Biharko grebaren inguruan

Bitxi samarra baina eraginkorra gerta daiteke oinarrizko eskubide den greba eskubidearen arautzea Espainiako Konstituzioan eta ondorengo legedian. Oharra uber konstituzional zaleentzako: greba eskubidearen kasuan ez da Konstituzioa hitzez hitz betetzen. Oinarrizko eskubideen barruko atalean kokatuta dagoen 28. artikuluak langileek bere interesak defendatzeko daukaten greba eskubidea aitortzen du. Eta ondoren dio eskubide hori arautuko duen legeak komunitatearen oinarrizko zerbitzuei eusteko beharrezko diren bermeak ezarriko dituela. Konstituzioak ezartzen du beraz lege (organiko) bitartez arautu beharko litzatekeela greba eskubidea eta eskubide honen mugak. Baina 1978tik gaur arte ez da egon nahikoa kontsentsu Espainiako Gorteetan grebaren arautzea eta, ondorioz, mugatzea, bideratzeko, eta ez da greba eskubidea garatzen duen legerik onartu.

Oharra gaztetasuna beste ororen gainetik balioztatzea boladan jarri dutenentzat: greba eskubidea, oinarrizko eskubideen nazioarteko hitzarmen eta adierazpenetan jasotzen dena, Espainian Konstituzio aurreko arau batek arautzen du, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Dekretu-legeak, ondoren Konstituzio Auzitegiaren galbahea pasata. Eta egituratzen da lan kontratupeko langile orok daukan eskubide moduan, aldi batean lana egiteari uzteko, bere defentsarako, edo lan helburu bat edo helburu sozioekonomiko baten sustapena egiteko. Espresuki jasotzen du Errege Dekretu-legeak grebak ezingo duela lan harremana iraungi arazi, eta greba egiten duen langileak ezingo duela zehapenik jaso. Grebak irauten duen bitartean lan kontratua etentzat ematen da, eta, hortaz, eten egiten da baita ere soldata jasotzeko eskubidea.

Greba eskubidea da, eta hemen hirugarren oharra, guztia arautu beharra aldarrikatzen dutenei bideratua, Espainian Konstituzio ostean garatuta ez dagoen oinarrizko eskubide bakarra. Baina aitortutako eskubide denez, funtzionatzen du. Ostera, biharko greba feministan aldarrikatzen den zaintza eskubide unibertsal eta komunitarioa, esango dute arauari hertsiki lerratuek, ez da oinarrizko eskubidea eta zer ote da feministak aldarrikatzen dihardutena.

Bada, eta bioa gaurko azken ohar hau grebak eurekin zerikusirik ez daukala pentsatzen duten guztientzako, feminismoaren aldarrikapenak lotura dauka bizitzeko eskubidearekin, norberaren askatasunerako eskubidearekin, berdintasun eskubidearekin, gizarte bizitzan parte hartzeko eskubidearekin, hezkuntza eskubidearekin, lan egiteko eskubidearekin. Eta eskubide horiek bizitza duinaren muina baldin badira, bermatu eta babestuko dituen aldarrikapen orok eduki beharko luke lekua arauetan, legeetan eta langile kontratupeko zein bestelako langile ororen eguneroko bizitzan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK