Betebehar gehiago enpresentzat: kanal etikoa. Erlojua martxan

2/2023ko legeak, Otsailaren 20koak (hizkera arruntan “Informatzaileen legea”), betebeharrak ezartzen ditu 50 langile edo gehiago dituzten enpresa guztietan. Kanal etikoa ezarri beharko dute salaketa-kanal gisa. Ildo horretan, gogoratu behar da 50 eta 249 langile bitarteko enpresek salaketa-kanala (barne-informazio sistema, kanal etikoa barne) ezartzeko duten epea 2023ko abenduaren 1ean amaituko dela.

Lege horren helburua da errepresalien aurrean pertsona babestea, zehazki, enpresaren arau-hauste edo ustelkeriaren inguruko ekintza edo ez-egiteetakoren bati buruz informatzen edo ohartarazten duenean. Era berean, erakundeen azpiegituretan informazio-kultura indartzea eta informazioaren edo komunikazioaren kultura sustatzea bilatzen du, interes publikoaren aurkako mehatxuak prebenitzeko eta hautemateko mekanismo gisa.

Horren ondorioz, enpresako edozein langilek kanal horren bitartez salatu ahal izango ditu legearen aurkako ekintzak edo ez-egiteak, eta arau-hauste penal edo administratibo larriak edo oso larriak izan daitezkeenak (adibidez, Ogasun Publikoari eta Gizarte Segurantzari dagozkionak). Eta ez bakarrik enpresa barruan dauden langileek; kontratua amaitu zaienek eta bekadunek —prestakuntza-aldietan dauden langileek— ere salatu ahalko dute, ordainsaria jasotzen duten edo ez kontuan hartu gabe, baita lan-harremana oraindik hasi gabe duten langileek ere, arau-hausteei buruzko informazioa kontratuzko hautaketa- edo negoziazio-prozesuan zehar lortu bada.

Kanal etiko hori indarrean ez jartzearen ondorioak oso latzak izan daitezke enpresentzat: 100.001,00 eurotik 1.000.000,00 eurora bitarteko isuna, enpresa pertsona juridikoa denean.

Bestalde, oraindik ez dago argi zelan uztartu behar den kanal etikoa berdintasun-planek ezartzen duten salaketa bideekin edo laneko jazarpen aurkako protokoloekin.

Enpresen kulturan eta eguneroko praktikan aldaketa sakona suposatuko du betebehar berri horrek, batez ere enpresa txikiagoetan, adibidez, 50 langile besterik ez daukanetan. Une honetan 50 langile baino gutxiago dauzkaten enpresetan ez da ezarri behar, baina kusi beharko da etorkizunean zer gertatzen den.

Bestalde, aspaldi ikusten ari gara enpresaburuek kalkulu eta orekak egiten dituztela 50 langileetara ez heltzeko, zenbaki horrek ondorio asko ekartzen dituelako (enpresa komitea sortzeko eskubidea, berdintasun-plana ezartzeko betebeharra....). Zentzu horretan kanal etikoa sortu beharrak ziurrenik joera hori indartuko du.

Eguneroko praktikan ikusten ari gara, enpresak oso atzeratuta daudela kanal etiko horren ezarpenean, suposatzen dutelako isunak ez direla aplikatuko lehenengo unetik. Baina errealitatea oso argia da: 2023ko abenduaren 1rako ezarrita eduki beharko dute. Tik-tak, tik-tak...

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK