Egiten ikastera

Ekainak beti du hausnarketarako astia. Ekainean pultsoa jaitsi eta ikasturteak eman dituenak errepasatu, barneratu eta ikasteko hilabetea izaten da. Hala egin dut nik ere asteotan, baina hezkuntzan murgilduta aritu naizenez, horri eman diot irakurtzeko, ezagutzeko eta pentsatzeko tartea. Hezkuntza oraintxe oso presente dut nire arlo profesionalean, eta azken asteetan izaten ari naizen esperientzia eta ezagutza berriak medio, hezkuntzaren bueltako liburuetan egin dut parada.

Liburu eta ezagutza hauetatik hainbat hausnarketetara eraman naute pentsamenduek. Hezkuntza prozesu estatikotzat jo izan dugu askotan, baina azken urtetan izan duen bilakaera izugarria izan da, beti teknologia eta ezagutza berrien eskaeretara egokitzeko. Globalizazioak eta teknologiak aurrera egiten duten mundu honetan, funtsezkoa da belaunaldi berriak prestatzeko modua irudikatzea. Eta horretan dihardute pedagogo, hezitzaile eta zuzendaritza taldeek. Ez da nahikoa oinarrizko ezagutza —matematikak, hizkuntzak, historia, natura, etab.— irakastea; orain, inoiz baino gehiago, trebetasunak sustatu behar dira, norbanakoek etengabe ikasten, bere egiten eta egokitzen ikas dezaten. Despertad al diplodocus liburuan edota beste autore batzuek ere nabarmendu dute banakoak lan baterako ez ezik, bizitzarako ere prestatzearen garrantzia. Hezkuntzaren ikuspegi holistiko horrek ortzimuga zabaltzen du, eta muga berriak irekitzen ditu hezkuntza-sistemak maila globalean hobetzeko.

Teknologia eta adimen artifiziala etengabe garatzen ari den honetan, pentsamendu kritikoa eta sormena bezalako trebetasun bigunak garatzeko beharra ere nabarmenduko nuke. Baina ez naiz ari zeharka lantzen diren horiez; zuzenki eta ikaste-egutegian sartu beharreko trebetadunez ari naiz. Nola? Proiektuetan oinarrituta. Lan tradizionalak egokitzeko eta etengabe ikasteko gaitasuna eskatzen duten rolak orain artekoa ordezten ari diren mundu honetan entrenatzeko modu onena ikasketen lehen etapetatik berau egitea da: egiten ikastea.

Bestalde, gure herrialdetik oso urrun, Microsoft, Apple eta Google bezalako enpresa teknologiko liderrak hezkuntza dominatu nahian dabiltza. Hezkuntzaren garrantzia oso ondo ulertzen dute, eta beste arlotan askotan baino inbertsio handiagoak egiten ari dira trebetasun horiek sustatzen dituzten hezkuntza-programetan. Enpresa horiek, teknologiaren etorkizuna moldatzeaz gain, hezkuntzarena ere moldatzen ari dira, ikaskuntza eraginkorrago eta dinamikoagoa errazten duten berrikuntzak integratu nahian.

Argudio gehiago mahaigaineratze arren, gaur egungo teknologia sektoreko lanpostuen %70 ez zen existitzen hamarkada bat lehenago, agerian utziz lan-merkatua azkar aldatzen ari dela, eta ikasleak oraindik ezagutzen ez diren rol edo lan-postuetarako prestatzeko premia dagoela. Adimen artifiziala eta automatizazioa ere industria osoak iraultzen ari dira, eta horrek erronka eta aukera handi bat dakarkio hezkuntza-sistemari. Horretarako egoeraren makroirakurketa bat egin beharra dago eta lehenbailehen edukiak erakustetik egiten irakastera egin beharko dugu ikasketa-zentro guztiek trantsizioa. Batzuk dagoeneko ari dira.

Hezkuntza hedatzen ari da, urtez urte %10 mundu osoan. Hedatze horrek XXI. mendeko beharretara egokitzen den kalitatezko hezkuntzaren aldeko eskaera gero eta handiagoa islatzen du. Unibertsitateak eta beste hezkuntza-erakunde batzuk teknologia eta metodologia berriak integratzen ari dira, ikaskuntza-esperientzia hobetu eta irakasketa lehiakorrari eusteko.

Aurreko guztiak botata, erraz esan nezake orain hezkuntzak eraldaketa behar duela, eta bidea ez dela erraza izanen; eta hala da, hezkuntza oso politizatua dagoen sektorea baita, eta benetako eraldaketa bat emateko, ezagutzarik ez dutenek elkar ulertu eta ados jarri behar dutelako. Inplikatutako alderdi guztien etengabeko konpromisoa eskatzen du: gobernuena, hezkuntza-erakundeena, enpresena eta, oro har, familiena. Estrategia berritzaileak ezarri behar dira, hezkuntza-prozesua hobetzeaz gain, ikasleak prestatu ere egin ditzaten etorkizun zalantzagarri eta etengabe aldatzen ari den errealitate bati aurre egiteko. Edukiak ikastetik —edukiak infinituak eta emanak datozkigulako—, egiten ikasterako trantsizioa behar dugu, datorkiguna datorkigula heldu eta geure egiteko. 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK