Begiratzeko modu berri bat

Nazcako lautadan irudi erraldoiak egin zituen zibilizazioari buruzko ezer gutxi dakigu, baina are gutxiago genekien adimen artifizial bidez aurkitutako geogliforik aurkitu izan ez bagenu. Orain arte ezagutzen ziren geoglifoak handiak ziren, hamarnaka metroko lerroak zituzten, lurrean lubakiak eginez marraztu zituzten eta gehien bat animalia basatiak irudikatzen zituzten. Adimen artifizialaren bidez identifikatu direnak, ordea, askoz ere txikiagoak dira, gizakiak eta abereak irudikatzen dituzte eta erliebez eginda daude.

Entrenatu duten ikusmen artifizialeko ereduak, oso irudi gutxirekin (orain arte 430 geoglifo ez baitziren ezagutzen), antz handirik gabeko 303 geoglifo berri aurkitu ditu. Autoreek artikuluan azaltzen dutenaren arabera, irudi arruntekin aurreentrenatutako eredu erraldoi bati geoglifo zatiak erakutsi dizkiote eta hala ikasi du lerro esanguratsuak identifikatzen. Oso bereizmen handiko satelite irudiak erabili dituzte eta kontraste aldaketa finenak ere baliatu ahal izan dituzte.

Artikulu hau idazteko beta irudien kalitateak eman dit, hain zuzen ere. Oraingo honetan baldintzarik onenetan egin dira bilaketak, eskuratu zitezkeen irudirik onenetan oinarrituta. Baina egia al da izan zitezkeen irudirik onenak zirela?

Hain azkar eraldatzen ari garen mundu honetan atzoko satelite argazkiak ez du ziurrenik gaurko mundua islatzen. Garai bateko landak orain etxez, errepidez eta industriagunez estali ditugu, edota, kasurik onenetan, basoak berea zena berreskuratu du. Gauzak hala, gaurko bereizmen handieneko irudi horiek agian ez dira onenak arkeologia egiteko, baina posible da bereizmen baxuko argazki zahar batzuetan orain ezkutuan diren aztarnak antzeman ahal izatea. XX. mendearen hasieran hegazkinetatik mundua kartografiatzen hasi ziren horien argazkiak hartuko bagenitu, ezkutuko zein altxor aurkituko genuke?

Ondorioz, Nazcako geoglifoen aurkikuntzaz entzun nuenean sortu zitzaidan galdera hau da: zein datuk ematen digu historiaren lagin zabalena edo esanguratsuena? Eta erantzunik gabe, galdera hori berori historiako beste artefaktu guztien analisira pasa nuen: ikonografia erromanikoa ala duela mila urteko apezpiku momifikatuaren bereizmen handiko argazkia? XVIII. mendeko gutun sorta ala historialari modernoen artikulu zabal, zehatz eta zorrotzak?

Nazcako geoglifo berrien aferak galderen iturria zabaldu badit ere, bada argi uzten duen gauza bat: adimen artifizialean oinarritutako teknikek begi soilez antzemango ez genituzkeen gauzak erakusten dizkigute. Begiratzeko modu berri bat eskaintzen digute.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK