• IRITZIA
  • Dinosaurua esnatu egin da, baita geu ere
Kazetaria eta komunikazio-aholkularia

Dinosaurua esnatu egin da, baita geu ere

2025eko apirilaren 8a
Eg. 2025eko apirilaren 8a
pilar kaltzada

Aditz laguntzaile xumea besterik ez da, baina ez dabil horregatik guztion ahotan. Woke hitza adiera politikoarekin erabili zen lehen aldia (nik dakidala) Lead Belly blues eta folk abeslari afroamerikarraren 1938ko abesti batean aurkitzen da. Scottsboro Boys abestian, arrazakeria judizialeko kasu bat aipatzen du eta honakoa aholkatzen du: "I advise everybody, be a little careful when they go along through there – stay woke, keep your eyes open"; erne egon hortik pasatzen direnean, esna egon, begi-zabalik eutsi. Kantutegian ez bada ere, abestiak bere lekua irabazi du Historiako liburuetan. Eskubide zibilen aldeko borrokan ere hitzetik hortzera ibili zen 1960ko eta 1970eko hamarkadetan, eta 2010etik aurrera, Black Lives Matter mugimenduak hauspotuta, aro berri baten sartu zen, geroztik feminismoa, deskolonizazioa eta ingurumenaren defentsa bezalako borrokak barne hartzen dituen kontzientzia sozial kritikoaren ikur bilakatuta. 

 

Kosta egiten da ulertzea nolatan iritsi garen gaur egungo adierara. Duela ia ehun urteko aktibistak gaur egun berpiztuko balira, Augusto Monterrosoren ipuinean bezala zera esango lukete: "Eta esnatu ginenean, dinosauroa hor zegoen oraindik". Izan ere, zaintza- eta justizia-adierazpena izatetik, zuzentasun politikoaren gehiegikeria, identitatearen gurtza edo balio tradizionalen aurkako mehatxua bilakatu nahi izan dute. Gaur egun, woke hitzaren bidez zer esan nahi den —nork esaten duen eta zergatik— ulertzea garai historiko hau islatzeko modurik argiena iruditzen zait: eztabaida sinbolikoaren aroan, hitzak lubaki dira. 

Trumpek ezarri dituen muga-zergek harresi ukigarria altxatu dute: muga ekonomiko gogortuak, tentsio komertzial berrituak eta, geurea bezalako herrientzat, mundura irekitzetik bizi direnentzat, oztopo berri sakonak ekarri ditu plazara. Aztoratuta gabiltza, eta ez da gutxirako: orain arteko ordena inperfektua kaos perfektua bilakatu da bat-batean. Joan den asteburuan, AEBen bertan milaka herritar irten dira kalera zentzugabekeria horren aurrean protesta egiteko, baina gaur-gaurkoz ez da begi hutsez ikusten kalapita honetatik ateratzeko bide artazik. 

 

Harresi ekonomikoa handia izanik ere, ez da soilik zifra edo balantze komertzialetan oinarritzen. Bere benetako oinarriak ideologikoak dira: identitatearen atzera egitea, ordena sozialaren ikuspegi autoritarioa eta mundu baten aldeko nostalgia arriskutsua, non gutxi batzuek bakarrik erabakitzen zuten zeinen bizitzak ziren axola zirenak. Izan ere, hizkuntzari, eskubideei eta sentsibilitate berriei buruz eztabaidatzen ari ginenean, hor jarraitzen zuten —geldirik, trinko eta boteretsu— aldaketari eusten dioten egiturek: arrazismo sistemikoak, matxismoak, ingurumen-desberdintasunak, desberdinarekiko mespretxuak. Iratzartzeak ez zituen horiek guztiak desagerrarazi; xaxatu egin zituen.

Atzera bidean jotzen duen haizea ez da erretorikoa, eta ez da presidente ahobero baten diskurtsoetan edo muturreko botoetan adierazten. Batzar aretoetara ere iristen ari da. Azken hilabeteetan, nazioarteko korporazio handiak aniztasunarekin, inklusioarekin edo iraunkortasunarekin dituzten konpromisoak modu diskretuan edo agerian ezabatzen hasi dira. Berdintasun-politikei zuzendutako sail osoak murriztu edo itxi egin dituzte. Duela hiru urte eskas ostadarraren koloreekin egoitzak argiztatzen zituzten multinazionalak, gaur egun "posizionamendu" gisa irakur daitekeen edozein keinu saihesten dute. Isilbidezko kontsigna argia dela dirudi: sinesmen gutxiago, isiltasun gehiago. Dinosaurua ez dute esnatu nahi, antza. Alferrik izango da, Historiak erakutsi baitigu mundu ikuskera bat inposatzea helburu duten dinosauruak lo arinekoak izan ohi direla.  

Eta honen aurrean, zer? Bada, iritsi da egiaren unea eta horixe espero dugu erakunde nahiz enpresengandik: beren egia. Urteetan aldarrikatu diren balioak, inklusio-programak, iraunkortasun-konpromisoak eta aniztasunaren aldeko mezuak nortasunaren parte ote ziren, ala merkatuaren haizearen norabidearen arabera hartu eta utzi zitezkeen aukera estetiko hutsak? Laster jakingo dugu, zintzoa dena presiopean ere mantentzen baita. Erne jarraituko dugu, esna, awake