzuak baldintza berberetan erakusteko aukera du. Jakina, horrek bisitariari ere mesede egiten dio, leku bakarrean askotariko eskaintza eta soluzioak aurkitzeko aukera du-eta. Partaidetza demokratiko horretan datza gakoa eta, hain justu, unibertso paraleloek errealitateari egiten dioten ekarpenean. Funtsean, azokak ekitaldi hutsak baino, lurraldeari hiru dimentsioko balio erantsia ematen dioten espazioak dira.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK