CES 2025: robotak bidelagun

Joan den astean Consumer Electronics Show (CES) egin zen Las Vegasen. Gailu elektronikoen azokarik handiena da eta industriak zein erabiltzaileek irrikaz itxaroten diete bertan aurkezten diren berrikuntzei. Hain zuzen ere, azoka horretan gailu elektroniko berritzaileenak aurkezten dira. Etxetresnen ekoizleek adimen artifizialdun etxekotresnak aurkezten dituzte, industriarako dron eta robot autonomoenak eta interaktiboenak aurkezten dira, mugikorren prototipoekin jolasteko aukera dago, punta-puntako ordenagailuak probatu daitezke eta gure bizitza ortzadarraren koloretakoa egingo duten tramankuluekin amestarazten gaituzte. Noizko saskitik arropa jaso, garbitu, lehortu eta lisatuko duen makina?

CES 2025 azokan aurkeztu diren makina asko zientzia fikzioa dira oraindik, arroparen kudeaketaren automatizazioa bezain besteko zientzia fikzioa, baina badirudi beste tramankulu eta laguntzaile robotiko batzuk etxera eramateko moduan daudela. IntBot enpresaren Nilo robota gizakiokin elkarreragina izateko entrenatu dute eta Mixi enpresaren Romi elkarrizketa-botak babes emozionala ematen du, ataza bakarrerako entrenatutako errobotez gain, noski.

Informazio gehiago CES 2025: xurgagailu adimendunetatik hasi eta filtratutako kontsoletaraino

Izan ere, badirudi gizaki-makina elkarrekintza egun errealitatea dela eta laster orokortuko dela. Etorkizuna orain da! Ian Pearson futurologoak aspaldi aurreikusi zuen robotekin dugun interakzioa handituz joango zela eta 2016an esan zuen emakumeek 2025ean sexu gehiago izango zutela robotekin gizonekin baino. Hori gertatzeko data 2025ean kokatu zuen. CES 2025ean ez dirudi horretarako robotik aurkeztu denik, eta aitortu beharra dago Ianen esanetan robot horiek aberatsenen eskura baino ez zirela egongo.

Hala ere, gakoa den kontu batean bete-betean asmatu zuen: robotek beste gizaki batzuek lortzen ez duten hurbiltasun emozionala eskaintzen dutelako gertatuko zela sexu robotikoaren gorakada. CES 2025ean gizakiok ulertzen eta balidatzen gaituzten robot mordoxka aurkeztu dira eta aurrerapen mekanikoen zain egotea baino ez dugu Ian Pearsonen profezia bete dela ikusteko.

Profezia egia bihurtu ala ez edo 2025ean edo 2050ean izango denentz ikusteko dago. Badugu, ordea, bitartean pentsatzekorik: benetan sozialki eta emozionalki hainbeste baldartu gara ezen, metal hotzezko robot batek guk baino berotasun gehiago eman diezaiokeen hurkoari?

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK