Etorkizuna beti izan da itxaropena pizten duen enigma bat, baina baita beldurra edo ziurgabetasunaren motibo. Teknologiak aurrekaririk gabeko abiaduran aurrera egiten duen mundu honetan, gaurko gizartea bidegurutze baten aurrean aurkitzen da: mundu justuago bat eraikitzeko aurrerapausoak aprobetxatzea edo indibidualismoaren eta deshumanizazioaren tranpan erortzea. Inoiz baino gehiago eta indartsuago, guk geuk erantzun behar diogu dilema honi.
Aurrera begiratzean, zaila da automatizazioa eta adimen artifiziala nagusi diren etorkizuna ez irudikatzea. Lehen gizakientzat gordetako lanak egiten dituzten robotak, algoritmoek gobernatutako hiriak eta pantailen bidez gero eta gehiago bitartekatutako bizitzak irudikatzen ditut. Teknologiaren promesa handia da: eraginkortasuna, azkartasuna eta arazo konplexuetarako irtenbide berritzaileak bilatzeko tresna izatea. Hala ere, ikuspegi edo anbizio horretan, bidea sigi-sagatsuan izan daiteke askotan, eta pausu oker bat emanez gero, norantza aldatu eta pikutara joan daiteke dena. Teknologiak, batu beharrean, azkenean isolatu egin gaitzakeenaren arriskuari aurre egiten ikasi behar dugu. Esaterako, sare sozialak eraiki beharrean, benetako giza interakzioak desagertzeko arriskuan daudela dirudi, eta horien ordez berehalako jakinarazpen eta mezuz betetako bizitzak eraiki ditugu. Hau gutxi ez eta gizarte-desberdintasunak areagotzen ari gara aurrerapen teknologikoetarako bidezko sarbidea ziurtatzen ez dugulako, eta ezagutza eta baliabide teknologikoak esku gutxitan kontzentratzen ari dira gero eta gehiago.
Beldur horiek gorabehera, etorkizuna ez dugu idatzia: mihise zuri bat da, eta gu gara protagonistak. Teknologia, izatez, ez da ona, ezta txarra ere; erabiltzeko moduaren araberakoa da dena. Hemen dugu aukera paregabea: pertsonen zerbitzura egongo den biharra diseinatzea, eta ez alderantziz. Hezkuntzak berebiziko garrantzia du bide horretan. Imajina ditzagun eskoletan haurrek teknologia erabiltzen ikasteaz gain, teknologia hori zalantzan jartzen, ulertzen eta etikaz eta arduraz moldatzen ikasiko dutela. Giza balioak –enpatia, elkartasuna eta talde-lana– tresna digitalak menderatzea bezain garrantzitsuak izango direla; eta hezitzaileek belaunaldi berriak prestatzeko aukera izango dutela, etorkizunera egokitu, eta kontzientziaz eta gizatasunez heziko dutela.
Azkenik, eta hain ezbaian jarri den teknologia defendatuz, justizia sozialerako zubia eta tresna paregabea izan daitekeela esaten amaitu nahi nuke. Digitalizatutako mundu batean, ezagutzarako eta partaidetzarako sarbidea demokratizatzeko aukera dago, urrutiko komunitateak guk ditugun hezkuntza-baliabideekin konekta ditzakegu, lankidetza-sare globalak eraiki, eta lehen entzuten ez zitzaienei ahotsa eman dakiekegu. Baina guzti hori posible izango da baldin eta tresna horiek helburu argia badute: gizartea ahaldundu, kohesionatu eta geure bizitzak babestu.
Imajina dezagun, eraginkortasunean ez ezik, hiri adimendunek giza ongizatean ere arreta jartzen duten, datuak ez diren manipulatzeko erabiliko, eta jasangarritasuna, inklusioa eta herritarren parte-hartzea sustatuko duelako. Sare sozialak ez dira etsaia, mugikorrak ez dira etsaia eta pantailak ere ezin ditugu arerio izan. Ikasteko, harremantzeko, lan egiteko…teknologiak baldintzak aldatu ditu, eta hauekin baliatzen ikasi beharra dugu. Ez egin muzin, ez baztertu; ikas dezagun hauekin harremantzen eta modu egokian erabiltzen.