'En garde', Lagarde

Niko Cuencak hemen adierazitakoari tiraka nator. Lagarderen belarriak tentetu ditu bono periferikoen prezio jaitsierak, alegia, arrisku sarien handitzeak. En garde jarri da Lagarde, larrialdi bilera egin eta EBZren hurrengo etxekolanari heltze aldera.

Bi helburu edo nahi kontrajarri behintzat badituzte Frankfurten mahai gainean: batetik, interes tasak igo, inflazioa baretzeko, atzeraldi ikaragarririk eragin gabe. Bestetik, gobernuen zorra erosteari utzi (edo erosketak murriztu); kontu publikoak orekatzera jo dezaten estutu bai, baina estatuok ito gabe. Eta, hori ere, atzeraldi ikaragarririk eragin gabe.

Ia mugagabeko zor erosketa praktikatu du EBZk hainbat urtez eta, interes tasa oso apalen iluntasunean, itsuek zein begibakarrek berdintsu ikusten zuten, alegia, apenas ezer. Moneta politika normalizatu eta, zorpetuenek etxekolanak egiten hasi behar duten garaian, ordea, merkatuek argi dute Espainia edo Italia ez direla Herbehereak edo Alemania. Eta arrisku ezberdinari prezio ezberdina ezarri nahi diote, normala denez. KPIren arabera, pentsioak igotzea politikoki edonork egin lezake. Beste kontu bat da kontu publikoak orekatzeko ahalegina, gastu murrizketa edota zerga igoeren eskutik.

Arrisku sariak berpiztu dira beraz eta, merkatu hutsaren eskutan, moneta batasunaren josturak tenkatzen dira. Alegia, 2012 gertatu bezala, estatu handi bi (demagun Italia eta Espainia) euren zorraren kostuari aurre egin ezinik baleude, euroaren beraren jarraipena dago jokoan. Draghik “egin beharreko guztia egingo zutela eta, sinisteko berari, nahikoa izango zela” bota zuen. Jendeak sinetsi zion horratik.

Lagarde andereak zerbait egingo duela iragarri du. Mekanismo batean bi kontuak orekatu behar ditu, ordea: gehiegizko gastatzaile diren estatu horiek disziplinara ekarri, horretarako pizgarriak emanez (defizita eta zorra murriztu ditzaten) eta, bestetik, itotzeke estutu. Alegia, maila batean lagundu, baina bestetik betebehar edo helburu batzuk ere ezarri. Onargarri zaizkion arrisku sariak finkatu beharko ditu esplizituki edo inplizituki EBZk, eta estatu bakoitzaren gehienezko zor onargarria zein duen ere zehaztu beharko du.

Gehiegizko zorra ez izaten saiatzen bazarete, etxekolanak eginez gero, zor hori merke antzean atera dagizuen lagunduko dizuet (EBZren zor erosketen bidez). Baina (nik nahi bezala edo neurri batean) saiatzen ez bazarete, EBZk ez du zuen zorren erosketarik eginen eta berau garestixeago atera dagizuen utziko dut, zuei itolarria eraginez, lanak emanez, interes tasen ordainketa hazkorren eskutik. Intxaurrondo politika deituko genukeena, Amets Arzallus eta biok: astindu bai, baina ahal dela enborra erabat suntsitu gabe. Eta mahaiaren beste aldean, Italia eta Espainia. Ez esan ez denik beldurrezko filma baten hasierarako abiapuntu ona. En garde, gainerakook ere!

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK