Ekonomia giza premiei erantzuteko baliabideak eta lana antolatzeko sistema da. Ez da beharbada burura etorriko zaigun ekonomiaren lehen definizioa, baina uste dut ez duzuela zalantzan jarriko zentzua duela. Adibidez, garapen ekonomikoaz hitz egiten dugunean, giza beharrei erantzun hobea emateari eta hobeto bizitzeari egin beharko genioke erreferentzia.
Ezin dugu gizarte bat, mundu bat, pentsatu bere sistema ekonomikoan pentsatu gabe. Era berean, ekonomia hainbat eskalatan irudikatu eta aztertzen dugu: globala, eskualdekoa, komunitate mailakoa, antolakundearena, familiakoa, norbanakoarena, etab. Edozein delarik eskala, sistema ekonomiko bat etikoki ebaluatzeko orduan kontuan hartu beharko genuke nola ematen dion erantzun sistemaren barneko premiei, eta halaber beste guztian zein eragin duen bere jarduerak eta ereduak. Adibidez, sistemaren mugak gainditzen dituzten injustizia patriarkalak edo kolonialak azaleratu, edo beste muturrean, aurrerapen feministak edo dekolonialak mahaigaineratu.
Batzuetan ahaztu egiten dugu ekonomiaren zentzu etiko hori eta ekonomiarekin zerikusia duen guztia kritikatzen dugu. Onartzen dut kritikoak izan behar dugula, baina betiere gizartearen antolaketak irizpide ekonomikoei erantzun behar diela kontziente izanik. Horretarako, adierazle eta irizpide ekonomikoak beste era batera formulatu behar ditugu, horien bidez barneko premiei ematen zaien erantzuna, kanporatutako inpaktuak eta, jakina, efizientzia aztertu eta ebaluatu ahal izateko. Kontu oso konplexua da hori, eta ohar moduan aipatzen dut hemen, ekonomiaren eraldaketan aurrera egiteko gauzen zerrendarako, horretan askoz lan gehiago egin behar baita. Orain badirudi, batez ere, zentzugabekeriak, bidegabekeriak eta ezintasunak justifikatzeko balio duela ekonomiak.
Izan ere, ekonomiaren zentzu etikoa ahaztea, eta horren ondoriozko gaitzespena ere, naturala da, egungo testuingurua markatzen eta zeharkatzen duten logiketan giza beharrak lehen mailan jartzen ez dituzten ekonomia antolatzeko eta enpresa egiteko moduak ezartzen baitira.
Dena jaten duen, eta ingurune naturala, bizimodu bizigarriak eta lotura komunitarioak suntsitzen dituen munstro handi gisa azaldu dute hainbat intelektualek gure sistema ekonomikoa. Gaur egungo sistema kapitalista globalak dena irensteko gaitasuna du, hartzen diren ia erabaki guztiek, asmo onekoak direnak ere barne, munstroa elikatzea, eta haren logikak indartzea eragiten dutelarik.
Sistema ekonomikoa egunero ari da modelatzen, mikro-eraldatzen, milaka eta milaka erabakiren bidez. Gure lanean eta lanbideetan hartzen ditugunak, adibidez. Baita erabiltzaile eta kontsumitzaile gisa ere. Edo ez-erabiltzaile edo ez-kontsumitzaile gisa ere. Antolakundeetan egiten diren apustuen bidez, zer jarduera garatuko den, zer premia beteko diren eta nola, edota negozio- eta finantzaketa-eredua zein den erabakitzeko orduan. Politika publikoei buruzko erabaki bakoitzaren bidez (diseinuari dagozkionak zein egikaritzeari dagozkionak): jartzen diren mugak, zer saritzen eta sustatzen den, zer debekatzen eta zigortzen den, zer eskubide unibertsalizatzen diren, nola finantzatzen diren eta nola babesten eta hornitzen diren eskubide horien bermea gauzatzen duten ondasun eta zerbitzuak. Erabaki horien guztien konkrezioak eta elkarrekintzak sistema eraldatzen du.
Ezin gara sistematik kanpo kokatu. Alternatiba ekonomiko bati buruz hitz egiten dugunean, ez gara ari, beraz, sistematik kanpo alternatiba bat sortzeaz. Kontua da gure agentzia-ahalmena dugun tokian erabiltzea. Ez uztea inertziek eta erantzun errazek gida gaitzaten. Borrokatzen saiatu behar gara oso argi dugunaren alde, ezagutza eta esperientzia handia dugun horren alde. Errealitatean zer gertatzen ari den bistatik ez dugu galdu behar. Estali gabeko premiak eta arazoak aztertu behar ditugu. Aukerak aztertu. Une honetan zein eragile eta zein logikatan ari diren ikusi. Benetako alternatibak, bideragarriak, biziak, errealitateari itsatsiak ikertu. Erabaki zeri ekingo diogun eta den-denari aurre egiteko asmoa baztertzea.
Gauzak beste era batera egin ditzakegu, nagusi diren logiken aurrean desberdinak diren mikro alternatibak sortuz, modu kontzientean bestelako logika batzuetan oinarriturik, eta horiek posible eginik, eta horrela beste sare eta interkonexio batzuk elikatuko direlarik bestelako egiteko modu batzuekin.
Antolakunde asko, batez ere Ekonomia Sozial eta Solidarioari lotutakoak, ahalegin handia egiten ari dira beste logika batzuei erantzuteko, eta elkarrizketarako eta gogoetarako gune partekatuak behar dituzte batak bestearengandik ikasteko eta enpresa eta antolakundea egiteko moduak kolektiboki aztertzeko, nagusi den sistemak bultzatzen gaituenaz bestelako logiketan. Enpresetan eta antolakundeetan potentzial eraldatzaile handia dago. Kritikatzen dugun testuinguru berean txertaturik dauden eragile ekonomikoak dira, baina eragiteko tartea dute. Izan ere, keinu bakoitzarekin, saiakera bakoitzarekin, lorpen bakoitzarekin, egingarrien errepertorioa elikatu eta haztea da kontua (Marina Garcés-i hartu diot esamoldea; repertori de possibles bere ahotan). Eta zentzuzko ekonomia, justiziara eta talde-potentzialaren garapenera bideratua garatzea.