Desastrearen aurrean

Hau idazten dudanean, urriaren 29ean Valentzia hegoaldeko L’Horta Suden gertatutako uholdeen eta hondamendiaren irudiek komunikabideak betetzen dituzte. Ordu gutxi batzuetan, 300.000 biztanle dituen eskualde batek ikusi zuen nola uraren indarrak aurretik eramaten zituen 200 bizitza baino gehiago (desagertuen kopurua askoz ere handiagoa da), milaka pertsona esku hutsik utzita, dena galdu dutelarik. Errepideek, trenbideek, lantegiek, azpiegiturek, e.a. ere kalte ugariak jasan dituzte. Galerak milaka milioietan zenbatuko dira eta berreraikuntzak, baliabide eta denbora ugari beharko ditu. Adibide gisa, kontuan har dezagun 2021ean Alemaniako mendebaldean izandako uholdeek (196 hildako) 30.000 milioi eurotako kostu ekonomikoa izan zutela.

Katastrofeak eta desastre naturalak ziztu batean ematen dira ,eta (askotan) ezustean gertatzen dira. Tokiko eragin mugatu baina zeharo hondatzailea izan dezakete. Hala ere, ondorio horiek munduan zehar zabal daitezke, 2022an Tonga-Hunga sumendiaren erupzioak agerian utzi zuen bezala. Gure errealitate geroz eta elkar konektatuagoak eragin horien hedapena bultzatu egiten du. Edozein kasutan, hondamendien talka ekonomikoa handia izaten da, lokalizatua eta bat-batekoa, eskualde baten jarduera anitzei eraginez: ekoizpen jarduera guztiak bertan behera gelditzen dira, eta kontsumoa zeharo murrizten den arren, eskasiak eta hornikuntza arazoak eman daitezke. Gaitasun produktiboak narriadura handia pairatzen du, eta berreraikuntzak inbertsioarentzat eta suspertze ekonomikoarentzat aukerak eskaintzen baditu ere, giza kapitalaren errekuperazioa ez dago bermatuta: hasiera batean hondamendiaren eszenatokitik behartuta alde egin duen biztanleria sarritan ez da bueltatzen, eta behin-behineko populazioaren murrizketa iraunkorra bilakatzen da. New Orleansek, adibidez, bere populazioaren %30 galdu zuen Katrinaren ondorioz: 1,5 milioi pertsonak alde egiten zuten, eta hainbat urtetan ez ziren bueltatu. Horrek ondasun eta zerbitzuen eskaria ahuldu egiten du, errekuperazioa eta berreraikuntza mantsotuz. Baina hondamendiak sortutako uhin hedakorra ez ditu bakarrik ondorio materialak. Gizarteak erakundeenganako duen sinesgarritasuna eta konfiantza ere kolokan jar daiteke.

Katastrofe batek gure antolakuntza politiko, sozial eta ekonomikoaren konplexutasuna eta zaurgarritasuna agerian uzten du. Ongizatearen estatuaren funtzioetariko bat zaurgarritasuna murriztea izan da, eta horrelako egoeratan, kaosa eta suntsiketak nagusiak direnean, estatuari begira jartzen gara, umezurtz. Estatuaren erantzuna behar dugu, eta erantzun hori mantsoa denean frustrazioa sortzen du. Ezjakintasunez eta arriskuz geroz eta josiagoa den testuinguru honen aurrean, derrigorrezkoa da estatuak bere burua prestatzea premiazkoak diren egoera horiei aurre egiteko. Hala ere, horrelako gertakarien ezohikotasunak (Nassim Nicholas Taleb filosofoak “beltxarga beltza” bezala bataiatu zituenak) gastu publikoen murrizketaren defendatzaileen zaindariak ahotsa altxatzea ekar dezake: hain gutxitan (agian inoiz ez) erabiliko diren egiturak eta ekipamenduak finantzatzea, ez da al da baliabide publikoen erabilpen ez eraginkor bat? Hobe inoiz ez erabiltzea, noski, baina bere momentuan pandemiak eta azken egunotan uholdeek, garbi utzi dute probabilitate baxua baina inpaktu izugarria izan dezaketen gertakarien aurrean, gure burua prestatzearen kostua ondo erabilitako dirutza dela. Ez dadila izan erakundeen gaineko konfiantza lokatzak arrastaka eramango duen beste zerbait.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK