Aurreko astean, Bretxako arrandegian nintzela amarekin Iñigorekin topatu nintzen. Aspaldi ezagutu nuen Iñigo, orain hamar urte gutxi asko. Berekin zekarren kaixomaitia.eus atari digitala esplikatu zidan eta euskal komunitatean maitasuna eta ligoteo sanoa sustatzeko egiten ari zena. Ziklo ederra hasten zen orduan: .com-en eztandaren osteko susperraldi betean ginen eta Iñigorena bezalako plataforma asko loratzen hasi ziren une haietan, Euskal Herrian eta euskaraz, gainera.
Ni oso gazte nintzela ezagutu nituen susperraldi horretan arnasten zen gauzak egiteko grina eta pasioa. Ekitaldi, saio edo tailerretara joan, eta jendeak bazuen bere webgunea edo plataforma egiteko ideia, asmoa. Mundu bat zen gure aurrean, edozein sektoretan eta edozer eraikitzeko aukera eskatzen zuen mundua, eta gradua bukatzean hori probesteko hautua egin nahi nuela erabaki nuen. Haiek bezalakoa izan nahi nuen, teknologiaren laguntzaz proiektu berritzaileak egin asmo zuen ekintzaile bat.
Erromantizismo burbuila horretan ere baziren gaur egun lanean dihardudan Osoigo, Tropela eta beste kide batzuen proiektuak ere. Eskola hartatik edan nituen nire lehen jakin-min tantak eta piskanaka eraiki bide bat. Orain, ordea, bada teknologia munduan ematen ari den beste boom bat, adimen artifizialarena. Eta ez dakit foro desegokietan nagoen, baina ez dut orain 10 urteko grina eta ilusio bera nabaritzen jendartean. Akaso oraindik goizegi da teknologia gizartean bete-betean sartzeko. Akaso AAren bueltan izan diren zalantza eta kezkak eragindako beldurrak uxatu beharrean gara. Edo akaso ez da inoiz hura izan zena orain ere izango. Kontua da, adimen artifiziala gaur egun ezagutzen ditugun aukera, lana eta gizartea ulertzeko modua aldatzen ari dela. Hype gehiegi akaso? Uste dut hori ere egonkortzen ari dela, eta espektatibak altu mantentzeko nahikoa motibo badugula.
OpenAI O1en azken aurkezpena mugarri berri bat izan da adimen artifizialaren bilakaeran, adimen artifizialak lehenengo aldiz bere kabuz arazo konplexuak arrazoitzeko ahalmena izango baitu. Zein aplikazio dituen honek? Oraindik goiz da benetako ekarpena zein izan daitekeen jakiteko, baina badira lehenago aipatzen nituen ekintzaile motibatu asko beren proiektua eraiki nahian dagoeneko eta agian gehiagok egon behar genuke honetan.
Maila horretako disrupzio edo muturreko berrikuntza bat gertatzen denean, gizartean prozesu antropologiko eta kultural bat gertatzen da. 'Berrikuntzaren integratze kurba' bezala ezagutzen den prozesu bat ematen da. Lehenik, berrikuntza berehala ulertu eta barneratzen duten pertsonak egiten dute, arrisku eta jakin-minak bultzatuta. Ondoren, masa kritikoarentzat berrikuntza baliozkotzen duten eragin handiko taldeak iristen dira: unibertsitateak, telebista, pertsonaia ezagunak, etab. Jarraian, “gehiengo goiztiarra” deritzoguna: berrikuntzak dakarzkien onurak ikusi ondoren hartzen du teknologia, konfiantza bilatuz. Eta amaitzerako “gehiengo berantiarra” eta erabat atzean gelditu direnak: berrikuntza dagoeneko berrikuntza ez denean hartzen duten jendea.
Ni sinestuta nintzen dagoeneko bigarren fasean ginela, baina talde horiek eragiten ari diren errefusa ikusita, oraindik berrikuntzaren integratze kurbaren lehen fasean gaudela ondorioztatu genezake. Unibertsitatean, eta hezkuntzan oro har, beldur dira. Prentsan ez dira kritikak besterik entzuten eta galbidean diren lanak besterik zerrendatzen. Oraindik ez da erreferente sanorik ageri; Elon Musk eta Sam Altman besterik ez dira entzuten.
Diagnostikoa ez da batere itxaropentsua. Baina tira, orain hamar urte proiektu teknologikoak eraikitzen ari zen pertsona horietako bat bazara, ez kezkatu. Iñigok kaixomaitia.eus itxiko zuela aurreratu zidan, baina bazuela proiektuak eraikitzeko asmoa eta adimen artifizialaren bueltan asko informatzen ari zela. Teknologia horrek mundu berri bat jarri digu aurrean eta hura esploratzeko ilusio eta grina gehiago behar dugu. Nahitaez.