Ekitaldi, kongresu eta ekimenak bueltan dira euskal herri eta hiriburuetan. Pandemian galdutako denbora berreskuratzeko nahian, mota guztietako ekitaldiak antolatzen ari dira han eta hemen. Kultura arloan dabiltzan profesionalei galdeginez gero, “gainezka” daudela esango dute, publikoaren erantzuna bikaina izaten ari dela zuzenekoetan.
Kirol arloan ere antzeko dabiltza. Orain gutxi ospatu berri den Behobia-Donostia eta Maratoiaren balantzea izugarria izan da, antolatzaileen hitzetan. Izugarrizko partaidetza izan da, eta badirudi, pandemia osteko lehenak diren arren, datozen urteetan partaidetzak gora egingo duela kirol ekitaldietan, antolatzaileek diotenez.
Herri askotan ez dago asteburu bakar bat non ekitaldiak egiten ez diren. Donostian, esaterako, udan eta ondorengo hilabeteetan astebururo izan da ekitaldi aipagarriren bat. Jazzaldia, Zinemaldia, Musika Hamabostaldia, gastronomia kongresua, Klasikoa, Behobia-Donostia, Maratoia… etengabeko eskaintza zabala izan dugu bertakoentzat eta kanpotik datozen bisitarientzat. Horietatik batzuk udal mailan antolatu dira, eta beste batzuk, berriki aipatu ditudanak, nazioarteko super ekitaldien pare egon dira.
Herri mailan egiten diren ekitaldiek eragin zuzena dute ekonomian eta herritarren artean. Normalean herritarrek herritarrentzat antolatuak izaten dira eta oso agerikoa da inguruan eragiten duten inpaktu sozial edota ekonomikoa. Baina zer dakigu beste ekitaldi horien inguruan? Zein da herrian uzten duten arrastoa? Eragindako inpaktuaz eta ekarpenaz dihardutenean, nola neurtzen dute? Zein dira beren metrikak?
Herri mailatik haratago hedatzen diren ekitaldien ekarpenaren kalkulua egitea oso zaila izaten da. Ekitaldi edo astealdien biharamunean prentsaurrekoa izaten da, non balorazio kualitatibo eta kuantitatibooa egiten den, ia beti modu positiboan.
Etekin sozial eta ekonomikoez dihardute guztiek: hirira erakarri duten bisitari kopurua, bete dituzten hotel, hostal eta turistei bideratutako ohe kopuruak, hiriak mundu mailan izan duen irudia eta nola ez, hirirari egindako ekarpen ekonomikoa. Ekarpen ekonomikoa bai, baina zein da “hiriari” horren atzean dagoena? Hiriari egindako ekarpenaz ari direnean, hiriko nori egiten zaio ekarpena? Ostalaritzari? Hotelei? Udalari? Turismo arloko gainontzeko ekonomiari? Ez dut zalantzarik. Gero eta nazioarteko ekitaldi gehiago izan, orduan eta ekonomia gehiago ekarriko die hiriko zenbait eragileri. Aitzitik, zein da herritarrei egiten zaien ekarpena? Zer irabazten du horretatik guztitik herritarrak?
Oraindik ez dut ezagutu ez Donostian eta ez inon herritarrentzat ekonomikoki onuragarria izan den super ekitaldirik. Ezinezkoa da! Horrelako ekitaldiek ez dute herritarrengan ekonomikoki positiboan eragiten; alderantzizko efektua eragiten dute edozein kasutan. Hiri edo herriarekiko erakargarritasuna areagotu, prezioak igo eta bizitza garestitu besterik ez. Ekitaldiek epe luzean duten eraginean jarri beharko genuke arreta eta gure esku dagoen guztia egin herritarren bizi-baldintzak eta ekonomia zaintzeko.