Edozein paper-zatik balio dit okurrentziak, ideiak eta hitzak lotzen dituen katean aurrera egiteko, baina behin lehen zirriborroa egindakoan, hitzak eta baita esaldi osoak ere zirrimarratu eta gero, forma txukuna eman arte ez da bukatzen. Paperean idazten duen horietakoa naiz, irakurle. Maiz ni neuk idatzitakoa ulertzeko zailtasunak ditut, bizkor edo mantso idaztean nire eskuko idazkera mordoilo hutsa izaten delako, baina ez du axola: zirriborroan ari zarela akatsak ez dira akats, gerora etorriko denaren entsegua baizik. Eskolari esker ikasi eta barneratu nuen "garbira pasa" kontzeptua eta ulertu nituen horren abantailak. Oinarri-oinarrizko zerbait da, baina nahi beste sofistikatu daiteke gaur egun, aurrerabide teknologikoei esker, eta zernahirako balia daiteke.
Hirietako "biki digitalak" bizitoki gero eta konplexuagoen zirriborro teknologikoak dira: nire idatzi traketsetarako bezalaxe, hiri-bizitza hobetzeko gerora garbira pasatuko diren zerbitzu edo hobekuntzak esperimentatzeko plataformak dira.
Hiriaren erreplika birtualak dira, datu geografikoak, demografikoak, sozialak, ekonomikoak, ingurumenekoak eta mugikortasunekoak biltzen dituztenak hiriaren egoera monitorizatzeko, politika publikoen eragina aztertzeko eta ebidentzietan oinarritutako erabakiak hartu ahal izateko.
Hiriak elkarrekintza konplexuen emaitza da: bertan bizi gara, bertan lan egiten dugu, sartu-irtenak egiten ditugu garraio-sistema desberdinak erabiliz; toki itxusiak eta atrakzio ikusgarriak dituzte eta baita segurtasun-arazoak dituzten guneak ere bai. Hiriek zerbitzuak eskaintzen dizkigute eta beharrizan desberdinei erantzun behar diete moldagarritasun handiz. Hala beharko luke, behintzat.
Bada, hainbat tresna digitalen bidez (sentsoreak eta app bat, adibidez), datu multzo handiak bildu daitezke airearen kalitateari, trafikoari, oinezkoen fluxuei eta biztanleen emozioei buruz. Datu horiek superordenagailuak erabiliz fusionatzen dira eta errealitate birtualaren bidez bistaratzen dira gero, interakzio konplexuak ulertu eta proiekzioak egin ahal izateko. Hirien kopia birtualak, "biki digitalak" esperimentatzeko plataformak dira, politika publikoak informatzeko eta, finean, ezarri aurretik egin beharreko entseguak egin ahal izateko tresnak. Hiriak berak sortzen dituen datuak denbora errealean jaso, sistematizatu, xehetu eta ereduak sortzen dituzte zirriborro baten, lehen urratsa baita garbira pasa aurretik.
Horren guztiaren abantailak begien bistakoak dira. Hiriak hobeto kudeatzea posible egiten dute, zerbitzu publikoen erabilera zentzuzkoa eta neurrikoa errazten dutelako eta baita karbono-isuriak gutxitzea, arriskuak prebenitzea eta bizi-kalitatea emendatzea ere. Datu-bilketa eskuragarria bada, gainera, herritarren parte-hartzea sustatzeko aukera ematen dute, gardentasuna, lankidetza eta konponbideak elkarrekin sortzea bultzatzen duen informazio- eta komunikazio-plataforma bat eskaintzen dutelako.
Erabakiak hartzeak arriskua dakar berekin bat, berez. Erabakia hartzen duena konfunditu egin daitekeela esateak pellokeria irudi lezake, baina askotan ahaztu egiten zaigu. Akatsa zigortzen duen gurea bezalako kultura baten zero arriskuaren edo ez-ekintzaren bidean goaz.
Ebidentziek ziurtasuna ematen dute eta, garrantzitsuagoa izan daitekeena, arriskatzen ausartzeko askatasuna eman dezakete. Gehiago —eta hobeto— arriskatzen ikasi behar dugu.