Eguzkira gehiegi hurbiltzea

2025eko apirilaren 24a
Eg. 2025eko apirilaren 24a
arianda romans 58 600x600

Lagunekin hitz egiten dudanean denok ondorio bera ateratzen dugu: baliabideak falta zaizkigu. Ideiak, egitasmoak eta gauzak egiteko gogoa badugu, baina horiek garatzeko baliabideak falta zaizkigu. Ziur aski, munduan beste norbait arituko da lagunekin hizketan baliabideak soberan dituztela eta ez dakitela zer egin haiekin esanez, eta beste lagun talde bat lau sos irabazteko egunerokoan zer gehiago egin ez dakitela esaten.

 

Ni burgesia txiki gainkualifikatuaren belaunaldikoa naiz. Gure gurasoen posizio soziala dela eta, unibertsitate onetan eta prestakuntza oso altuan sartu ahal izan garen pertsonak, aberatsak izan gabe. Gizarte gatazka eta hezkuntza metodologia berri guztietan hezia izan den belaunaldia, baina baliabide mugatuak eta kontraesanez betetako bizitza izan duena: gure gurasoen baby boomer pentsamoldearen eta etorkizuna beti hobea izango den promesa eta munduko arazoen kontzientzia oso handia duenaren artekoa. Emaitza, espero bezala, osasun mentalari lotutako arazo handia da, eta aisialdiko jardueren gorakada izugarria, eguneroko presioen distrakzioak bermatzeko.

"Garrantzitsua da ulertzea arazoak zenbateraino ez diren pertsonalak, egiturazkoak baizik, baina kontzientzia horrek ez digu ezer konpontzen, ez bada ekintzen bidez pizten"

Bereziki haserretzen nau gazteek jada ez dutela ezeren kontzientziarik, denagatik kexatzen garela eta lan gutxi egiten dugula esaten denean. Eta are gehiago haserretzen nau ordu eta erdiko gosariak egiten dituzten, unibertsitatetik irten zirenetik kontratu finkoa izan duten edo beti familia enpresan lan egin duten pertsonek esaten dutenean. Edo are okerrago, ondasun handiak heredatu dituzten errentariak edo, bizitzako beste edozein ondasunengatik, egoera ekonomiko zailik izan ez duten pertsonak. Lehen bizitza errazagoa zen, eta nahiak txikiagoak. Nahi baduzu egin dezakezula edo amesten baduzu dena posible dela dioen falazia hori murtxikatu gabe irentsi genuenetik, ito ez ezik, inor leku osasungarrira eraman ez duen auto-suntsipenaren espiral batean sartu gara.

 

Oso erraza da hainbeste ez kezkatzeko eta gauza txikietan zoriontasuna bilatzen saiatzeko gomendioa ematea. Bai, daukaguna baloratzen ikasteak tristura une batean lasaitzen lagun diezaguke, baina ez digu alokairua ordainduko. Garrantzitsua da ulertzea arazoak zenbateraino ez diren pertsonalak, egiturazkoak baizik, baina kontzientzia horrek, ekintzek pizten ez badute, ez digu ezer konpontzen. Eta azken urteotan irakurri, prestatu, hezi eta pertsona askoz kontzienteago bihurtzeko egin dudan ustezko aurrerapen pertsonalaren ostean, kontzientzia hori benetan leku desiragarria ote den zalantzan jartzen hasi naiz orain gutxi. Eguzki erraldoi bat besterik ez ote den, Ikaroren mitoan bezala, fede handiegiz hurbiltzen diren gazte haien hegoak erreko dituena. Ona al da gizarte honetan funtzionatzen ez duen guztia zehatz-mehatz ezagutzea, edo gomendagarriagoa al da errealitate inperfektu bat onartzea eta gai jakin batzuetan zentratzea? Ez dago argi gure kontzientziak eta errealitatearen gehiegizko analisiak nola egingo gaituen zoriontsuago edo askeago; baina argi dago ezer onik ezin dugula atera eguzkira gehiegi hurbiltzetik.