Dasgupta txostena eta naturaren balio ekonomikoa

Dasgupta txostena Biodibertsitatearen Ekonomiari buruzko berrikuspen independente eta globala da, Sir Partha Dasgupta ekonomia katedradunak (Cambridgeko Unibertsitatekoak) zuzendua. Erresuma Batuko Ekonomia eta Finantza Ministerioak eskatu zuen txostena 2019an eta 2021ean argitaratu ziren honen emaitzak.

Zaharrak berri? Artikulu honentzako aitzakia hauxe da: Partha Dasgupta ekonomialariak BBVA Fundazioko Ezagutzaren Mugak saria jaso du, “ingurumen-ekonomiaren oinarriak ezartzeagatik, bizitza ekonomikoaren eta ingurune naturalaren (biodibertsitatea barne) arteko interakzioan aitzindari diren lanak egiteagatik”.

Dasguptak bere bizitza osoa eman du baliabide naturalen ekonomia aztertzen. 1970eko hamarkadan argitaratutako artikulu batean berriztagarriak ez ziren baliabide natural askoren murrizteak ekonomian izan zezakeen eragin handia aztertu zuen. Bere hitzetan, begi-bistakoa zen hori ez zen kontuan hartzen epe luzerako plangintza-azterlan nagusietan.

Baina itzul gaitezen Dasgupta txostenera. Hori ez da izan, noski, naturak hornitzen dituen ondasun eta zerbitzuen balioa identifikatu eta kuantifikatu duen txosten edo azterketa bakarra. Adibidez, TEEB (The Economics of Ecosystems and Biodiversity) txostena Aniztasun Biologikoaren Hitzarmenaren testuinguruan garatu zen eta 2009an argitaratu zen. Horri aldizkari akademikoetan argitaratutako milaka azterlan eta bestelako txosten gehitu behar zaizkio.

Naturaren balorazio ekonomikoak kritikak ere jaso ditu. Natura izugarri konplexua da, eta moneta-balio batera murriztea engainagarria izan daiteke. Ekosistemen onura asko, hala nola balio kultural eta espiritualak, ezin dira erraz neurtu dirutan. Gainera, balorazioa ikuspegi antropozentristatik egiten dela argudia daiteke, naturak berez baitu balioa, eta ez gizakioi ondasunak eta zerbitzuak ematen dizkigun neurrian soilik. Kontuan hartu behar da, halaber, sarritan komunitate pobreenak direla naturarekiko mendekotasun handiena dutenak, eta, beraz, balorazioak eragin banatzaileak izan ditzake. Edonola ere, balorazioa baliagarria izan daiteke naturaren onurak ikusteko. Ekosistemak beste inbertsio mota batzuekin alderatzen direnean, azpiegiturekin adibidez, askotan haien balioa zero dela onartzen baita inplizituki.

Dasgupta txostenak balorazio ekonomikoa erabiltzen du gure ekonomiak, gure bizimodua eta ongizatea naturaren mende daudela agerian uzteko. Eta harago doa, esanez kolektiboki porrot egin dugula naturarekin harreman iraunkorrak jartzeko orduan. Txostenaren hitzetan, gure eskariak nabarmen gainditzen ditu naturaren hornitzeko gaitasuna, eta horrek arriskuan jartzen du egungo eta etorkizuneko belaunaldien oparotasuna. Txostenaren arabera, porrot instituzional orokor baten aurrean gaude, eta irtenbide bakarra dago: gu —eta gure ekonomiak— naturan integratuta gaudela onartzea.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK