Ekintzaile tematiei

Ekintzailetzaren bidean, iraunkorra eta tematia izatea bereiztea erronka handienetako bat da. Lehen begiratuan antzekoak diruditen arren, bi ezaugarri horien arteko bereizketa funtsezkoa da proiektu baten arrakasta edo porrota atzemateko. Iraunkortasuna eta burugogorkeriaren arteko marra oso fina da, baina zeharo kontrako ondorioak dituzte proiektu ekintzaile bat hasterakoan eta hauen arteko diferentzia xehatzen ahaleginduko gara hurrena.

Iraunkortasuna helburu baten bilaketan tinko mantentzeko ezinbesteko trebetasuna du ekintzaileak, baina behar denean egokitzeko eta estrategia aldatzeko malgutasun nahikoa duena. Izaera iraunkorra duten pertsonak normalean ez dira ideia edo metodo bakar bati lotzen, zabalik daude ideia berriak esploratzeko eta ikuspegia behar adina aldiz aldatzeko, funtzionatuko duen irtenbide bat aurkitu arte. Esate baterako, ideia bat merkaturatzen saiatzen garenean, bezero potentzialekin probatu eta hasierako ideiak ez badu aldaketarik sufritzen, seinale txarra. Ideiak edo iritziak egokitzeko eta eboluzionatzeko gaitasun horrek bereizten ditu iraunkorrak eta tematiak. Normalean azken hauek, burugogorkeriaz ez dira benetan merkatuan balio dezakeen hori atera eta indartzen.

Pertsona iraunkor batek aldiz, badaki feedbacka baloratzen eta hobetzeko tresna gisa erabiltzen du. Kritikak eta arazoak arretaz entzuteak aukera ematen die ikuspegia indartu eta estrategiak hobetzeko. Kritika errepikakorrak —eta honekin bigarren ezaugarri garrantzitsua azpimarratzera noa— abagunetzat ikusi behar dugu ekiten ari garenean. Lehen aldiz esaten digutenean idatzoharra egin, baina behin eta berriz errepikatzen hasten bada, hobe kritika edo iritzi horiek gure proiektu edo idearioan txertatzen baditugu. Ikuspegi ireki eta harkor horrek, berrikuntza errazteaz gain, ideiak loratu eta eboluzionatu dezaketen testuingurua eskainiko digute.

Aitzitik, burugogorkeriaren ezaugarri nagusia aldaketarekiko erresistentzia eta ideia berriak onartzeari uko egitea dira; edo bestela esan da, egoskorrak izatea. Setatiek beren hasierako metodoei eutsi nahiko diete, nahiz eta metodo horiek eraginkorrak ez direla edo kaltegarriak direla frogatu. Feedbackari entzungor egin, eta jatorrizko ideiekin aurrera egiten dute, euren bidea zuzena dela sinetsita. Halakoak ezagun ditugu guztiok eta hobe zenuke halakorik lantaldean edo bazkidetzat baduzu lehenbailehen ohartu eta beharrezko erabakiak hartzea. Egoskorkeriak ez du bakarrik hazkunde pertsonala mugatzen, proiektuak eta taldeak gelditzera ere eraman dezake, eta hobetzeko eta egokitzeko aukerak baztertzean, pertsona hauek arriskuan jartzen dute proiektuaren arrakasta.

Tematiak normalean ideia batekin maitemintzen dira, baina maitemindu beharrekoa konpondu nahi dugun arazo edo erronka izan behar du. Askotan, beti ez bada, suposizio okerretan oinarritutako ideiak eraikitzen ditugu hasieran, eta merkatuak “ezetz!” esanda ere, gure ideia lausengatu eta bere alde borrokatzen dugu etengabe. Horregatik, arazoaz maitemindu edo obsesionatu —kontzeptuaren zentzu onean— behar gara, eta ez konponbideaz. Arazoan daude erantzunak, arazoan daude ideiak. Arazoetan oinarritu gabeko enpresa asko jaiotzen dira ideia bat saltzen dutenak, baina konponbiderik eskaintzen ez dutenak. Zertarako sortzen dira enpresak munduan dauden arazoei irtenbide edo konponbideak eskaintzeko ez badira?

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK